Euskara Legeari buruz Lakuak esandakoa salatu du Ezker Abertzaleak
GASTEIZ
Ezker Abertzalea talde parlamentarioak gogor gaitzetsi du Lakuako Gobernuak asteartean hartutako erabakia, aurkeztu berri duen Euskara Berreskuratzeko Lege Proposamena ez baitu aintzat hartu. Izan ere, hirukoaren aburuz, 1982an onartutako Euskara Legea nahikoa baita egun. Hala ere, Ezker Abertzaleak aipatu proposamenak aurrera jarraitzen duela argitu zuen atzo eta irailean erabakiko dela Parlamentuan eztabaidatu edo ez.«Indarrean dagoen legeak proposamenean jasotzen diren alderdi garrantzitsuenak dagoeneko modu egokian aurreikusten ditu», esanez erantzun zion Idoia Zenarrutzabeitiak gidatzen duen Lehenda- kariordetza Sailaktalde abertzaleari. «Proposamenean gure eskumenetik kanpo dauden eremuak azaltzen dira», gaineratu zuen Gobernuak berau errefusatzeko; hau da, Euskal Herri osoa aintzat hartzen duen proposamena izatea. Ezker Abertzaleak argitu duenez, euren proposamena ikasturte politiko berria hastearekin batera, irailean, erabakiko da Gasteizko Legebiltzarrean eztabaidagai jarri edo ez, baina talde abertzalearen esanetan «inork ez luke ulertuko euskararen inguruko eztabaida bat Gasteizko Legebiltzarrak debekatzea».
«Borondate politikoa behar» «Arazoa ez da orain indarrean dagoen legeak garapen gehiago behar duen ala ez», jarraitu zuen Ezker Abertzalea taldeak prentsa adierazpenean. «Ez da garapen kontua, borondate politikoaren kontua baizik», gaineratu zuen, indarrean dagoen legearen «porrota» eta Lakuako agintarien borondate eskasa nabarmenduz; baita ondoko adibideak aipatuz ere: «Hogeita lau urte beranduago euskararen ofizialtasuna ez da erreala, ikasle asko euskara jakin gabe irteten dira eskolatik, euskaraz bizi nahi duten udalak auzipetzen dira, administrazioan euskararen erabilera murri- tzegia da...». Horregatik, euskara benetan indartu, zabaldu eta ofizialduko duen euskararen lege berri baten beharra berretsi zuen Ezker Abertzaleak. Irailean euren lege proposamena Gasteizen eztabaidagai egotea espero dute.
|