- Sokatira
Goiherrik eskuetan dauka txapela
DONOSTIA
Euskal Herriko Lur Gaineko Txapelketan, 600 kiloko azkeneko jardunaldia jokatuko da bihar, Azpeitian, 17.00etatik aurrera. Aurretik bi saio jokatuta daude, eta Goiherrik esku-eskura dauka txapela, bietan nagusi izan baita.Bizkaitarrek orain arteko bi saioak irabazi egin dituzte, eta oso zaila izango da oraingoan haiek lehen postutik aldentzea. Nuarbek eta Gaztedik ere badituzte txapela lortzeko aukera batzuk, baina oso zaila izango da. Horretarako, Goiherrik huts handia egin beharko luke, eta eurek oso lan ona egin. Lehen jardunaldian Nuarbe hirugarren izan zen, eta Gaztedi joan den astean laugarren. Hor aukera asko galdu zituzten bi taldeek, eta orain bigarren posturako lehian aritu beharko dute. Biharko finalaren aurretik beste bi ere jokatuta badaude, eta haietan Nuarbek jantzi zuen txapela. 680an eta 640an gorritxoak nagusi izan dira. Hirugarrena ere lortuko zutela uste zuten zaleek, baina ez dute erraza izango. Biharko saioarekin batera amaituko du denboraldia Nuarbek. Oraindik denboraldia amaitzeko 560 kiloko bi jardunaldi falta dira, baina pisu horretan Nuarbe ez da ari, beraz, biharkoarekin akabo. Goiherrirentzat txapel honek balio handia izango du, eta 560korako ere indar handia emango dio, nahiz eta han Gaztedi eta Areso ere garaipenaren atzetik dabiltzan. Dena dela, biharko saioan ez dira Goiherri, Gaztedi eta Nuarbe bakarrik izango Azpeitian. Loiola Hotelaren inguruko belardian izango dira Areso, Mutriku, Gaztedi B eta Goiherri B ere, haiek ere borrokan.
|