Koldo CALLADO | Medikuntzan doktorea eta EHUko irakasle eta ikertzailea
«Kanpoan onarpena aitortzen zaio ikerkuntza lanari»
Neurozientzietako mintegia ari da ematen Larragoan,
Osasun Sailak antolatuta, UEUren ikastaroen barruan. Mintegi horren helburua,
Koldo Callado doktore, irakasle eta ikertzaileak azaldu duenez, Euskal Herrian
neurozientzien ikerkuntza arloan egiten ari diren lanak eztabaidatzea, ideia
berriak sortzea eta ondorioak plazaratzea da.
Mintegiaren helburuetako bat neurozientzietan euskararen erabilerak duen hutsune izugarria betetzea da, ezta?
Bai, xedea da, alde batetik, puntako zientzia euskaraz landu daitekeela erakustea eta, bestetik, zientzialari euskaldunak harremanetan jartzea terminologia bateratu eta lexikoa finkatzeko, askotan bakoitza bere kabuz ibiltzen delako terminoak sortu eta erabiltzen.
Zer ekarpen egiten diote elkarri UEUk eta Mintegiak?
Bada, UEUk mintegiari neurozientzietan lanean gabiltzan euskaldunok elkartzeko leku bat edukitzeko aukera ematen dio. Askotan beste era bateko mintegi zientifikoetan elkartzen gara, baina gaztelaniaz edo ingelesez hitz egin behar izaten dugu. Oso zaila da euskaldunak batzea eta gure artean euskaraz hitz egiteko aukera izatea. Eta mintegiak goi-mailako gaiak plazaratzeko parada eskaintzen dio UEUri, unibertsitate-gaiak zein gai zientifikoak.
Mintegi honek edukiko al du argitalpen gisako emaitzaren bat?
Bai, duela urte batzuk UEUn medikuntza arloko beste mintegi batzuk egin ziren eta haietatik sortutako argitalpenei jarraipena eman nahi diegu. Mintegi honetan aurkeztu diren gaiak bildu eta neurozientzien inguruko liburuxka bat ateratzea da asmoa, batik bat unibertsitatearen ikuspegitik, nahiz eta dibulgazioa ez den alde batera utziko.
Dibulgazio maila dela eta, zer-nolako
aplikazioak dituzte medikuntzan neurozientziaren arloan egiten ari diren
ikerkuntzek? Denetarik. Izan ere, mintegiko hitzaldiak zientifikoak izan arren, landutako gaiak depresioa, eskizofrenia, garuneko tumoreen tratamendua, alzheimerra, minaren tratamendua eta abar izan dira, hau da, kaleko jendeak ezagutzen dituenak. Neurozientziena oso arlo zabala da, bertan gaixotasun psikiatrikoak, neurologikoak eta neurodegeneratiboak kokatzen direlako. Horrek gai ezberdinak jorratzeko aukera ematen digu. Mintegi honi amaiera emateko mahai-ingurua
izango da, ikerkuntzak Euskal Herrian duen etorkizunari buruz. Nola ikusten
duzue etorkizun hori?
Gure artean beti esaten dugu ikerkuntza egitea lan berezia dela, langileak lanerako behar dituen tresnak bere kabuz bilatu behar dituelako. Medikua bazara eta ospitalean hasi behar baduzu lanean, ez duzu fonendoskopioa edo eskanerra erosi behar, tresna horiek lantokian baitaude. Baina ikerlaria bazara, unibertsitateak edo zentro teknologikoak, askoz jota, lekua jartzen dizu eta zuk lortu behar duzu dirua tresneria, farmakoak, antigorputzak eta abar erosteko. Horrek denbora asko eskatzen du. Gainera, dirua lortzeko artikuluak argitaratu behar dituzu eta horretarako emaitzak behar dira, nolabaiteko sorgin-gurpila da.
Hortik dator atzerrira irten beharra?
Hemen ikerkuntzarako oso diru gutxi ematen da, eta bitarteko ekonomiko asko joaten da beste mota bateko ikerkuntzara, adibidez, enpresetara. Guk batez ere oinarrizko ikerkuntza egiten dugu eta lehia oso bizia da. Beti ibili behar dugu borrokan egin nahi dugunerako dirua lortzeko. Atzerrian ibili garenok, berriz, ikusten dugu kanpoan errazago egiten dela lan, diru gehiago dagoelako eta gizarteak nolabaiteko onarpena aitortzen diolako ikerkuntza lanari. Haatik, hemen ere badago gauza txukunak egiteko aukera. -
|