GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Euskal Herria 2006-07-25
«Palestinan bizi dutena bizi izan genuen Otxandion»
·Bonbardaketaren testigantza horren antzekoak biltzeari ekingo dio Udalak

Igandean omenaldi beroa egin zieten Otxandion bonbardaketan hil zirenei eta hura bizi izan zutenei. Une hunkigarriak bizi izan zituzten. «Kategoriakoa izan zen», esan du izenik eman nahi ez duen lekuko batek. Lana, dena den, ez da amaitu, Udalak gertatu zenari buruz ikerketa sakona egingo baitu.

OTXANDIO

Duela 70 urte, herriko festak ospatzen ari ziren dozenaka eta dozenaka ume, emakume eta nagusi hil ziren Otxandion zeru gainetik erori ziren bonben ondorioz. 1936ko uztailaren 22an, goizeko 9.30ean izan zen. Tropa frankistak apirilaren 4an sartu ziren. Gertaera gogora ekarri, eta bizi izan zutenak omentzeko ekimen ugari egin zituzten joan den astean Otxandion, horien artean, igandeko omenaldia.

Bertan izan zen, beste askoren artean, izenik eman nahi ez duen lekuko hau. Bonbardaketa izan zenean 14 urte zituen, 15 egiteko. «Basakeria izan zen. Bonbardaketa ez nuenikusi, izan zen lekutik 200 metrora bainengoen. Zarata bai entzun nuen, ordea. Hortik pasatu nintzenean, guzti-guztiak hilik zeuden eta inguruan hezurrak, haragi zatiak, arropak... besterik ez. Desastrea izan zen», nabarmendu dio GARAri. «Plaza txikia denez, horko auzoko gehienak hil ziren. Ez zegoen etxerik hildakoren bat ez zuenik. Otxandioren beste aldean, berriz, inor ez», gaineratu du.

Igandeko ekitaldiari buruz, «kategoriakoa» izan zela esan du. «Izugarria izan zen, bizirik atera eta hala jarraitzen dugun guztiok egon ginen geure senideekin», plazaratu du. «Francoren garaian, Fraga barne ministroarekin, ezin genuen deus ere egin, eta, ondoren, ezta ere. Ikurrina ipintzen hasi zirenean hasi ziren lehen omenaldiak egiten. Gu terrorismoaren biktimak gara, baina ez digute ezer ordaintzen. Gu ‘gorriak’ gara, ez biktimak», helarazi du.

Bonbardaketaren eta gudaren eraginez jende askok alde egin behar izan zuen Otxandiotik. «Gu Bilbora joan ginen, beste batzuk Gernikara, Mungiara, Durangora...», gogora ekarri du. Bilbon bizitzen gelditu zen arren, opor garaian Otxandiora joaten da. «Hemen orain Palestinan gertatzen ari dena bizi izan genuen», laburbildu du.

Helburua, artxibategi propioa

Horren antzeko testigantzak bildu eta artxibategi propioa eta osatua edukitzea da Otxandioko Udalaren egitasmoa. Hartara, irailetik aurrera ikerkuntza lan sakona ipiniko du martxan, Aritz Otxandiano alkateak hedabidehoni azaldu dionez. Orain artean, joan den asteko ekitaldiak eta omenaldia prestatzen aritu dira buru-belarri. 75. urteurrenari begira, aipaturiko ikerketa mardul hori aurkeztuko dute, oraindik nola egingo duten zehaztu ez badute ere. Proiektu horren barruan, esaterako, herriko hilerrian dagoen hobi komuneko gorpuen identifikazioa dago. «Hainbat artxibo ere aztertu eta hortik barreiatuta dauden argazkiak batu nahi ditugu», esan du. Lan mardul hori egiteko ahal duten eragile eta elkarte gehienekin ipiniko dira harremanetan, hala nola, Aranzadirekin eta Eusko Ikaskuntzarekin.

Lehen urratsa lekukoen testigantzak DVD formatuan grabatzea izango da. Jada osatu duten zerrendan ehun izen dituzte. Horietatik batzuk ez daude hitz egiteko prest, «garai gogorrak ahaztu nahi baitituzte», Otxandianok esan duenez.

Oro har, balorazio oso positiboa egin du igandekoaz. «Gure helburua bonbardaketari garrantzia ematea zen, eta bai Francok baita modu faltsuan itxi zen trantsizioak ere ezarri zuten isiltasuna desagerraraztea», adierazi du.

Horrekin batera, belaunaldi berriek 1936ko gerran, diktaduran eta trantsizioan zer gertatu zen jakitea «oso garrantzitsua» dela uste du. «Nondik gatozen eta nor garen jakin behar dugu nora jo jakin ahal izateko», adierazi du.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Batasuna pide «la puesta en marcha ya de un foro de negociaciones multipartito»
Kultura
Herbie Hancock recogió el premio del festival
Jendartea
Nueva parada de Garoña debido a una anomalía en el sistema de refrigeración
Kirolak
Soldado: «Vengo a crecer como futbolista»
Jendartea
Condenados 8 jóvenes desalojados del Euskal
Mundua
EEUU no consigue que el Gobierno de Líbano acepte sus condiciones
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss