TENPERATURA ALTUAK
Gehiegi hozten ez den beroa
Berotik ihes egiteko aukera gutxi eskaini digu aurtengo uztailak. Eguraldiaren inguruko kexa asko entzun ditugu egin duen aro beroaren eraginez, baina aurtengoan tenperatura maximoak ez dira izan nabarmendu direnak, tenperatura minimoak baizik. Azken asteotan izan diren tenperatura minimoek marka guztiak hautsi dituzte, garai honetan ohikoak direnak baino sei gradu gehiagoko tenperaturak izan baitira. Haurrak eta helduenak izan ohi dira beroak gehien kaltetzen dituenak, baina nekazariek ere galera handiak jasan behar dituzte, batez ere, abereak tartean badaude.
DONOSTIA
Urtu beharrean, Euskal Herrian azken asteetan egin duen beroa handia da eta inguruak freskatzeko premia handia du. Horixe da kalean eta batan eta bestean bolo-bolo dabilena. Euria maite ez duten horiek ere amore eman eta freskatzeko premiaz mintzatzen dira. «Ez da giro, lehen beroa hor beheko gauza zen baina, hemen ere ez da giro», zioen emakume batek orain egun gutxi haizegailua astindu eta astindu zebilela. Haur eta helduenei jartzen zaie arreta kasu hauetan eurak baitira beroak gehien kaltetzen dituenak, baina gazteak ere ederki okituak ditu, ez hainbeste beroak, hoztu ezinak gehiago. Izan ere, tenperatura maximoak baino tenperatura minimoak ari dira aurten marka guztiak hausten. Hori erakusten dute Donostiako eta Loiuko aireportuetan lortutako datuek. Adierazgarria da iragan uztailaren 21ean Hondarribian hartutako tenperaturarik baxuena 23,9 gradukoa izan zela. Oro har, adituek diote tenperatura baxuek batez beste sei gradutan gainditu dituztela orain arteko markak. Hondarribian uztailaren 21ean izandako tenperatura da orain arte lortu den tenperatura minimo altuena. Hala ere, EuskalHerriko beste hainbat txokotan ere, tenperatura minimoak marka horietara iritsi ez diren arren, horietan egindako tenperaturak ez dira baztertzekoak. Bildutako datuen arabera, Igeldon uztailaren 17an izan zen tenperatura minimo altuena 22 gradukoa izan zen, baina ohikoena 21ekoa izatea litzateke. Era berean, Bilbon ere 21 gradutik gorako tenperatura minimoak egin ditu hileko bost egunetan, eta altuena uztailaren 27an egin zuen. Gasteizen, berriz, uztailaren 25 eta 27an, 19 gradu errejistratu ziren eta horiek dira aurten Arabako hiriburuan orain arte lortutako tenperatura minimo altuenak. Gasteizen, hiria kokaturik dagoen altuera kontuan harturik, 18 gradutik gorako tenperaturak bero itzela adierazten du; hortik gorakoak egin ditu, hain zuzen, uztailaren 21, 25, 26 eta 27an. Iruñean ere Gasteizen izandako antzeko tenperatura minimoak egin beharko lituzke, baina Nafarroan ere beroa ederki nabaritu da. Hori erakusten duen datu adierazgarria honakoa: uztaileko lehen 27 egunetatik 14tan beroak 18 graduko tenperatura gainditu ditu. Tenperatura minimo altuen arrazoia zerua hodeiz estalita egotean datza. Lurrak egunean bildutako beroa botatzen du gauean eta zeruak hodeitsu badirau bero hori hodeietara zuzentzen da. Hodeiek jasotako hura lurrera bidaltzen dute berriro ere, eta beraz, beroa hodeien eta lurrazalaren artean geratzen da. Aro beroa protagonista izan dugun arren, tenperatura maximoak ez dira, beste urtekoekin alderatuta, nabarmentzekoak izan; ez dute marka berririk egin, ez Igeldo, Hondarribia, Bilbo, Gasteiz edota Iruñean. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko hiru hiriburuetan uztailaren 18an izan ziren tenperatura maximo altuenak, horietatik altuena Bilbokoa izan zen, 37,8 gradukoa. Iruñean, berriz, uztailaren 10 eta 26an lortu ziren tenperatura maximo altuenak, 37,6 eta 36,5 gradukoak, hurrenez hurren. Igeldoko behatokitik adierazi dutenez, aurtengo uztaileko minimoek marka guztiak hautsiko dituzte, 1928. urtean izandakoak gradu batez gaindituta. 1928ko uztail hartan 20,6 graduko batez besteko tenperatura izan zen eta aurten 21,5 eta 22 gradu artean amaituko dugu hilabetea, azken egunetan tenperaturak beheranzko joera izango duen arren.
|