Musikari handiak izanen dira Baionako La Ruée au Jazzen
Uztailaren 13tik 16ra luzatuko den La Ruée au Jazz jaialdiak estilo ezberdinetako jazzlari handiak bilduko ditu Baionan. Jazza gazteei eta herriari ezagutarazteko politika nagusi izanik, normalean kontzertuaz gozatzeko sarrera ordaindu behar den agertoki batean eta Baionako karriketan zehar ere izanen da jazza entzuteko aukera. Uztailaren 14a izanen da egun nagusia.
BAIONA
Elisabeth Caumontek literatura poetikoaren magia jazz estiloko musikarekin elkartzea lortzen du. Stéphane Belmondok eta Sylvain Lucek, bestalde, jazza egungo musikarekin nahastea lortzen dute, entzuleari estilo berezia eskainiz, eta beren azken lanean Steve Wonderren musika jazzera moldatu dute. Jazzaren bi ikuspegi guztiz ezberdinak eskaintzen dituzten musikari handiekin hasiko da jaialdia uztailaren 13an.
Ostirala Smooth taldearen elektro-jazz gazte eta ospetsuaren eguna izanen da. Uztailaren 14a Estatu frantsesean jaieguna da, eta normalean kontzertura sartzeagatik ordaintzen den tokian izanen bada ere, antolatzaileek sarrera doan izatea erabaki dute. Gaueko ordu txikiak arte Garazik Philantropik Orkestra, Dounshaq eta Donostiako elektro-jazz DJak izanen dira Smooth laguntzen.
Larunbat gaua Renaud Garcia Fons-en eta Antonio Kiko Ruizen flamenko eklektikoaren saioarekin hasiko da. Jaialdira bertaratutako musikari famatuena bukaerarako uztea erabaki dute antolatzaileek; hala, soinu misteriotsua emango dion Rabih Abou-Khalilen ekialdeko sonoritatea izanen da amaieran.
Aipatu jazz musikari handiak biltzeaz gain, Baionako karrikak musikaz beteko dituen jaialdia da La Ruée au Jazz. Lan horretan arituko dira ostiralean Rock School Barbey eta Old Skool Funky Family Baiona Ttipian eta Handian zehar.
Larunbata izanen da, hala ere, jaialdiak hiria musikaz eta kolorez beteko duen eguna. Gaskoien plazan antzerkia izanen da goizean eta 11.30etik goiti bi jazz talderen arteko norgehiagoka izanen da. Pasteur enparantzan Esquina Calientek joko du arratsaldeko seietatik zazpietara. Chao Pelletierren Rock School Barbey, Old Skool Funky Familyren kontra borrokatuko da musikalki. Arratsaldean jazzak fanfarrearen antza hartuko du Baiona Handian eta Ttipian. Gune nagusian artista txikien erakusketa izanen da ikusgai eta zazpi eta erdietatik aurrera Latin Balkan Triok berotuko du giroa.
Igandean bazkari handi bat izanen da eta, bukatzeko, kontzertuaz gozatzeko aukera izanen da hiruretatik goiti.
Indarra hartzen ari den jazz topaketa
BAIONA Jazza jendeari ezagutarazteko politikari jarraiki, gero eta jende ezagunagoa bertaratzea lortzen ari dira La Ruée au Jazzeko antolatzaileak eta horrek eragina izan du jaialdiaren zabalkundean. Joan den urteko jaialdiari begiratuta, antolatzaileak oso pozik agertu ziren, iaz 2004an izan zuten ikusle kopurua hirukoiztea lortu baitzuten. 8.300 ikusle bertaratu ziren 2005. urtean Baionan antolatzen duten jazz jaialdira. Egunero-egunero 2.000 pertsona baino gehiago joan ziren musikaz gozatzera. Ez da ikusle kopuruaren igoera soilik antolatzaileak poztu dituena. Izan ere, hedabideetan harrera oso ona izatea lortu baitzuen jaialdiak. Batez ere hedabide berezituetan toki garrantzitsua izan zutela adierazi zuten La Ruée au Jazz aurrera ateratzea posible egiten dutenek. Bost urte beteko dituen jaialdi honetan dinamismoa da nagusi. Gazte jendea ari da antolaketan eta jaialdiari izen ona ematen dion programazioa urte guztian aritzen dira lantzen. Horregatik pertsona batentzako lanpostu egonkor bat sortzea ere posible dela ikusi dute aurten.
|