DONOSTIA
Talde historikoa da Sanpedrotarra Arraun Elkartea. Kontxako Bandera hamabost aldiz irabazi du, 1994. urtean azkeneko aldiz. Orduan, baina, Libiaren gainbehera etorri zen. Arraunlari askok ontzia utzi zuten, eta San Pedrok urte beltzak bizi izan ditu orain oso denbora gutxira arte. Aurten, aldiz, talde gipuzkoarra egoera txar horri buelta ematen ari zaiola erakusten ari da. «Orain dela hamar urte arazoak izan genituen. Libiari gasolina bukatu zitzaion, inor ez zegoen atzetik eta orain putzutik irtetzen ari gara», azaldu du Josetxo Aranburuk, San Pedroko presidenteak.
Kantauriko Arraun Elkarteko (KAE) lehen multzoko ligan parte hartzeko txartela eskuratu zuen ekainaren 10ean San Pedroko uretan jokatutako sailkapen estropadan. Libia, gainera, uretan izan ziren hemezortzi traineruetatik azkarrena izan zen.
Helburu hori lortuta, ilusioz beterik ekin zioten lanari. Aitor Baldak zuzentzen duen koadrilak, batez ere San Pedroko arraunlariekin osatutakoak, gauzak behar bezala egin ditu, eta orain arteko emaitzak oso onak izan dira.
Denboraldiko aurreneko estropadan, etxean jokatutakoan, ikurrina eskuratu zuten. «Hasiberri asko ditugu, aurten edo iaz hasitakoak, lanean gogor ari gara eta fruituak ere jaso ditugu. Egun pozgarria izan zen, hasi eta etxeko estropadan irabazi egin genuelako», aipatu du Aitor Baldak, Libiako prestatzaileak.
Josetxo Aranburu ere pozik dago arraunlarien lanarekin. «Arraunlari gehienak etxekoak ditugu. Mutil asko berriak dira, orain pare bat urte arraunean hasitakoak, eta begira orain nola gauden. Oso gustura gaude eurekin, lanean ondo ari dira eta nire ustez, hemendik urte bira edo hirura hor goian egoteko aukera izango dugu. Esperientzia falta zaigu, besterik ez», azaldu du.
Lehen multzoko bigarren proban, joan den larunbatean Santurtzin jokatutakoan, zazpigarren amaitu zutengipuzkoarrek. «Santurtzikoa estropada arraroa izan zen, baina orain arte dotore ari garela uste dut. Estropada asko falta dira oraindik, eta ikusi beharko da hemendik aurrera zer gertatzen den, berdintasun handia baitago», gaineratu du Baldak.
Helburu bati buruz galdetuta, San Pedroko entrenatzaileak oinak lurrean izan nahi ditu: «Ahalik eta ondoen egin nahi dugu, eta ea etxera ikurrinaren bat ekartzerik dugun. Estropada asko falta dira eta ikusiko dugu».
Aranburu ere ilusionatuta dago: «Aurten hor aurrean ibiltzea da gure asmoa. Gure helburua txanda onenean ibiltzea da. Kanporaketa?Helburu handia da, baina zeinek daki...».