GASTEIZ
Ezker Abertzaleak taldeko legebiltzarkide Itziar Basterrikak eta Julian Martinezek Herrizaingo Batzordetik alde egin zuten atzo Javier Balzaren jarrera salatu eta beren desadostasuna agerian uzteko. Maiatzaren hasieran, PPk egin zion galdera bati erantzunez, Ertzaintzak Auzitegi Nazionalari ustez Batasunarekin lotura zuten 40 lokali buruzko datuak igorri zizkiola esan zuen Javier Balzak. Erantzun parlamentario hartan, dena den, ez zuen zehaztu informazio hori noizkoa zen, hots, egungoa ote zen edo aspaldikoa.Ezker Abertzaleak lau galdera egin zizkion: «Ea zein irizpide izan dituen datuak Auzitegi Nazionalera igortzeko, Batasuneko kide ohiak sartzea ea delitua den, froga zehatzak badituen eta ea txosten horiekin es- kubideak bermatzen diren uste duen».
«Egungo testuinguru errepresiboan sartu ditugu galdera hauek. Oso kezkatuta gaudela eta Balzaren jardunbidea guztiz arbitrarioa dela eta ezker abertzalea kriminalizatzea helburu duela azaltzen saiatu naiz baina Jose Antonio Rubalkabak bitan eten nau», esan zion GARAri Julian Martinezek.
Ertzaintzaren txostena «testuinguru berri honetan» sartu izana «hutsegite larritzat» jo zuen sailburuak. «‘Etorkizuneko aukerak eta testuinguru berria’ aipatzean hutsegite larria egin duzue edo gezurretan ari zarete», esan zuen Balzak.
Argudio gisa, aipaturiko txostenak 2002ko irailekoak zirela eta egun Ertzaintzak ez duela «inolako informaziorik» helarazi zuen. «Edo ez zeunden horren jakinaren gainean edo hau antzerki hutsa da zeren, jada, gai horretaz 2002an mintzatu nintzen Legebiltzarrean. Zer- nolako testuingurua zegoen orduan? Ez zen oso ona; tamalez ezaguna zen», gaineratu zuen.
Martinezen hitzetan, emandako erantzun horrekin «arazoa estali» nahi izan du. «Beti egiten duen moduan, ardura bes- teoi egotzi digu. Ezker Abertzaleak bota nahi zuen mezua oztopatzen saiatu dira; Rubalkabaren jarrera horren adibide da. Balzak, berriz, ez dio gaiari heldu nahi izan».
«2002. urteko kontua bada, Legebiltzarreko Mahaiak ez zukeen gure agerraldi eskaera onartuko. Aipatzekoa da gainera, PPk eta guk gauza bera ulertu genuela», nabarmendu zuen. Herrizaingo Batzordetik alde egin aurretik, Ezker Abertzaleak Barne Saileko buruaren dimisioa eskatu zuen eta kargua «bakea eta demokrazian sinesten duen norbaitengan» utz dezala exijitu zuen.
«Alderdi interesengatik prozesua oztopatzen ari dela onar dezala esan diogu; koldarkeria politikoarengatik eskatu dugu haren dimisioa. Ez du sekula inolako ardurarik hartzen eta errua beti besteei egozten die», azaldu zuen Martinezek.
«Legea betetzen duela soilik esateak ez digu ezertarako balio, azken batean, betiko aitzakia da. Giza eskubideen urraketa ugari egin da aitzakia horren izenean, eta historiak erakutsi digu herritarrek ez dutela sinisten. Balzak zuzentzen duen Saila ezker abertzalearen kontrako errepresioan beharrezko kolaboratzailea da; Ertzaintzak Mahai Nazionaleko kideak atxilotu ditu, egoitzak itxi, manifestazio, bilkura eta adierazpen askatasunaren urraketa praktikara eraman du», salatu zuen legebiltzarkideak.
Adierazpen horiek egin os- tean, Julian Martinez eta Itziar Basterrika beren eserlekuetatik altxatu ziren eta Herrizaingo Batzordetik aterako zirela esan zuten, protesta «ahalik eta serioena» har zezan.
Erabaki hori talde ugarik kritikatu zuten, Balzak ere. Haren ahotan, «irrigarrikeria itzela» egin zuten. «Arrazoia ez duzunean, irrigarri gelditu behar zara», adierazi zuen.
EAJ alderdiko legebiltzarkide Xabier Agirreren iritziz, Ezker Abertzalea elkarrizketaren kontra doa eta Ertzaintza salatuz zilegitasuna galtzen du; izan ere, esan zuenez, ez ditu salatu alderdi politikoen egoitzei egindako erasoak.
PSEren izenean, Miguel Buenek «halako jarrerak ohikoak» direla esan zuen eta Carlos Urkijok (PP) 40 lokal horiek itxi ez izana leporatu zion Balzari.