Testuliburuen doakotasuna
Mailegutza probatuko du Lakuak datorren urtean
Testuliburuak kudeatzeko proposamenaz mintzo ziren atzo, Gasteizko Legebiltzarrean. Hezkuntza sailburu Tontxu Camposek maileguaren sistema oinarri duen plana azaldu zuen, datorren ikasturtean indarrean jarri eta 2013an amaituko litzatekeena, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxe publiko eta itunduetan ezarrita egon ostean. Horrek gastuen %25eko kanona aurrez ikusten du, erabilera egokia bermatzeko.
GASTEIZ
Hilabeteak zain egon ostean, testuliburuak kudeatzeko Lakuako Gobernuko Hezkuntza Sailak egin duen proposamenaren nondik norakoak ezagutu zituzten atzo Gasteizko Legebiltzarreko taldeek, Tontxu Campos sailburuarekin eskutik. Maileguaren formula aukeratu dute. Modu horretan, «aukera-berdintasuna» bermatu nahi dutela esan zuen, «zuzentasun politiken bitartez gizarte-kohesioa bultzatzeko». Era berean, «alferrikako» kontsumoa baztertu eta jokabide «iraunkorrak» bultzatu nahi dituzte. Familiek, erabilera egokiari buruzko kanon gisa, urtero, testuliburuen kostu osoaren %25 ordaindu beharko dutela aurrez ikusten da. Camposen aburuz, familien ekarpena «beharrezkoa» da liburuari balioa emateko eta, aldi berean, haiek zain ditzaten. Zazpi epetan banatuta dago plana. Datorren ikasturtetik aurrera abiatuko litzateke, programa esperimental bat eginda, programa ebaluatu, baldintzak zehaztu, eta ondoren, beharrezkoa ikusten diren erregulazio-elementuak sartuko direla adierazi zuen sailburuak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan barrena banatuta dauden 50 ikastetxe publikotako Lehen Hezkuntzan ezarriko lukete. 300 ikasgelak eta 5.100 ikasle inguruk parte hartuko dutela aurrez ikusten dute.
Erosketa eta kudeaketa
Liburuen erosketa eta kudeaketa honako hau izango litzateke: familiek nahi duten liburudendetan erosi ahal izango dituzte liburuak. Horretarako, ikastetxeek aukeratutako testuliburuen zerrenda emango diete. Behin liburua erosita, ikastetxeek gastuak ordainduko dizkiete. Liburu horiek ikasle bakoitzari maileguan utziko dizkiote. Ikasturte amaieran, itzuli eta erabilera egokiaren kanona ordaindu beharko dute. Modu horretan, liburuen egoera zein den eta berriz erabiltzeko moduan dauden ikusiko du jarraipen eta kudeaketa batzordeak. Ez badituzte liburuak zaintzen, arazoa konpontzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko ahalmena izango du; adibidez, gurasoei liburuen balioa ordaintzeko exijitu ahal izango die. Liburu bakoitzak lauzpabost urte iraungo duela aurrez ikusten du Camposek, Lehen Hezkuntzako lehen zikloan izan ezik. Orduan urtero berrituko dituzte, «liburuen ezaugarriek hala eskatzen dutelako». Lakuako Gobernuko Hezkuntza Sailak, bitartean, testualiburuak eta material osagarria erosteko dirua emango die ikastetxeei. Esleitutako ikasturtearen hasieran ordainduko dute. Aldi esperimentala amaitutakoan, lortutako emaitzen berri emango duela aipatu zuen Camposek. Ondoren, 2009-2010eko ikasturtea bitartean, ikastetxe publiko guztietan programa ezartzen joango dira. Azkenengo hiru urteetan, berriz, itundutakoen txanda izango da. Argitaratzaile eta saltzaileek ahalik eta kalte txikien izatearren eta aipatu denbora horren buruan mailegua ikastetxe publiko eta itundutako guztietan ezarrita egoteko, sei urte iraungo du. Sistema horren kostua 45 milioi baino handiagoa izango da. Haatik, 18 milloi inguru berreskuratuko ditu Lakuako Gobernuko Hezkuntza Sailak erabilera egokiari buruzko kanona dela-eta. Hezkuntza sailburuak aditzera eman zuen proposamen horren bitartez, besteren artean, honakoa bultzatu nahi dutela: testuliburuetan eta material osagarrian familia-gastua murriztu; errenta baxuenak dituzten familiek hezkuntza doan izan dezaten ahalegindu; material didaktikoa zaintzea eta erantzunkizuna sustatu eta baliabideak berriz erabiltzearen eta birziklatzearen kultura.
