Josebe Egia
Udako berotasunean
Uda izaten da, zalantzarik gabe, harreman pertsonal berriei bidea emateko irekiagoak sentitzen garen urtaroa. Beroagatik izango da, paisaia aldaketagatik, erlaxazio giroa arnasten delako, emozionalki ere oporrak hartzen ditugulako... auskalo! Baina errealitatea da udan istorio berri ugari izaten direla. Oro har, amodiozko istorioak deiturikoak.Haratago joaten diren istorioak, edo gau berean hasi eta amaitu egiten direnak, zoriontsu egiten gaituztenak edo bihotza ukituta uzten digutenak. Denek, ordea, ezaugarri komun bat izan ohi dute: hasieran, behintzat, iragankortzat jotzen ditugu. Udak dauzkan berezko ezaugarriak harreman horietara eramaten dira, hala nola, beroak, dibertigarriak, askeak eta motzak. Agian, hain zuzen horregatik, normalean baino sutsuagoak eta liluragarriagoak iruditzen zaizkigu, oroimenean gordetzeko altxor txikiak. Nork ez du, heldutasunean, gaztaroko udaren batean ezagutu izandako pertsona bat samurtasunez gogoratzen? Zeren egia baita hormona dantzarien eta seko maitemintzeko asmo osoaren fenomenoa gehienbat gaztaroan ematen dela, eta bereziki bere urrezko garaian, hau da, nerabetasunean. Ez dut gogoratzen nirean zer zen istorio horietan bilatzen nuena, zer espero nuena zerbait bilatzen edo espero banuen, urrun samar gelditzen baitzait, baina duela gutxi egunkari honetan argitaraturiko gida bati buruzko artikuluak egungo nerabeei eta euren arteko harremanei buruzko hausnarketa egitera bultzatzen nau. «Udan ligatzeko nerabeen gida» izenburupean, liburuxka bat atera da hamabost eta hamazazpi urte bitartean dituzten gazteei egindako inkestetatik abiatuta. Bertan, ligatu ahal izateko zer egin behar duten aholkatzen diete mutilek neskei eta alderantziz. Arlo honetan gazte askok izaten dituzten zailtasunak aintzat harturik, printzipioz ez dirudi ideia txarra eurek esanda jakitea nola dagoen panorama. Panoramak, ordea, lehenik harrituta eta ondoren kezkatuta utzi nau. Eskola mistoek, hezkidetzak eta berdintasunerako bidean emandako hainbat urratsek, dirudienez, ez dute ezertarako balio izan aspektu honetan. Gida honetan jasotzen diren aholkuak nerabeen eta euren ikuspuntuen errealitatearen islatzat jo badaitezke, oraindik lan handia dagoela egiteko eta neurri eraginkorragoak bilatu edo asmatu beharko ditugulakoan nago. Izan ere, neskek agerturiko aholkuetan jasotzen diren balioak egokiak iruditzen zaizkit, edonolako harreman osasuntsua ahalbidetuko dituztenak: mutilak samurrak izatea, dibertigarriak, hizlariak, senti- berak, denbora hartzea konfiantza bereganatzeko... Alderantziz, neskei zuzendutako mutilen aholkuek ez dute ezertarako nortasunik edo jokabiderik aipatzen. Kanpoko itxura da soilik baloratzen dutena eta itxura hori sexualki motibatuko dituen estetika baten barruan: arropa sexya janztea, tanga erakustea, bularraldea begi bistan eramatea, ilea luze uztea, keinu limurtzaileak egitea, adibidez. Euren berehalako desioei erantzungo dien objektu sexual gisa ikusten dituzte neskak, eta hori da, besterik gabe, beraiengan bilatzen dutena. Gehiago ere merezi dezakeela ez dirudi, ezta otu ere egiten zaienik. Batek pentsa lezake nerabe izatearen berotasunak sorturiko iritzi edo fantasia iragankorra besterik ez dela, heldutasunean eraldatzen dena beste balio batzuei lekua eginez. Baina ez da kasualitatea oraindik ere mutil gazteek neskei buruz edukitzen jarraitzen duten kontzeptua halakoa izatea. Jendarteak halako emakume modeloa proiektatzen segitzen baitu etengabe, zineman, aldizkarietan, publizitatean, baita helduok askotan dauzkagun jokabideetan eta botatzen ditugun iruzkinetan ere: sex-bomb bat izateak dakarren arrakasta, dakarren besteen balorazio positiboa. Gaztetatik emakumea gizonezkoen gogoa asetzeko objektutzat ikusten ohituz gero, harremanak horrela bizitzen ikasiz gero, etorkizunean arazoak etortzen dira frustrazioak eraginda, errealitatearen perspektiba ezak bultzatuta. Orduan datoz oihuak, irainak, kolpeak eta erailketak. Ondorioz, emakumeenganako bortizkeria ezin amaitzea eta elikatzen jarraitzea. Kateak gaztetasunean daukalako hazia. Beraz, zentzu horretan ez ditzagun gure gazteak begi-bistatik galdu. Bitartean, ahal dugunok oporrak hartzera goazen egun honetan, bakarrik zaudetenoi istorio zoragarriak bizitzea opa dizuet eta jada badaukazuenoi horiez gozatzeko, eta den-denoi udaz asko disfrutatzeko.- jegia@gara.net
|