Puerto Ricoren autodeterminazioa eskatu du NBEk
·Ojeda Rios independentistaren hilketari buruzko ikerketa babestu dute Nazio Batuek
NBE Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiko deskolonizazio batzorde bereziak Puerto Ricoren autodeterminazio prozesua abian jartzeko eskatu du, uharteko biztanleek erabaki dezaten zer-nolako harreman mota eduki nahi duten Estatu Batuekin. Kubak proposatutako testua onartu du NBEk.
NEW YORK
Kubak proposatu eta batzordeak aho batez onartutako ebazpena NBEko Osoko Bilkurak aztertu beharko du hurrengo bileran. Autodeterminazioa eskatzeaz gain, testuak eskatzen du Filiberto Ojeda Rios independentistaren hilketari buruzko ikerketa babesteko. Ojeda iazko irailaren 23an hil zuten. Puerto Ricoren askatasunaren aldeko beste militanteen aurkako erasoak ere ikertu behar direla dio testuak.
Bestalde, ebazpenak eskatzen die AEBei giza eskubideak errespetatzeko Puerto Ricon; estatubatuarren jarduera militarrek kaltetutako uharteko eremuak garbitu eta kutsadurarik gabe uzteko; eta jarduera horiek ingurumenean eta osasunean eragin dituzten ondorioen erantzukizuna onartzeko. Aurreko urteetako bileretan, deskolonizazio batzordeak eskatu zion Washingtongo Gobernuari independentziaren aldeko eta Vieques uhartearen desmilitarizazioaren aldeko ekimenetan esku hartzeagatik espetxeratutako puertoricarrak aska- tzeko, ezarritako zigorra 25 urtetik gorakoa izanez gero.
Puerto Ricoko makina bat pertsona ezagunek bat egin du azken egunotan, Kubak aurkeztu duen ebazpen proposamenarekin. Uharteko alderdi politiko nagusietako ordezkariak ere bat egin dutenen artean daude. Izan ere, San Juan eta Washingtonen arteko egungo harremanek kalte handia egin diote Puerto Ricoren garapen sozio-ekonomikoari, testua babestu dutenen iritziz. Gainera, harreman horiei esker, uharteko baliabide naturalak Estatu Batuetako enpresek erabiltzen dituzte beren mesederako. Baita AEBetako Armadak ere, begiraleen ustez.
Rodrigo Malmierca Kubako enbaxadoreak adierazi duenez, estatubatuarren kolonialismoak bere inguru karibear eta latinoamerikarretik atera nahi du Puerto Rico. Uztailaren 25ean beteko dira 108 urte estatubatuarrek uhartea bereganatu zutenetik, tropa espainolen aurkako gerra garaian. Estatubatuar zerbitzu sekretuei egotzitako independentisten aurkako erasoek leku berezia izan dute aurtengo eztabaidan. Julio E. Fontanet abokatuak FBIri egotzi dio Ojedaren hilketa.
|