PP asezina da. Edozer erabiltzen du Euskal Herrian prozesu demokratikoa galarazteko. Edozer erabiltzen du eta edozer erabiltzeko prest dago. Manipulazioa eta gezurra, jakina, 2004ko martxoaren 11n bezalaxe, baita presio mota oro ere. Manipulazioaren adibide GARAko Tasiok argitaratutako marrazkiaz eginiko erabilera dugu. Presio bideak ere ugariak ditu; besteren artean, Eliza espainoleko buruak, ETAren ekintzek kaltetutakoen elkarteak, epaile askotxo eta zenbait enpresaburu ahaleginak eta bi egiten ari dira gatazka bidera ez dadin. Horien izenean eta horien diruarekin hala esan zuten atzo Nafarroan enpresaburu batzuek ezin daiteke ez negoziatu ez egungo egitura politikoa gainditu.
Nekez aldatuko da, bere kabuz, errealitate hori. Ez dute egun batetik bestera, besterik gabe, jarrera samurtuko. Ondorioa begi-bistakoa da: prozesu politikoan oztopo dira, berariaz, eta aurrerantzean ere, funtsezko urratsak egiten ez diren bitartean, oztopo izango dira. Berariaz. Ez beste inork horrela diolako edota nahi duelako, PPk eta ingurumarikoek ozen bezain garbi aldarrikatu dutelako eta horretan buru-belarri ari direlako baizik. Berariaz.
Zer egin horren aurrean? Bada ez da gaurkoa PPren jarrera gogorrei hauspoa eman diezaiokeen ekimen oro ekidin behar dela uste duenik. Askotan entzun dugu: «Horrek PP indartzen du». Argumentu tranpatia da oso; halaxe zen lehen eta halaxe da orain, prozesu politikoa bultzatzeko ordua iritsi denean. Bistan da edozerk asaldatzen duela PP. Ez asaldatzeko bide bakarra dago: gauzak bere horretan uztea. Esate baterako, euskal presoak Euskal Herrira ekartzeak sekulakoa eragingo luke. «Prezio politikoa», «terroristen xantaiari amore eman izana» eta horiek guztiak baino galantagoak botako lituzkete Acebesek, San Gilek eta gainerakoek. Zer egin behar da orduan? PSOEk sakabanaketa hiltzailea mantentzea ulegarria dela esan?
PP eta itzalpekoak oztopo dira prozesuarentzat, baina ezin daitezke aurrera ez egiteko arrazoia izan. Ezin daitezke, are gutxiago, aurrera ez egiteko aitzakia bihurtu. Prozesu demokratikoa indartuz eta eskubideei bide emanez gainditu ahal izango dira oztopo guztiak, Aznarren oinordekoek jarritakoak barne. -