Nafarroako Gobernuak lan erreforma «oldarkorragoak» egiteko eskatu du
Jose Javier Armendaritz Nafarroako Lan kontseilariaren ustez, Madrilen sinatutako lan erreformak ez ditu konponduko behin-behineko kontratazioaren kopuru altuaren benetako arazoak, eta erreforma «oldarkorragoak» egiteko eskatu zuen. Armendaritzek negoziazio kolektiboaren garrantzia nabarmendu zuen.
IRUÑEA
Jose Javier Armendaritz Nafarroako Gobernuko Industria Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariaren arabera, Gobernu espainolak, enpresaburuek eta UGT eta CCOO sindikatuek sinatutako lan erreformari buruzko hitzarmenak ez ditu behin-behineko kontratazioaren «benetako arazoak» konponduko. Iruñeko Parlamentuan emandako azalpenetan, bere ustez behin-behinekotasunaren oinarrian dauden arrazoiak aipatu zituen Armendaritzek: «Langileen kopurua lan merkatuen aldaketara moldatzeko erreztasuna eta operazio horien eta behin-behineko kontratuen kostu eskasa», batez ere bukatutzat jotzen direnean. Halaber, lan-baldintzak aldatzeko erraztasuna, langileak hobeto aukeratzea eta iraupen gutxiko lanpostuak betetzeko aukera nabarmendu zituen. Haren ustez, azken horrek «onargarria den arrazoi bakarra izango beharko luke». Kontseilariaren arabera, arazoa ezin da mugatu enpresaburuek langileak kontratatzeko eta kaleratzeko erraztasunak zabaltzera.
«Erreforma txikia» «Negoziazio kolektiboak esku hartu behar du globalizazioaren arriskuak kontuan hartuta», adierazi zuen. Armendaritzek ez du uste behin-behinekotasuna «erreforma txikien bidez» konpondu daitekeenik, eta erabaki «oldarkorragoak» eskatu zituen. Bestalde, Lan Ikuskaritzak Nafarroako 753 enpresatan egindako kontrolaren ondorioz, gehiegizko behin-behinekotasuna dela-eta bederatzi isun jarri dituela nabarmendu zuen. Alderdiek, PSNk izan ezik, erreforma kritikatu zuten, eta Administrazio publikoan dagoen behin-behinekotasun handia gaitzetsi zuten.
Lan erreforma gaurtik aurrera dago indarrean, baina neurri gehienek uztailaren 1a arte ez dute baliorik izango. Bihar indarrean sartuko direnen artean daude: Soldatak Bermatzeko Funtsaren prestazioak, lan legeen aldaketak eta azpikontratazioaren gardentasuna bermatzeko neurriak.
|