Samuel Johnsonek bere biografo ospetsuena izango zen James Boswelli esan zionean patriotismoa (-tasun eta -keria atzizkien tautologiak saihesteko bederen zilegi bedi mailegua) zela alprojaren azken gordelekua, nekez igarriko zuen zein egia galanta izaten jarrai zezakeen bere burutazioak 240 urte geroago ere. Zeharbidez ere.
Kasualitatea izango da, baina bai kasualitate mamitsua, Raytheon konpainia estatubatuarrak sortu eta AEBen nahiz haren aliatu estuenen armategiak hornitzen dituen MIM-104 lur-aire misilen goitizena Patriot izatea. Fabrikatzailearen esanetan, Phased Array Tracking to Intercept Of Target akronimotik letorke deitura. Marketin arduradunen soldata justifikatzen duten «kasualitate» horietakoa da, ziur.
Gezur usainaz inguraturiko arma izan da beti Patriot misila. Iskanbilarik handiena, 1991ko Golkoko Gerran ospea lortu eta segituan sutu zen, urrutiko intxaur haiek zenbatu beharra iritsi zenean. Irakek jaurtikitako Scuden aurkako efektibotasuna (prezioa aski mardula zela jakina baitzen aldez aurretik) norainokoa izan zen zehazterakoan jakin zen, adibidez, Patriot-aren oinarrizko software akats batengatik iritsi zela bere jo-puntura Dahranen 28 soldatu estatubatuar hil zituena misil irakiarra.
Kasualitatea izango da, era berean, orduan Patriot misilen efektibotasuna hutsaren hurrengoa zela esaka atera ziren israeldarrak izatea orain, hamabost urte geroago, Israel iparraldeko hiriguneen aurka Hezbolak jaurtikitzen dituenei aurre egiteko Patriot horiexekin «ezkutu» bat eratzeko asmoa iragarri dutenak.
Egia balitz, pozak txoratzen egon behar luke Nasrallah buruzagiak. Arrunki, Patriot bateriek hiruna misil jaurtikitzen dituzte airean etsaia antzematen duten bakoitzean. Gogoan izaten badugu Hezbola egunero 125 bat misil botatzen ari dela (bere armategian dituenen ehuneko bat, batzuen kalkuluen arabera), eta Patriot bakoitza baino askoz merkeagoa dela haietako bakoitza... nahiko argi legoke nork irabazi behar lukeen. Zenbakien poderio huts-hutsez.
Bere herritarren segurantzia sentipen hauskorra suspertzeko trikimailu hauetatik haratago, ordea, 2000n Libano hegoaldetik zergatik erretiratu behar izan zuten gogorarazi dien Bint Jbel-eko porrot gogoangarriaren ondoren, Israelgo Armadak betikoan jarraituko du: zibilak bonbardatzen.
Apustu. -