Argitaratzaile-elkarte eta liburu-saltzaileen egoeragatik kezkatuta
GASTEIZ
Testuliburuak kudeatzeko proposamenean adosteko hezkuntzako hainbat arlo eta argitaletxerekin izandako bilkuren berri eman zuen atzo, Gasteizko ganberan, Tontxu Camposek. Hiru talde kontsultatu dituzte: zuzendarien elkarteak, gurasoen elkarteak eta argitaratzaile eta liburu saltzaileen elkarteak.Azken horiek kritikoak dira maileguarekin. Egungo egoera kolokan jarriko duela uste dute. Horixe bera helarazi zieten Gasteizko Legebiltzarreko taldeei iragan hilabetean. Egoera bideratu nahian izandako bileretan, euren ustiapen-kontuei buruzko datuak eskatu zaizkiela azaldu zuen Camposek. Orain arte, argitaletxe bakarraren erantzuna baino ez duela jaso esan zuen. Lakuako Hezkuntza sailburuak adierazi zuenez, argitaratzaile eta liburu saltzaileek salmenten egungo statuta mantendu nahi dute, oraingo egoerari eutsita edota liburu-txartelaren bitartez, PFEZn zergak arinduta edo bestelako modu batean. Maileguak euskal argitaletxeak desagertzea ekarriko lukeela, eta euskara eta euskal kultura arriskuan jarriko lituzkeela uste dute, euskal curriculuma hezkuntza-sisteman egotea eta euskararen transmisioa bermatzen ez direlako. Euskal kulturan argitaletxeek «funtsezko papera» bete dutela eta «irtenbidea» eman beharko zaiela esan zuen Ezker Abertzalea taldeko Itziar Basterrikak. Aurkeztu duen proposamenarekin egoera «zuzendu» daitekeela erantzun zion.
Zuzendari eta gurasoak
Zuzendarien elkarteak, Sarean eta Bihe, maileguaren alde agertu dira, baita EHIGE guraso elkarteak ere. Bi talde horien iritziz, sistema horrek ingurumenaren iraunkortasuna du helburu, eta familiek dirua aurreztu ahal izango dute. Lehenengoak, gainera, teknologia berriekin lotzen du. Kudeaketa-arazoak sortu daitezkeen beldur dira, testu- liburuak gordetzeko altzariak beharko dituztelako. Arazoari irtenbidea bilatu diote. Familiak arduratuko dira liburuak erosteaz, ikastetxeak izan beharrean. Arloekin lanean jarraituko duela esan zuen Camposek.
|