PP izan ezik denak ados
Oro har, Camposek planteatutakoarekin ados agertu ziren talde parlamentarioetako ordezkariak, PPkoak izan ezik. Alderdi horretako legebiltzarkide Ińaki Oyarzabalen ustez, aurkeztutako proposamana «iruzur» bat baino ez da. Doakotasunean «ez sinistea» leporatu zion Hezkuntza sailburuari. «Liburu berriak eta doakoak eskaini» behar direla eta, horretarako, zuzeneko laguntzak eman behar direla nabarmendu zuen. Baina sistema horren ordez, testuliburuak «erabiliak eta zaharrak» izateaz gain, «familia batenak inoiz ere ez direla izango» deitoratu zuen. Era berean, proposamena «berandu»datorrela jakinarazi eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa «atzean» geratuko direla ohartarazi zuen. Isabel Celaak (PSE) bere taldea «pozik» dagoela helarazi zion Camposi. Alde horretatik, hasten den ibilbidean bere taldeak lagunduko duela nabarmendu zuen. Azkenik, familiek «onura sozial bat» izatea lortuko dela aipatu zuen. Itziar Basterrikak (Ezker Abertzalea), berriz, ezarritako epea ez ote den luzeegia galdetu zuen. Alegia, sei urte igaro behar izatea maileguaren sistema ikastetxe guztietan ezarrita egoteko. Hezkuntzaren eskubidea unibertsala dela eta, beraz, erakundeek horri erantzuteko «betebeharra» daukala gogorarazi zuen. Epe pilotua eta «ateak irekita» ikusten diren heinean, printzipioz, erantzuna «egokia» iruditzen zitzaiola adierazi zuen. Hala ere, oraindik aztertzeko denbora behar duela gaineratu zuen. Aintzane Errenazok (Aralar) ere ildo beretik jo zuen. «Interesagarria» iruditzen zaiola adierazi zuen eta maileguaren alde azaldu zen. Erabilera egokia deritzoten kanonarekin ere ados agertu zen, baina %25 «agian» larregi izan daitekeela esan zuen. Sistema modu unibertsalean ezartzea ez ote den «egokiagoa» galdetu zuen, «desberdintasunak ez sortzeko». Leire Corrales (EAJ) eta Idoia Cuadra (EA) ere Tontxu Camposen alde jarri ziren. «Ziur guztion artean onuragarria izango den eredu batean adostuko garela», esan zuten. Europa osoan erabiltzen duten sistema
Maileguaren formula erabat hedatuta dago Europako herrialdeetan zehar. Norvegian, Islandian, Finlandian, Suedian, Danimarkan, Luxenburgon, Holandan, Belgikan, Erresuma Batuan, Estatu frantsesean, Italian eta Alemanian erabiltzen dute sistema. Herrialde gehienetan testuliburuak doan dira derrigorrezko hezkuntzan, eta erosteko diru laguntzak ematen dituzte derrigorrezkoa ez den Bigarren Hezkuntzan. Ikasleek maileguan jasotzen dituzte testu-liburuak eta ikasturtea amaitutakoan bueltatu behar dituzte. Grezian, dohainik dira eta Hezkuntza Ministerioak argitaratzen ditu. Bertan, eskuarki, testu- liburu bat dago arlo bakoitzeko. Eskualdeetako Lehen eta Bigarren Hezkuntzako zuzendaritzekin eta testuliburuak argitaratzeko erakundeekin batera kontrolatzen dituzte. -
|