Konstituzioaren aldeko enpresarien plataforma jaio da
·ETArekin negoziatzea errefusatzen du Ermuko Foroaren barneko ekimen berriak
Iruñean aurkeztu zuten Ermuko Foroaren barneko enpresarien plataforma berria. Ekimenak Konstituzio espainoleko baloreak gailentzen ditu abertzaletasunari dagozkienen aurrean, eta Gobernu espainolak ETArekin negoziatzea errotik errefusatzen du, «estortsioak jarraitzen duelako».
IRUÑEA
Ermuko Foroko enpresariek osaturiko plataforma aurkeztu zuten atzo Iruñean. Ekimena Konstituzio espainoleko baloreen defentsan jaio da, «nazionalismoarenak baino altuagoak direnak», eta Gobernu espainolak ETArekin abiatzear dituen elkarrizketak errefusatzen ditu, «oraindik su-etena ezin izan baita egiaztatu, kontrakoa baizik».Hala laburbildu zuen Inma Castilla de Cortazar Ermuko Foroko kideak ekimen berria, eta egungo egoeraren «larritasun handiaren» aurrean azken hilabeteotan ehun bat enpresari batu zaizkiela azaldu zuen: «Enpresaria, arduratsua den edozein herritar bezala, zerbait egin behar dela konturatzen da. Gugana etorri dira, ziur asko, konfiantza morala ematen diegulako». Enpresarien artean diasporakorik ere badela esan ostean, plataformaren idatziak dio edozein enpresari espainoli ere irekia dagoela, baina beti ere aintzat izan beharko duela «nazionalismoak ez duela onurarik ekartzen, xede pertsonaletarako erabiltzen baita». «Ekimena orain aurkeztu dugu jasotako estortsio eskutitzengatik, Gobernuak ekintza armatuak etetea hainbeste goratzen badu ere», Castilla de Cortazarren esanetan. Osterantzean, Ermuko Foroaren xedeekin bat dator: «Askatasuna ezinbesteko baloretzat aldarrikatu, eta konstituzionalismoko baloreak moralki nazionalismokoei gailen- tzen zaizkiela erakutsi».
«Estortsio eskutitzak»
IRUÑEA Nafarroako Enpresarien Konfederazioko buru Jose Manuel Ayesak esan zuen herrialdean uztailean estortsionatutako enpresari batek eskutitza Auzitegi Nazionalean aurkeztu duela; elkarte gisa salaketa jartzea ere ez dute baztertzen, «erabat egiaztatuta» ei dutelako ETAren ustezko eskutitz gehiago egon direla. Bitartean, Gobernu espainolak Nafarroan duen Ordezkaritzak eskutitzen berririk ez duela argitu zuen, Confebask zein EAEko Enpresarien Bilguneak egin zuten bezala. PSEk «zalantzak» nabarmendu zituen; eta Batasuneko Pernando Barrenak, aldiz, Ayesari eskatu zion prozesua ez dezala oztopatu.
|