DONOSTIA
EuskalHerriko Unibertsitateak (EHU) turismoa gai bezala hartu zuen Miramar Jauregian egiten ari diren udako ikastaroetan. Jose Manuel Martin Osante Zuzenbideko irakasleak itsas bidaiaren inguruan oinarritu zuen bere analisia. Euskadiko Kontsumo Arbitrarioaren Elkargokoa den pertsona horrek oso datu deigarriak aipatu zituen, hala nola, azken urtean itsas bidaiak %100 hazi direla. Gainera, lehenago turisten helburua Karibe zela adierazi zuen, baina orain Europa ari dela lidergoa lortzen. Hainbat arrazoi eman zituen Osantek hori azaltzeko: «Alde batetik, Kariben jada saturazioa dago eta turistek beste toki batzuk bilatzen dituzte opor garaian joateko. Bestetik, lehen bezeroa amerikarra zen gehienbat, baina orain europarrak hasi dira turismo mundu honetan sartzen».
Azken urteetan, portua duten herri edo hiriak ere protagonismo bila atera direla nabarmendu zuen. «Getxo da horren kasu garbi bat. Bizkaiko kostan dagoen herri horrek itsas bidaia askori harrera egin die», adierazi zuen.
Aipatzekoa da, bestalde, garraiobide turistiko horiek eduki duten bilakaera. Horren eredu da Martin Osantek nabarmendutako datu hau: «Lehen 2.800 pertsona sartzen ziren honelako itsasontzi batean, baina orain 4.000 pertsona inguru sar daitezke».
Hitzaldiko protagonistak desberdintasun nabarmenak egin zituen itsas bidaia garraioa eta ferry deitutako itsasontziaren artean. Lehenak zerbitzurik garrantzitsuena aisialdirako prestatzen du. Hau da, itsas bidaian hainbat kirol egiten dira, eta igerilekuak, kasinoak, kafetegiak eta antzekoak daude. Bigarrenaren eginkizun nagusia, berriz, autoak eramatea da.
Turismo publizitatea
Jardunaldiko beste hitzaldietan Mercedes Rodrigez Larraurik eta Fernando Martinez Sanzek hartu zuten parte. Bigarrenak, merkataritza-zuzenbideko katedradunak, turismoaren inguruan dabilen publizitate eskaintza zabalaren inguruan hitz egin zuen. Bere garrantzia handia dela adierazi zuen Martinez Sanzek eta bere hitzaldian bi publizitate mota aipatu zituen: publizitate engainagarria eta desleiala. Publizitatea eta Interneteko mugimendua ere azaldu zuen. Aipatu zuenez, gero eta gehiago dira Interneten bidez saltzen diren bidaiak. «Honen aurrean, bidai agentziak mesfidati agertzen dira», adierazi zuen.