GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-07-21
Mutrikuko Jaiak
Aurtengo uztailean ere, madalenak hasteko prest
Udan horren ohikoak diren jaiak ari dira iristen Euskal Herriko toki gehienetara. Asteburu honetan Mutrikuren txanda da, gaurtik hasi eta astearte bitartean Madalen jaiak ospatuko baitituzte bertan. Musika, dantza, kirolak eta ikuskizun ugari izango ditu eskura bertara gerturatzen denak. Festazaleak, beraz, badu hitzordua.

Amaia GOIKOETXEA
DONOSTIA

Uztailaren 22a gainean da dagoeneko eta Mutrikun egun hori hartuko dute aitzakiatzat, aurten ere, Madalen jaiak ospatzeko. Herriko jaietan ibiltzeko, ordea, egun bakar bat motz geratzen da eta hainbat ekitaldi prestatu dituzte mutrikuarrek gaurtik hasi eta uztailaren 25era bitartean dauden bost egunetarako.

Iragan larunbatean, eta festen aurreko giroa berotzen joateko asmoz, Mutrikuko Akordeoi Orkestraren eta Malen Abesbatzaren kontzertua izan zen Txurruka Plazan. Hala eta guztiz ere, gaurtik aurrera herrira bertaratzen denak ere izango du entzumena gozatu, begirada alaitu eta gorputza dantzan astintzeko betarik.

Udaletik helarazitako egitarauaren arabera, gaur 18.30ean hasiko dira herriko jaiak. Orduan ibiliko dira, hain zuzen, erraldoi eta buruhandiak Mutrikuko kaleetan zehar txistu taldearen laguntzaz. Hortik aurrera, aitzakia gutxi beharko du festazaleak itsasertzeko herri honetan barrena egun zein gauez ibiltzeko.

Gaur bertan, gaueko hamaiketan, danborrada izango da, baina ez da danbor soinua entzuteko aukera bakarra izango, txikienek ere izango baitute beren ekitaldi propioa egiteko parada igandean, iluntzeko zortzietatik aurrera. Izan ere, igandea, Malen Txiki eguna da, haurren eguna, alegia, eta etxeko txikienentzako joko eta ikuskizunak antolatu dituzte. Besteak beste, zezen txikiak eta pottokak, ‘’Salam’’ ikuskizuna eta ‘’Betizuak, a ze zirkua’’ emanaldia izango dira gaztetxoen gozagai.

Astelehenean, berriz, koadrilen eguna izango da eta orduan, horiek hartuko dute protagonismoa. Gautxorientzat ere izango da gustuko emanaldirik bost egun horietan: Soziedad Alkoholika, Steel Case eta Mikel Urdangarin gonbidatu dituzte jai hauetarako.

Hala eta guztiz ere, Udalak kaleratutako egitarau honetaz gain, bada beste bat ere, jai alternatiboena, hain zuzen.

Aurtengo jai alternatiboak Etxerat, Mutrikuko Gazte Asanblada, Segi, Askatasuna, Ikasle Abertzaleak eta Mutriku Rock Kolektiboa taldeen elkarlanetik sortu dira. Hala ere, antolatzaile lanetan ibili den Igon Lekubek adierazi digunez, ez da egitarau alternatibo bat aurkezten den lehen aldia. «Duela hiru urtetik datoz jai alternatiboak, festetarako herriko talde ezberdinek gune aske eta aldarrikatzaile baten beharra zegoela ikusi genuenean», azaldu du. Antolatzailearen aburuz, egitarau ofizialak, Udalarenak, Koadrilen Egunean hartzen du bakarrik kontuan herritarren parte-hartzea, «jaien gainerako diseinu osoa Udalak egindakoa baita». Herriko taldeen aldarrikapenak jaietatik at geratzen zirela-eta, jai alternatiboak antolatzearen egitasmoa jaio zen.

Astelehenean Koadrila Eguna denez gero, herriko zenbait koadrilek parte hartzeko deia luzatzen die herritarrei eta, beraz, jai alternatiboetako egita- rauan ez da ekitaldirik antolatzen. «Egun horretarako, koadrilek ez dute ‘maniobra’ handirik egiteko baliabiderik izaten. Udalak diru kopuru jakin bat ematen die koadrilei, horrekin ekintza zehatz batzuk baino ez antolatzeko», azaldu digu Ibonek. Horrela, koadrilak Udalak emandako baliabideetara lotuta geratzen dira eta ekintza zehatz batzuk antolatzera baino ez dira mugatzen. Ildo horretatik jarraituz, koadrilen artean benetako koadrila egun bat egitea oraindik ez dela lortu aitortu du, «dena baita Udalak inposatutako programaren zati».

Finantzaketari dagokionez, jai alternatiboan parte hartzen duen talde bakoitzak bere azpiegitura jartzen du jaien antolaketaren eskura. Ez dute inolako diru-laguntzarik jasotzen, autofinantzaketan sinesten dute, eta beraz, txosna eta antzerako ekintzekin lortzen dute festak aurrera eramateko adinako gaitasuna.

Iganderako Amnistia Eguna antolatu dute. Askatasunak eta Etxerat-ek prestatua, 1999. urtetik antolatzen dute egun hori. Urte horretan, Udalean aldaketa egon zen eta ezker abertzalea Udaletik kanpo geratu zen. Geroztik «jaietan hutsune bat nabaritu» zuten herriko zenbait taldek. «Denak ez daude herrian, etxean, eta hori ez zen islatzen jai horietan. Hortik abiatu zen Amnistia Eguna zehazteko asmoa», azaldu du Ibon Lekubek. Egun horren bidez, jendeari amnistiak zer suposatzen duen ikusarazi nahi zaio: «Amnistia bakarrik ez baita hitz bat, logo bat. Amnistia aldarrikapen bat da, horrek berekin dakarrenarekin; amnistia ez da bakarrik presoak etxera ekartzea, baita indarrean dauden lege errepresiboak aldatzea eta denoi oinarrizko eskubideak errespetatzea ere», nabarmendu du.

Aurtengo Amnistia Egunak, gainera, badu berritasun bat. Herriko 30 bat talde batu eta topagune bat osatu dute, Euskal Presoen Aldeko Mutrikuko Topagunea. Topagune horrek “Estatus politikoaren alde, orain’’ lelopean, giza kate batean parte hartzeko deia luzatu du, igandean bertan eguerdiko 13.30ean.

Gainerakoan, jai alternatibo hauetarako aurrez ikusitako ekintzak talde guztien artean adostuta daude. Talde guztiak bildu, ekintzak proposatu eta batzar bidez hitzartzen dituzte aurrera eramango dituzten ekitaldiak. Askatasunaren ekitaldiren bat egun batean, Gazte Asanbladarena beste batean, hurrengoan protagonismoa Segik izango du... talde bakoitzak bere ekarpena egiten du egitaraua osatzeko garaian. Elkarlanaren garrantzia ere nabarmendu du antolatzaileak, «zenbat eta talde gehiago, orduan eta indar gehiago».

Jai alternatiboen antolaketan parte hartu duten talde guztien lana goraipatu behar dela nabarmendu du Ibon Lekubek: «Egitarau osoa da potoloa eta hori talde guztien parte-hartze eta laguntzari zor zaio. Aipamena ez zaio talde bakar bati egin behar, kolektibo osoari baizik, hau da, Etxerat, Mutrikuko Gazte Asanblada, Segi, Askatasuna, Ikasle Abertzaleak eta Mutriku Rock Kolektiboari».

Asteburuan zer eginik ez duen festazalea, beraz, bertara dadila Mutrikuko Madalen jaietara. Ondo pasa!

Jai alternatiboen Egitaraua

Ostirala 21

00.00: Danborradaren ondoren, manifestazioa PRESOAK KALERA AMNISTIA OSOA! lelopean, Goiko plazatik Beheko plazara.

Ondoren: Euskal preso politiko eta iheslariei omenaldia, Beheko plazan.

Ondoren: Beheko plazatik Gaztetxeraino, Gaztetxeko Perkusio Taldearekin kalejira.

Ondoren: Txupinazoa, gaztetxe aurrean.

Larunbata 22

Sokamuturraren ondoren: Kalejira EZ GAITZATELA JAN lelopean.

23.00: Kontzertua gaztetxean: ESTIERCOOLS eta beste talde bat.

Igandea 23, Amnistia Eguna

13.30: Giza katea ESTATUS POLITIKOAREN ALDE ORAIN lelopean, Goiko plazatik Beheko plazara.

Ondoren: Ekitaldi politikoa.

14.30: Herri bazkaria, Beheko plazan.

19.00: Bertso-triki-poteoa.

23.00: Rock kontzertua gaztetxean, LEGEN BELTZA taldearen eskutik.

Asteartea 25

21.00: Atxukalen afaria. Ondoren: Madalen jaiei amaiera emateko txupinazoa.

Egitaraua

Ostirala 21

18.30: Erraldoiak eta buruhandiak herriko kaleetan zehar, txistu taldearen laguntzaz.

19.30: Eslavaren Salvea, Jasokunde Andre Mariaren Parrokian.

23.00: Danborrada. Ondoren: Disko-festa, Txurruka plazan.

Larunbata 22

10.00: Diana, Musika Bandaren eskutik.

11.00: Haur parkea, Egañaneko frontoian. Goizez eta arratsaldez izango da jai guztietan.

11.00: Meza nagusia, Jasokunde Andre Mariaren Parrokian.

13.00: Musika kontzertua, Udal Musika Bandaren eskutik.

17.00: Pilota jaialdia, Miruaitz frontoian. Bertan arituko dira Koka-Albizuri / Beloki II- Urrizelki eta Olaizola I- Begino / Leiza-Mendizabal.

18.00: Sokamuturra.

19.30: TERRASAKO CASTELLERS, Txurruka plazan.

23.00: Su-festak, Pirotecnia Zaragozanaren eskutik.

23.30: MEXICO LINDO dantza eta musika ikuskizuna. Bertan izango dira LOS ANGELES

DE MEXICO mariachiak eta TENOCHTITLAN dantza taldea.

Igandea 23

11.00: Haur parkea.

11.30: Erraldoiak eta buruhandiak.

12.00: GURE AMETSA dantza taldeko gaztetxoak herriko kaleetan zehar.

13.00: Dantzaldia, GURE AMETSA dantza taldearen eskutik.

Ondoren: Zezen txikiak eta pottokak, Txurruka plazan.

17.00: Herri-kirolak, Txurruka plazan.

17.00: SALAM haurrentzako ikuskizuna, Zabiel plazan.

17.00: Zesta-punta jaialdia, Miruaitz frontoian. Txikien, alebinen, infantilen eta kadeteen arteko partidak izango dira.

20.00: Haurren danborrada.

22.30:“BETIZUAK, A ZE ZIRKUA” umeentzat, Zabiel plazan.

23.00: Mikel Urdangarinen kontzertua, Txurruka plazan.

Ondoren: Dantzaldia LUHARTZ taldearekin Txurruka plazan.

Astelehena 24

11.00: Haur parkea.

12.00: Koadrilak Gaztetxean bilduko dira eta ondoren poteoa.

13.00: Koadrilen arteko tortilla lehiaketa.

Ondoren: Bazkaria eta jokoak.

18.30: Sokamuturra.

19.30: RIO SAMBA SHOWren kalejira.

22.30: Play-Back, Txurruka plazan.

Ondoren: Rock kontzertua, Txurruka Plazan. Bertan izango dira SOZIEDAD ALKOHOLIKA eta STEEL CASE taldeak.

Asteartea 25

09.00: XXVI. Margo Lehiaketa.

11.00: Haur parkea.

13.00: Ardo dastatzea: Unió Vinícola Del Penedés eta txahal errea.

18.00: Sokamuturra.

19.30: LES FOTOGRAFIERS, herriko kaleetan zehar.

23.00: Kontzertua ANAIARTE Abesbatzaren eskutik.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Barrena reclama a la derecha que «rompa con el fascismo» para que el proceso avance
Kirolak
Superman Landis firma una gesta y da la vuelta al Tour
Ekonomia
Muere un trabajador de Egoin tras permanecer nueve días en coma
Kirolak
La primera jornada repite otro Athletic-Real en Bilbo
Euskal Herria
EEUU desbarata en la ONU una petición de alto el fuego en Líbano
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss