GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-06-01
Ikastolako guraso erdaldunen haurrak laguntzeko hitzaldia
«Burasoen eginbeharrak, murgiltze sistema batean eskolatuak diren haurren laguntzeko orduan» hitzaldi-eztabaida antolatu du Baionako Hiriondo ikastolak ostiralerako, 20.30ean, Polo Beyriseko herritarren zentroan. Guraso ohien testigantzak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Itziar Idiazabalen eta Seaskako pedagogoaren hitzak izanen dira.

BAIONA

Baionako Polo auzoan den Hiriondo ikastolako ikasleen guraso gehienak erdaldunak dira. Orotara diren 45 familia ingurutik hiru soilik dira guztiz euskaldunak. Hori ikusirik, ikastolako Euskaraz Bizi taldeak, beste hainbat ekimenekin batera, gurasoak ikasketa zentroko dinamikan sartzeko hitzaldi berezia antolatu du biharko.

Ikastolako gurasoek osatzen duten Euskaraz Bizi taldeko kide Pantxika Martin-Lesgourgues-ek argi ikusten du haurrak laguntzeko beharrezkoa dela gurasoak ikastetxeko bizitzan sartzea: «Gurasoei erakutsi nahi diegu parte-hartzea izugarri inportantea dela haurra elebidun bilaka dadin, ikastolan ongi izan dadin eta haurrak ere parte har dezan».

«Ohartu gara Poloko ikastolan gurasoen inplikazio txikia zegoela, eta hori nabaritzen genuen ikastolaren bizitzan. Gurasoak dira mintzaldiaren mamia; beraz, gurasoen ikuspegitik emanen da», agertu zuen Martin-Lesgourgues-ek. Poloko ikastolan hitzaldi horren beharra sentitzen zela adierazi zuen Euskaraz Biziko kideak: «Gurasoek aipatzen dute kezkak badituztela seme-alaben ikasketak segitzeko; ez dute argi ikusten nola laguntzen ahal duten haurra berak erdaldunak izanik. Ez dira beti ausartzen irakasleei esaten, baina gurasoekin berekin mintzatzea errazagoa da».

Gakoa den gurasoen partehartzeaz gain, beste bide batzuk ere badirela nabarmendu zuen Martin Lesgourgues-ek. Hauek aipatu zituen besteren artean: «Euskara balioztatzea; nahiz eta euskara ez jakin beti egiten ahal da zerbait, adibidez goizean ikastolara heltzean euskaraz agurtu haurra».

Testigantzez gain, informazioa ere emanen dute mintzaldian. «Ikusi dugu guraso anitzek ez dakitela murgiltze sistema zertan datzan, horregatik gonbidatu dugu Seaskako aholkulari Amaia Kolina. Berak hitzaldi txiki bat emanen du eta Seaskako historia laburbilduko du; pedagogia sistema zein den eta helburuak eta egitasmoak zeintzuk diren ere azalduko du» jakinarazi zuen Euskaraz Biziko kideak.

Informazioa, baina ikuspegi teorikotik, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle Itziar Idiazabalek emanen du. «Itziarrek bere mintzaldia zenbait punturen inguruan antolatuko du. Murgiltze eredu elebiduna zer den azalduko du; bigarren hizkuntzaren bitartez ikasten diren ikasgaiak ongi ikasten ahal direla; ikastolako haur gehienen lehen hizkuntza den frantsesarekin zer gertatzen den azalduko du bai eta euskara bigarren hizkuntza delarik atzerriko hizkuntzak ikasteko ahaleginak egiteko gaitasuna badela. Bestetik, ikasleentzat eta irakasleentzat lana zailagoa izanik ahaleginak merezi duen argituko du, bai eta heziketa elebidunak izan ditzakeen arazoak. Arazorik ez dagoela ondorioztatuko du», azaldu zuen.

Guraso erdaldun bat ikastolako presidente

Hitzaldiko muina gaur egun 27 urte dituen ikasle ohi bat eta bere familia izanen dira. Euskararekin ia inongo loturarik ez zuen familia frantses batek Ipar Euskal Herrian ikastolen eredua sortzen ari zen garaian seme-alabak murgiltze ereduan sartzea erabaki zuen. Hasieran euskaldunak ziren beste gurasoekin integratzeko zailtasunak izan bazituzten ere, ikastolako dinamikan sartu ziren seme-alabak laguntzeko, eta azkenean aita ikastolako presidentea izan zen. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Las hipotecas cada vez pesan más
Euskal Herria
Grande-Marlaska aplaza su decisión hasta que comparezcan los ocho mahaikides
Ekonomia
El Euribor subió en mayo hasta el 3,308%
Ekonomia
Ikea abrirá un nuevo centro comercial en Baiona para la primavera de 2009
Ekonomia
Bové: «Los beneficiarios de la PAC y la OMC son las multinacionales»
Mundua
Resurge medio año después el fantasma de la revuelta de las barriadas francesas
Kirolak
Nadie pudo seguir el latigazo de Gil
Euskal Herria
Batasuna estima que la iniciativa del PSE es un avance importante
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea