Soraluzeko jaiak
Doinu eta erritmo kubatarrak Santa Ana jaien azken txanpan
Parrandako hiru egun igaro ondoren, Santa Anak amaierara hurbiltzen ari dira. Jaietako azken bi egunak ekitaldiz beteta datoz, ordea. Asteazken gauean esan beharko diete festei gero arte. Izan ere, hau ez da jaien adioa, abuztuan berriz jaiak dira Soraluzen: Andramarixak. Orduan ere egun batzuetan gozatzeko aukera izango dute.
DONOSTIA
Soraluzen herriko jaiak ospatu dituzte asteburu honetan. Oraindik ere bi egun gelditzen zaizkie Santa Ana jaiak bukatzeko. Ekitaldiz betetako bi egun izango dira. Urtero festa horiek uztailaren 25 eta 26 inguruan ospatzen dituzte, Santiago eta Santa Ana egunetan, hurrenez hurren. Hasieran, Santa Ana kaleko jaiak ziren, baina urteak joan ahala, herriko jai nagusi bilakatu dira. Hainbat ekitaldi egiten dituzte egun horietan:Santa Anaren omenezko meza, danborrada... baina horiek ez dira Soraluze herrian egingo dituzten ekintza bakarrak.
Programa alternatiboa
Soraluzeko zenbait eragilek egitarau propioa prestatu dute, festak euren modura ospatu eta aldarrikapena egiteko asmoz. Ostiralean hasi ziren. Orain, programa alternatibo horri ere bi egun besterik ez zaizkio gelditzen, gaupasa eguna eta presoen aldeko eguna, baina ekintzaz lepo dago. Gaur izango da gaupasa eguna Soraluzen. Ospakizunak 17.00etan hasiko dituzte gazteek, nahikoa atseden hartu ondoren. Ordu horretarako mus, tute eta futbolin txapelketak aurreikusi dituzte herriko gaztetxean. Arratsaldea jolasean igaroko dute, eta gauean festa kubatarra izango da. Aipatu festa Gorrigainen egingo dute, eta goizaldera arte iraungo du. Kubatar giroa ez da gaueko animazio bakarra izango, dena den. Goizaldeko 03.00etan kulero eta galtzontzilo lasterketa egingo dute gaztetxetik hasita. Ondoren, eta parranda amaitzeko, orain arte gauetan izan diren bezalaxe, jolas bereziak izango dira Gorrigainen. Biharkoa presoen aldeko eguna izango da, eta egitekoak goiz hasiko dituzte. Lehenengo, goizeko 08.00etan, gaupaseroei sari-banaketa egingo diete gaztetxean. Gero, ez dago ekintzarik prestatuta bazkalordura arte. Hala, gazteek deskantsatzeko denbora izango dute, azken eguna eta gaua parrandan iraun ahal izateko. 14.30ean, herritik urrun daudenen omenez bazkaria egingo dute; herriko presoen aldeko bazkaria, alegia. Ez da programaren barruan beste jarduerarik jaso gauera arte. Gauerdian Marrasi agur esango diote Gorrigainen eta errifa zozketak ere egingo dituzte. Azkenik, eta festetako gau guztietan egin izan duten bezala, 04.00etan jolas bereziak egingo dituzte jaiei amaiera ona emateko:aulki jokoa, barruak...
|