Gaizka Barandiaran euskaltzaina atzo hil zen 90 urte zituela
AZPEITIA
Gaizka Barandiaran Balantzategi euskaltzain urgazlea atzo hil zen, Loiolan, 90 urte zituela. Hileta elizkizuna gaur izango da Loiolako Basilikan.Gaizka Barandiaran Balantzategi Oñatin sortu zen, 1916ko martxoaren 3an. Filosofia eta Letretan eta Eliza-Teologian lizentziaduna zen. Ikasketak bukatuta eta apaiz, hamabost urtez Tuteran izan zen. Austriako Innsbruck hirian hiru urte egin zituen. Egonaldi horretan folklore gaietan adituak ziren zenbait ikertzaile ezagutzeko aukera izan zuen, Karl Horak, besteak beste. «1967an Innsbruck-etik Donostiara itzuli zen, eta dantzaren inguruko ekitaldien antolaketari eta ikerketei gogo-betez heldu zien. Nazioarteko jardunaldien antolaketa, EDBren hegoaldeko atala abiatzea, eta hainbat dantzari buruzko deskripzioak eta interpretazio sinbolikoak jorratu zituen», adierazi zuten Euskaltzaindiako ordezkariek. 1992an jubilatu zen eta Donostian bizi izan zen Loiolara joan zenera arte. Euskara, gaztelera, frantsesa, ingelesa, alemana, latina, grekoa, hebreera zekizkien eta katalana eta errusiera ere ikasten jardundakoa zen. Dantza irakasle, etnologo eta euskaltzalea. Barandiaranek lan ugari egin zuen euskal folklorearen alde, besteren artean, euskal dantza tradizionalak erakusten. «Hizkuntza bezala esan ohi zuen herri folklorea gurea ere bada. Tradizioa da, eta tradizioa eman ematen da, baita hartu ere: belaunaldi batek besteari eman behar dio, belaunaldi batek aurrekoarengandik hartzen du. Gure aurrekoen dantzak gure aurrekoen hizkuntzak bezalakoak dira». 1961eko abuztuaren 25ean Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen.
|