BAIONA
Philippe Pouymayou Akitaniako kontseilari sozialistak gogor kritikatu ditu Baionako PSko zinegotziak, oposizioko gainerakoekin Batera plataformak euskal departamendua sortzeko herri kontsulta antolatua izan dadin biltzen ari den sinadura kanpainarekin bat egiteagatik. Hil honetako udal aldizkarian oposizioak duen orrialdean baionarrei sinatzeko eskatzen diete, baina Jean Grenet auzapezak ez die utzi eta orriaren erdia txuriz agertu da.
Pouymayou Baionako sekzioko buru ohiak eta hurrengo udal hauteskundeetarako PSren zerrenda buru izan daitekeenak alderdikideen jarrera «akats politikotzat» jo du eta harrituta dagoela esan du, alderdiaren barnean ezer aztertu aurretik, eztabaida pizten duen gai horren alde agertu izanagatik. Gainera, militanteen erabakien aurka egitea leporatu die.
Colette Capdevielle zinegotzi sozialistak, berriz, «egitura administratibo egokiena» ez delako departamendua sortzearekin erabat ados ez badago ere, «euskal lurraldea bere berezitasunekin aitortzea beharrezkoa» dela iritzi dio.
Bestalde, Grenetek adierazitakoarekin ez dator bat, uste baitu Bateraren ekimena baliagarria dela «behingoz harreman politikoak pozoitzen dituen eztabaidarekin amaitzeko eta herritarrei hitza emateko».