GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kirolak > ARRAUNA 2006-07-31
- San Miguel Liga (TKE) -
Lehen txandari probetxua atera eta Urdaibaik lehen garaipena lortu du
·Bou Bizkaiak estropada bikaina egin zuen, eta Hondarribia liderra bigarren izan zen

DONOSTIA

Azkenean bai. San Miguel Ligako zortzigarren estropada puntuagarrira arte zain egon behar izan du, baina azkenean Urdaibaik bere maila erakusteko aukera izan du, baita denboraldiko aurreneko garaipena eskuratzeko ere, Pasaia Portuko Banderan. Horretaz gain, atzo lortutako hamabi puntuek sailkapen nagusian bederatzigarren postutik zazpigarrenera jauzi egiteko balio izan die. Hondarribia bigarren izan zen, etasailkapenean Castrorekiko duen aldea beste bi puntutan gehitu du.

Lehen txandan aritu behar izan zen Urdaibai. Berez zerbait polita egiteko aukera zuen atzo talde bizkaitarrak, erlojuaren aurkako proba izanik, ez baitzuen beste inorekin parez pare lehiatu beharrik izan eta halakoetan talde indartsuak ondo moldatzen baitira, baina garaipena lortzeko aukerarik izango zuenik inor gutxik uste zuen estropada hasi aurretik.

Patxi Bilbaok zuzentzen duen taldea lehen txandako azkena izan zen irteten, eta bere aurretik lanean hasitako Pasai Donibaneren, Laredoren eta Zumaiaren denborak hobetzea lortu zuen.

Lehen maniobran hiru segundotan hobetu zuen Bou Bizkaiak Telmo Deun-ek egindako denbora. Ordura arte Zumaiarrena zen denborarik onena. Hortik aurrera, ordea, bizkaitarrek erosoago jardun zuten arraunean, presiorik gabe, eta luzetik luzera aldeak handitzen joan ziren. Bigarren ziaboga egin ostean hamar segundokoa zen Zumaiarekiko zuen aldea.

Hurrengo luze bietan Urdaibaik hegan egin zuen, eta azkenean helmugako balizan bigarren izandako Zumaiari ia 27 segundo kendu zizkion. Asier Aregok gidatutako Bou Bizkaiak denbora oso ona egin zuen, eta argi zegoen hurrengo txandetako ontziek lan bikaina egin behar izango zutela marka hori hobetzeko. Hiru ordu laurden inguruko sufrimendua izan zen, baina bermeotarrek pozik ospatu zuten garaipena.

Bigarren txanda, eskasena

Ondoren arraunean egin behar izan zutenMecosek, Arkotek, Cabo da Cruzek eta Zarautzek izan zuten jardunaldiko baldintzarik eskasenak. Haizea nabarmen indartu zen ­lehen txandan 11 kilometro orduko haizea izan zen, eta bigarrenean 14 kilometro ordukoa­ eta, era berean, itsasoaren egoera ere kaskartu egin zen.

Cabo da Cruz izan zen txanda horretako azkarrena. Zarautzek markatu zituen erreferentziarik onenak ia proba guztian zehar, baina azken luzean galiziarrak hobeto moldatu ziren. Enbatak, hala ere, lan txukuna egin zuen. Arkote eta Mecos izan ziren hirugarren eta laugarren, hurrenez hurren. Plentziarrek ez dute astebururik onena izan.

Hondarribia, ohorezkoan

Ohorezko txandako ontziak falta ziren oraindik. Haizea ahuldu egin zen ­12 kilometro orduko­, eta Urdaibairen denbora hobetzeko aukera egon zitekeela pentsatu zuen batek baino gehiagok. Laster ikusi zen, ordea, halakorik ez zela gertatuko, lehen ziabogan txandako denbora onena egindako Castrok Urdaibaik baino 11 segundo gehiago behar izan zituelako puntu horretan.

Hondarribiak pixkanaka-pixkanaka gora egin zuen, eta txandako azkarrena izan zen azkenean, Pedreñaren, Castroren eta Orioren aurretik, irabazleengandik 10 segundora.



Patxi Bilbao: «Gure aukerak ondo aprobetxatu ditugu»

DONOSTIA

Urdaibaiko prestatzaileak gorriak ikusi ditu orain arte. Arkotetik iritsita, entrenatzaile bermeotarrak maila handiko arraunlariak fitxatu ditu Bou Bizkaiaren proiektu berri horretarako, baina gauzak ez dira nahi bezala atera. Atzo, ordea, talde bizkaitarraren egoera erabat aldatu zen, eta hori dela-eta, gustura zen Patxi Bilbao.

«Gustura nago, zeren azken finean, askotan entrenatzen ditugun gauzak gero ez dira behar bezala irteten estropadan, eta gaur, agian erlojuaren aurkako proba izan delako-edo, kontzentratuta joan gara eta ondo irten dira gauzak», azaldu zuen.

«Atzoko estropadaren ostean apur bat buru-makur geunden, baina talde indartsu batek aurreko egunean emaitza txar bat lortuta ere gero ehuneko ehunean prest dagoela erakutsi behar du, eta gaur mutilek hori egin dute. Gure aukerak aprobetxatu ditugu, eta gero haize pixka bat altxatu da. Orain arte izan ez dugun zortea izan dugu gaur», adierazi zuen.

«Bigarren txandan haize gehiago egon da, baina azkenengoan ez da hainbesteko alderik egon. Laugarren luzean, esate baterako, errekaren korrontea aurka izan dugu, marea beherantz joan delako, baina azkenengo txandakoek ez dute horrelako korronterik eduki, eta azken luze horretan segundo bat ere ez digute kendu, eta horrek esan nahi du kristoren estropada egin dugula», gaineratu zuen.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Kirolak
Lehen txandari probetxua atera eta Urdaibaik lehen garaipena lortu du
Jendartea
Gehiegi hozten ez den beroa
Jendartea
Mueren dos motoristas y una persona arrollada por el tren
Jendartea
Una multitudinaria pelea obliga a cerrar el metro en Getxo
Euskal Herria
Askatasuna llama a acudir a Lezama el día 5 para despedir a «un militante íntegro»
Mundua
Misiles israelíes causan en Qana 57 muertos, la mitad de ellos menores
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss