GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia 2006-07-21
Iñigo Santxo Uriarte - ESAITeko kidea
Kiroltasuna, lurraldetasuna eta ofizialtasuna

Euskal Herria kirol komunitate bat da. Egun, nortasun politiko propiorik gabeko komunitatea osatzen badugu ere, Euskal Herria kirol komunitate bat da.

Kirol komunitatea definitzeko gutxienez hiru elementu hartu beharko genituzke kontuan. Lehenik, lurralde baten existentzia, politikoki onar- tuta egon ala ez, bigarrenik, bere burua herri gisan aitortzen duen giza taldea eta azkenik, kirol bat edo batzuen existentzia, lurralde edo giza talde horretako kirol propio gisa definitu daite(z)keena. Aurreko hiru osagai horiei ikuspegi historikoa gehitu lekieke.

Kirol Komunitatea sustraitzen duen lurraldea, kirolaren zabalpenak, bere praktikak, eta bere zaleek finkatuko dute, beraz, muga administratiboa edo politikoak alde batera utzita, komunitatearen mugak kokatuko dira kirolaren praktikak zehazten dituen tokietan.

Gure kasuan bateragarriak dira kirol baten praktika eta zaleak, euren burua herri gisa aitortzen duen giza taldearekin.

Hirugarren elementuari dagokionez, gure jendartean hainbat kirol diziplinaren praktika oro- korra eta zabaldua bada ere, bai taldeka, baita bakarka ere, elementu bereizgarria kirol bat izatea da, bai sortzaile gisa, bai bere praktika naturala gure herri osoan zabalduta dagoelako komunitate osoan, kirola bera, komunitatearen elementu bateratzaile eta integratzaile gisa agertzen delarik.

Komunitate baten barruan, lehen aipatutako beste elementuei, berezko edota jatorrizko kirol baten izate hutsak, komunitatea bera subjektu bezala agertu ahal izateko ezinbesteko lotura eransten die.

Kirol komunitateak, subjektu naturala izatetik nortasun juridikoa edukitzeko, Zuzenbide positiborako jauzia egin behar du ezinbestean.

Egun, Zuzenbide positiboak kirolariei antolakunde bereziak eskaintzen dizkie bertan batu ahal izateko, Kirol federazioak, alegia.

Euskal Herriak pairatzen duen zatiketa administratiboaren ondorioz, ordea, zaila egiten da antolakunde horietan bat egitea Euskal edo Euskal Herriko Kirol Komunitatea osatzen duten kirolari eta kirolzale guztiek. Halere, ez dugu ahaztu behar federazioak, legearen indarraz, gaitasun zehatzak dituzten erakunde edo antolakunde pribatuak direla. Hortik aurrera, galdera. Federazioak dira kirolariak bildu ditzaketen antolakunde bakarrak? Euskal Herriko Kirol Komunitate osoa bilduta, kirolariak eta kirolzaleak elkartzeko antolakunderik egin daiteke? Erantzunak, galdera bezain zehatza izan behar du, jakina baietz, eta azalpen guztiak adibide batekin hobeto ulertzen direnez, esan behar dugu, euskal pilotan badela Euskal Herriko Kirol Komunitate osoa aintzat hartzen duen erakundea, Euskal Herriko Pilota Konfederazioa, hain zuzen ere.

Euskal Herriko Pilota Konfederazioak dagoeneko bere lizentzia propioak emititzen ditu Euskal Herri osorako eta bere gaineko zehaztasun gehiago Konfederazioaren web orrian agertzen dira: www.ehpk.com.

Kirolaren esparruan bitxia eta paradoxikoa gertatzen da, EAEko mailako instituzioek nazio mailako antolakundeen sorrera eta jarduerari traba eta oztopoak ipintzea, nonbait instituzio horiek marko autonomikoa gainditu ezin dezaketelakoan, eta aldi berean, Erkidego bera gainditzen duten beste antolakunde batzuen sorrerako laguntza guztiak ematea, hemen ere adibide bat ematearren, ACT aipatu dai- teke, antolakunde horrek Euskadiren mugak gainditzen baititu, mendebalderantz hain zuzen ere. Halere, Euskadiko administrazioaren laguntza ugari jasotzen ditu.

Kirolaren esparruan, Autopistan bezala gertatzen zaigu, Bilbotik Baionaraino joateko dirutza pagatu behar izaten dugu eta Santanderrerainokoa, aldiz, debalde daukagu.

Ofizialtasuna

Euskal Herriko Kirol Komunitateari, hainbat eskubide indibidual eta kolektiboren gozamena dagozkio, besteak beste, kirol diziplina desberdinetan, selekzio propioa eduki eta bertako partaidea izateko eskubidea.

Euskal Herriko selekzioak, ofizialak izateko baldintza bakarra gainditu behar du, nazioarteko federazioek bere baitan onartzea.

Nazioarteko federazioak ere erakunde pribatuak dira, eta beren araubidea osatzen da, euren estatutu propioez, eta egoitza duten Estatuaren araubideaz. Halere, praktikan selekzioen presentziak duen karga sinbolikoaren ondorioz, hainbat estaturentzako selekzioen auzia estrategikotzat dute kontsideratuta eta horren ondorioz, beren presioak egiten dituzte, batzuetan agerikoak, beste batzuetan ezkutukoak, eta funtzionamendu pribatu hori ia erabat publiko bihurtzen dute.

Baina aurreko puntura itzuliz, galdera egin behar dugu. Nazioarteko Federazioetan, bakarrik Federazioak onartu daitezke? Erantzuna, estatutuen eta Nazioarteko Federazio horretako kideen borondatearen araberakoa da. Hau da, Nazioarteko Federazio horretako estatutuetan ahalbidetzen bada, edozein motako kirol elkarteak sartu daitezke, inolako arazorik gabe, estatutuetan ez bada aukera hori ahalbidetzen, baina elkarte hori onartzeko borondaterik baldin badago, estatutuak horretara egokitu daitezke.

Beraz, oraindik sarrera eskatu ez dutelarik, Euskal Pilotako Nazioarteko Federazioan sartzeko aukera berdinak dituzte Euskadiko Pilota Fe- derazioak, Nafarroako Euskal Pilota Federazioak edota Euskal Herriko Pilota Konfederazioak.

Eta behin eskatuta, Nazioarteko Federazioak sarrera ukatzen badu, aukera zabaltzen da, euskal pilotarien nahia errespetatuz Nazioarteko Euskal Pilota Federazio berri bat sortzeko.

Kiroltasuna, borondatearen errespetua

Politikariak prozesuaz eta borondateen errespetuaz hitzetik hortzera ari diren horretan, Estatu espainol eta frantsesaren aldetik, Euskal Federazioen sarrera nazioarteko Federazioetan ahalbidetzea, heldutasun demokratikoaren egiaztatze bat izateaz gain, kiroltasun ariketa paregabea litzateke, eta hori dena egungo ordenamendua urratu gabe.

Zazpiak, federazio bat

ESAIT “Zazpiak Federazio bat” aurrera eramaten ari den kanpainak, helburu argia du, bideragarria dela erakutsi ondoren, eta bereziki egungo abagunean, kirolaren esparruan, diziplina desberdinetan Nazio mailako antolakundeak sortzea. Hala, dagoeneko 330 kirol elkartek bat egin dute, baita 11.000 kirolari federatuk ere, eta bihar, larunbata, Zarautzen, herritarrok ere bat egingo dugu aldarrikapen horrekin; guztion artean autobide horretan ordaindu beharreko bidesaria merkeagoa izan dadin. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Barrena reclama a la derecha que «rompa con el fascismo» para que el proceso avance
Kirolak
Superman Landis firma una gesta y da la vuelta al Tour
Ekonomia
Muere un trabajador de Egoin tras permanecer nueve días en coma
Kirolak
La primera jornada repite otro Athletic-Real en Bilbo
Euskal Herria
EEUU desbarata en la ONU una petición de alto el fuego en Líbano
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss