Baionako jaiak
Berritasunik gabe, baina indarberrituta
Abuztuaren 2an hasi eta 6an bukatuko dira Baionako jaiak, eta aurten berritasun gutxirekin datoz. Aldaketa nagusiak; Karrikaldiaren kokalekua eta ostiral gauean egiten ziren behi lasterketak larunbat goizera pasatuko direla. Gaueko jaien ordez egunekoak gailentzeko xedearekin Iaz ezarri zuten goiz ixteko kanpainak jarraituko du.
BAIONA
Abuztuaren 4an, gaueko hamarretatik aurrera, Maskletaren suziriek urtero legez hasiera emango diote Baionako jaiei edo bestei, lapurtarrek dioten bezala. Ohiturak, zaharrak edo berriagoak, izanen dira aurten ere jaien programa gidatuko dutenak. Aspaldiko Leon erregearen gorteko martxek, behien lasterketek, danborradak, kontzertuek eta dantzaldiek duela urte gutxi sortu diren piper tortillaren munduko txapelketa edo Paquito Chocolatero erraldoiaren hitzorduekin eginen dute bat.
Aurten aldaketa nabarmena Karrikaldiak izanen du. Leinua, Ibaialde, BIL eta Tuntuna elkarteek antolatzen duten euskal giroaren bilgunea txokoa izatetik toki zabal bat izatera pasatuko baita. Karrikaldia osatzen zuten Dantzazpia, Baionan Kantuz eta taloak eta sagardoa orain arte Montaut plazan egoten ziren. Baina, tokia txikia gelditzen ari zela ikusita, abuztuaren 4tik goiti Lafayette galerien aitzinean den Jacques Portes plazan eginen da.
Baina, ez da hori Karridaldiak izango duen aldaketa bakarra, aurten eskainiko duten hitzordua lehengoak baino luzeagoa izanen baita. Dantzatzeko eta kantatzeko paradaz gain, afera horietan trebatuak diren talde eta pertsonek eginiko ikusgarriak ere eskainiko dira aurten. Egunero arratsaldeko lau eta erdietan hasiko da Karrikaldia profesionalen dantzarekin, eta gauean bukatuko da bestalarien dantzekin Karrikadantzaren giroan.
Karrikaldiko antolatzaile Jean-Marc Landarretxe oso pozik agertu zen atzo: «Euskal kulturak protagonismo handiagoa izango baitu orain Baionako bestetan». Azken urteetan Montaut plazan jende gehiegi elkartzen zela eta jende zaharrenak dantzatzeko aukerarik ez zuela izaten ikusita, herriko etxeari Karrikaldia tokiz aldatzea proposatu zioten elkarte antolatzaileek. «Oso erraza izan zen aldaketa, berehala jaso baikenuen baimena herriko etxetik», adierazi zuen Landarretxek.
Bigarren aldaketa nagusia ostiraleko behi lasterketen ordutegiaren atzeratzea izanen da. Tradizioz ostegun, ostiral eta larunbat gauez izaten da Paul Bert plazan behien inguruan korrika egiteko aukera. Beste hitzorduak ez dira aldatuko, baina ostiraletan jende gehiegi elkartzen zela ikusita, ordutegia larunbatera aldatzea erabaki du jaietako batzordeak. Larunbatean hamaika eta erditan izanen da aurtengo hitzordua.
Paquito Lagunak elkarteak hirugarren urtez jarraian munduko Paquito Chocolatero handiena antolatuko du Baionako jaietan. Aurten, hala ere, berritasun bat izanen da horretan Guiness Errekor liburuko langile bat etorriko baita marka hori zertifikatzera.
Iaz martxan jarritako itxiera orduen politikak indarrean jarraituko du aurten. Jean Grenet auzapezak argi adierazi zuen atzo Baionako jaiak eguneko jai bilakatu nahi dituztela.
Jaiak 24 orduz Interneten
BAIONA Baionako jaien web orrialdea zaharberritu dute aurten, eta orain webcam baten bitartez 24 orduz Baionako jaiak Internetez ikusteko aukera dago. Bestalde, orrialdean bertan egunero besten inguruko hiru minutuko erreportajeak eskainiko dituzte. Imajinak dira nagusi orrialdean, eta horregatik jendearen parte hartzea ere eskatzen dute herriko etxeko arduradunek; horretarako, edozein pertsonak bere argazkiak web orrialdean kargatzeko aukera eskainiko dute. Musikak ere bere txokoa badu jaietako orrialdean, txikienek Leon erregearen kanta entzun eta entsegatzeko aukera ematen du orrialdeak.
|