SORHUET-ETXETO
40
LARRETXEA-KURUTXARI 26
BAIONA
Sorhuetek eta Etxetok beren mailarik onena eman zuten herenegun gauean Baionako Masterreko final-laurdenetako partidan, eta finalerdietan izateko txartela eskuratu zuten.Partida erosoa izan zuten, lehen botetik kontrolpean izan zuten-eta. 9-0 aurreratu ziren, eta sekulako abiadura eman zioten kanporaketari. Hala ere, Larretxeak eta Kurutxarik 2-9ko partziala egin zuten, 11-9 jarri ziren, eta bazirudien partida luzea izango zela.
Hurrengo kintzeetan ere, norgehiagoka pare samarrean joan zen, baina berriro ere Sorhuetek eta Etxetok aurre hartu zuten, eta zuloa egiten hasi ziren. 30-20 aurreratu eta hamar kintzeko aldea egin zuten.
Pilotan ez da dena erabakita egoten, baina neurketak zeraman norabidea ikusita, oso zaila ematen zuen Larretxeak eta Kurutxarik horri buelta emango zienik, eta horrelaxe izan zen, Sorhuetek eta Etxetok finalerdietarako txartela lortu baitzuten. Etxetok erabat menderatu zuen Kurutxari; Sorhuetek aukerako pilota asko izan zituen aurrean, eta horrek ez zuen barkatu. Larretxeak, berriz, aukera gutxi izan zituen jokoan sartzeko.
Partida horren ostean, honela geratzen dira Baionako Masterreko finalerdiak: asteazkenean, Waltari-Martinez de Irujo Ibarrola-Ozafarinen aurka neurtuko dira, eta ostegunean, Idiart-Ezkurra II.ak Sorhuet-Etxetoren aurka jokatuko dute. Finala, igandean izango da.