GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Euskal Herria 2006-06-15
Ortuellako Udalak «bahituta» duten Patxi Gomez aska dezatela aldarrikatu du
Hogeita hamar urteko kartzela-zigor osoa bete zuen atzo Ortuellako Patxi Gomez presoak, baina «bahituta» jarraitzen du Dueñasen, eta 2018ra arte luzatu diote zigorra. Haren egoera larriaz jabetuta, Patxi Ortuellara plataformak mozioa aurkeztu zuen atzo Udalbatzan, eta onartu egin zuten. Bertan, bizilagun presoaren askatasuna aldarrikatu eta hari ere «biziarteko zigorra» ezartzeko baliatu diren legeak indargabetzea aldarrika dezatela eskatu zitzaien alderdiei.

ORTUELLA

Patxi Ortuellara plataformak Patxi Gomez preso politikoaren egoera salatzeko eta haren askatasuna aldarrikatzeko mozioa eraman zuen atzo iluntzean Udalean izandako udalbatza berezira, eta onartu egin zuten. Izan ere, PSEko hiru zinegotzi abstenitu egin ziren, eta, aldiz, EAJko lau zinegotziek, EAko biek eta EBko zinegotziak baietza eman zuten.

Udalbatzaren ostean, 150 lagunek manifestazioa egin zuten, eta bitxikeria gisa, zenbatzaile antzeko gauza bat ezarri zuten udaletxe parean. Bertan, atzo 1 zenbakia agertzen zen, Gomezek «bahituta» daraman egun kopuruaren adierazle, eta egunez egun aldatuz joango da.

Gaur egun Dueñasko kartzelan giltzapean dute Ortuellako errepresaliatua. 1989ko apirilaren 23an atxilotu eta bederatzi egunez torturatu ostean espetxeratu zuten. 2002ko uztailaren 30ean berreskuratu zuen askatasuna, zigorraren 3/4ak bete ostean, Ruth Alonso epaileak hala aginduta. Dena den, 2003ko azaroaren 25ean ebazpen hura baliogabetu, eta berriz eraman zuten kartzelara zigorra oso-osorik bete zezan; hiru urte geratzen zitzaizkion.

Horiek hala, 17 urte bete ditu espetxean ­30 urteko zigorra­ Ortuellako presoak, eta atzoko zuen aurrez ikusita kalera irteteko data. Hala ere, Palentziako Dueñas kartzelan «bahituta» jarraitzen du. Bere aldeko plataformak azaldu zuenez, Auzitegi Nazional espainolak «jurisprudentzia doktrina berritzat» jotzen duenaren ondorioz, hain zuzen, «ezkutuko biziarteko zigorra» ezarri eta 2018ko irailera arte ez dute kaleratuko bizilaguna. Atzo jakin zen, gainera, defentsak aurkeztutako helegite bat atzera bota dutela.

Mozioak lau puntu jasotzen zituen. Lehenik, Udaleko ordezkariei eskatu zieten Patxi Gomezen berehalako askatasuna aldarrika dezatela, ezarri zioten zigorra osotasunean bete duela aintzat hartuta eta Kode Penalaren gainean Auzitegi Nazional espainolak egiten duen azken interpretazioa bidegabea dela deklaratuta.

Bigarrenik, honakoa ere eskatu zieten: euskal presoei berez biziarteko kartzela-zigorra dena ezartzeko Auzitegi Gorenaren antzeko ebazpenak posible egiten dituzten legeak indargabetzeko eska dezatela. Osterantzean, Gomez berehala kaleratzeko beharrezkoak diren gestioak egin ditzala ere eskatu zioten Udalari, eskuduntza duten Justizia edo Barne ministerio espainolen, Kartzela Erakundeen, Auzitegi Nazionalaren, alderdien eta Lakuako Oinarrizko Eskubideen Batzordearen aurrean. Halaber, eskaera horien gainean hitzartutako akordioa publiko egin zezatela nahi zuen plataformak, herriko paneletan eta ohiko hedabideetan ere horren berri emanez.

Etxerat-ek, bestalde, gogor salatu zuen Patxi Gomezen egoera, baita gainerako beste preso politiko askoren aurkako askatasun eskubidearen ukazioa bera ere.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
París vuelve a echar balones fuera
Euskal Herria
Paisley sale a la calle en Iruñea
Mundua
«Si no logramos formar Gobierno, Paisley y el DUP se quedarán aislados»
Euskal Herria
Ortuellako Udalak «bahituta» duten Patxi Gomez aska dezatela aldarrikatu du
Kultura
Zumeta en Buenos Aires
Euskal Herria
ETA emplaza al Estado francés a la negociación y el diálogo político
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss