GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Mundua 2006-07-25
Guantanamoko preso bat errugabe jo du Gorenak
·Garzonen epaiak akusatuaren hitzak bere erara interpretatzen dituela dio Gorenak

Hamed Abderraman Ahmed ceutarrari Al Qaedako kide izatea leporatuta sei urteko espetxe zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzonek. Auzitegi Gorenak, baina, epaia baliogabetu du akusatuaren hitzen interpretazio okerra egiten delako. Ahmedek lau urte eman ditu espetxeratuta.

MADRIL

Estatu espainoleko Auzitegi Gorenak Guantanamon espetxeratuta egondako Hamed Abderraman Ahmed Hmido errugabetu du haren kontrako frogak oinarririk gabeak direlakoan.

Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak sei urteko espetxe zigorra ezarri zion Ahmedi iazko urrian Al Qaedako kide izatea leporatuta. Ebazpen horri eusteko froga nagusiak akusatuak epaitegi horretan eginiko deklarazioa eta epaiketa ziren, baina, Auzitegi Gorenaren iritziz, Garzonek komeni zitzaion moduan interpretatu zituen Ahmeden hitzak eta hori bidegabetzat jo zuen.

Ahmed kalean dago jada, baina guztira lau urte eta hilabete bi eman ditu espetxeratuta. Guantanamon urte bi egon zen, eta 2004ko otsailean Washingtonek Madrilgo agintarien esku utzi zuen. Estatu espainoleko kartzeletan beste urte bi eta hilabete bi eman ditu.

Gaizkiulertu ugari

Auzitegi Goreneko epaiak akusatuaren deklarazioan zein epaiketan bertan Baltasar Garzonek egindako gaizkiulertuak nabarmentzen ditu. Lehenik eta behin, eta Ahmedek ukatu zuen arren, Auzitegi Nazionaleko sententzian jasotzen da akusatua Ingalaterran izan zela. Bestetik, akusatuak Korana ikasteko eskola batean izan zela esan zuen, baina Garzonek «madraza-kanpalekuarekin» nahasten du ­hitz hori taliban borrokalarien entrenamendu gunearekin lotzen da eta ez dauka Koranaren eskolekin zerikusirik­.

Horrez gain, Ahmedek «martiritzat» jo zuen bere burua, «askatasuna kendu baizioten eta baldintza oso gogorretan egon baitzen», azaldu zuen akusatuak. Baina, Garzonek martiriaren beste esangura bat aukeratzen du, hau da, «islamaren fundamentalismoan erabiltzen den inmolazioarena». «Interpretazio hori inondik inora ezin da justifikatu akusatuaren erantzunekin», ebazten du Auzitegi Goreneko sententziak. Gainera, Garzonek ez ditu inon aipatzen Ahmedek Al Qaedako jokaerari buruz behin eta berriro adierazitako gaitzespenak.

Ahmeden kontrako beste frogak ere baliogabetu zituen Auzitegi Gorenak. Estatu espainoleko Poliziak Guantanamon «kontrol, muga eta berme barik» hartu zion deklarazioa, eta Ahmed Al Qaedak Estatu espainolean duen zelulako buruzagiarekin ustez lotzen zuten telefono dei kontrolatuak egin.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Batasuna pide «la puesta en marcha ya de un foro de negociaciones multipartito»
Kultura
Herbie Hancock recogió el premio del festival
Jendartea
Nueva parada de Garoña debido a una anomalía en el sistema de refrigeración
Kirolak
Soldado: «Vengo a crecer como futbolista»
Jendartea
Condenados 8 jóvenes desalojados del Euskal
Mundua
EEUU no consigue que el Gobierno de Líbano acepte sus condiciones
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss