Manifestazioa deitu du Irungo gaztetxeak hustea ekiditeko
Irungo gaztetxeko kideek manifestazioa antolatu dute biharko Lakaxita itxi ez dezatela eskatzeko. Aldarrikapen horrekin bat egiten duten 2.000 sinadura eta hainbat eragileren atxikimendua jaso dute. Udalarekin izandako bileren gainean, erantzunaren zain daudela azaldu zuten. Mobilizazioa 21.00etan hasiko dute San Joan plazatik.
IRUN
Irungo Lakaxita gaztetxeko kideek manifestaziora deitu dute biharko orain hilabete eta erdi jaso zuten salaketak eraikina husteko agindua ekar dezakeela gaitzesteko. Mobilizazioaz gain, herriaren babesa lortze aldera sinadura bilketari ekin zioten eta, oraindik ekimena amaitutzat eman ez duten arren, dagoeneko 2.000 sinaduratik gora eta zenbait eragileren atxikimendua jaso dutela azaldu zuten. Besteren artean, Irun Herria, IU, Oarsoaldea ANV, ELA, LAB, CGT-Gipuzkoa, CNT eta Irun zein Hondarribiko 24 gizarte eragilek eta elkartek eman diote babesa Lakaxitari. Era berean, gogora ekarri zuten sei hilabeteko konponketa lanak egin dituztela Anaka kaleko eraikinean inguruko espazioa biziberritzeko obra-hondakinen garbiketa barne eta hasieratik auzotarrentzako gune moduan aurkeztu zutela gaztetxea. Alde horretatik, aipagarria da 2005eko azaroan ateak ireki zituenetik hamaika jarduera eraman dituztela aurrera, musika ekitaldiak, hitzaldiak, eztabaidak, filmak zein bestelako kultur jarduerak. Irunentzat lan soziala egiten ari direla ziurtatu zuten gaztetxeko kideek eta Udalarekin izandako harremanen gainean ere mintzatu ziren. Udalbatzan gaztetxearen proiektuak jarraitutasuna izan dezala eskatu zuten, eta Irungo Gazteriaren zinegotziak eta Kultura, Gazteria eta Hezkuntza Saileko arduradunek Lakaxitaren eta eraikinaren jabe den Kooperatibaren artean bitartekaritza lanak egiteko konpromisoa hartu zutela azaldu zuten, oraindik erantzunik jaso ez badute ere. Hala eta guztiz ere, Udalak «joko bikoitza» darabilela sumatzen dutela azaldu zuten, eta salaketarako proposamena udal langileen bidez egin zela ere argudiatu zuten.
Ekimenak Itzubaltzetan
Bestalde, Itzubaltzeta gaztetxeko kideek Autogestioaren Eguna antolatu dute larunbaterako. Eguerditik aurrera, arropa azoka, herri bazkaria, bideo emanaldiak, kontzertuak eta jaialdia izango dira.
|