GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-06-15
Nemirovsky, euskaraz zekien idazle frantsesa

DONOSTIA

Lagun batek oparitu zion Irene Nemirovskyren “Dantzaldia” Eider Rodriguezi iazko abenduan. Eiderrek ez zekien idazle horretaz gauza handirik:hamalau eleberri idatzi zituela zekien ozta-ozta eta oparitu zioten “Dantzaldia”rekin egin zela ospetsu. Liburua irakurri ahala maitemindu omen zen idazlearekin eta atzo aurkeztu zuen Txalapartak argitaratu duen itzulpena.

Nemirovsky Kieven jaio zen 1903an eta bere biografiak dituen bitxikeria ugarien artean euskararekiko harremana nabarmendu behar da. Errusian bizi zenean, denboraldi luzeak ematen zituen Lapurdin, Krimean edo Kosta Urdinean. Hendaian, Donibane Lohizunen eta Biarritzen egon ohi zen, idazten eta eguzkia hartzen. Hendaian, Ene Etxean egon ohi zen, hondartzatik gertu. Bere senarrak gutun batean esan zuenez, hor ikasi zuen euskaraz, egoki gainera, ulertzeko eta hitz egiteko gai baitzen.

Ama-alabak

Bere eleberriak garaiko argitaletxe handienetan atera zituen eta hizkuntza askotara itzuli zituzten. «Horrexegatik da pixka bat arraroa gure artean hain ezezaguna izatea», esan zuen Rodriguezek. «Nik idaztea nahi izango nukeen liburua da hau. Bi aukera nituen: euskal bertsio bat egin edo eleberria bere horretan itzuli eta, noski, bigarren bideari heldu nion. Nemirovski da nik izatea nahiko nukeen idazlea», jarraitu zuen.

Eleberri honetako gai nagusietako bat ama-alaben arteko harremana da. Aberats berriz osatutako gizarte bateko gaitzak da bigarren gaia eta kultura judua bera da hirugarren gaia. 1928an idatzi zuen liburu hori Nemirovskyk Parisen. 30 urte baizik ez zituen, baina bazekien zertaz ari zen, amarekin oso harreman urrunak izan baitzituen. Senar aberatsari plazer ematearren izan zuen harra amak, baina bere emakumetasunaren hondamendi moduan bizi izan zuen jaiotza hori eta ez zuen umea hezterik nahi izan. Bere gaztaroan, aldiz, bizimodu arras zaratatsua eraman zuen. Gutun batean «Egunero festa txarioak egiten dituzte inguruko hoteletan eta nire zorte onak gigolo batzuekin saritu nau» dio, esate baterako.

Eleberriak Parisko familia aberats batek antolatzen duen dantzaldia kontatzen du eta sakon-sakonean mendeku baten disekzioa dela esan zuen Eider Rodriguezek.

1940an juduen aurkako jazarpena hasi zelarik, bere liburuak katalogoetatik kendu zituzten eta urte horietan ekin zion “Suite francaise” liburua idazteari. «Frantziako okupazioaren kronika da liburua. Beethovenen sinfonia baten bertsio literarioa egin nahi izan zuen. Jendearen arteko harremanak nola ustelduz joan ziren, nola gehienak kolaboratzaile bihurtu ziren. Ez zuen liburua bukatzeko denborarik izan. 1942an jendarmeek atxilo hartu zuten eta Pithiviersko kontzentrazio-esparrura eraman zuten lehenik, Auschwitzera gero eta handik gutxira hil zuten naziek», kontatu zuen itzultzaileak, Eider Rodriguezek.

Nemirovsky ez zen judua, baina kultura juduaren barnean hezi zuten. Bera atxilotu zutelarik, hiru alabek ihes egitea lortu zuten eta bere eskuizkribuak gordetzen zituen maleta eraman zuten.Hiru alaba horiek sekulako odisea bizi izan zuten eta 2003a arte ez zuten maletak gordetzen zuen materiala miatu.

Eskuizkribua 2004an argitaratu zen “Suite française” izenburuarekin. Eider Rodriguezek atzo gogora ekarri zuenez, baldin eta naziek hil izan ez balute, Hendaiako bere etxean ezagutuko genuen eta seguru asko elkarrizketak egingo genizkion.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
París vuelve a echar balones fuera
Euskal Herria
Paisley sale a la calle en Iruñea
Mundua
«Si no logramos formar Gobierno, Paisley y el DUP se quedarán aislados»
Euskal Herria
Ortuellako Udalak «bahituta» duten Patxi Gomez aska dezatela aldarrikatu du
Kultura
Zumeta en Buenos Aires
Euskal Herria
ETA emplaza al Estado francés a la negociación y el diálogo político
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss