Plaren eta Lorenteren egoera salatzera deitu du Etxerat-ek
David Pla eta Aitor Lorente presoen «askatasunerako eskubidea» urratu dela salatu eta espetxe politika EPPKren kontra ezartzen diren «salbuespen neurrien» adierazle dela plazaratu du Etxerat-ek. Gertaera horien kontra egingo diren mobilizazioetan, eta, konkretuki, gaur Iruñean egingo den elkarretaratzean parte hartzera deitu du.
IRUÑEA
David Pla eta Aitor Lorente euskal preso politikoek aske egon behar zuten uztailaren 25az geroztik, baina Baltasar Garzon epaileak behin-behineko espetxean edukitzea erabaki zuen, Santiago Pedraz epaileak «froga faltagatik» itxi zuen auzia zabaldu ostean. Egun horretan, Plaren eta Lorenteren senideak Valdemoroko espetxeko atean egon ziren zain.Garzonek Pedrazen oporraldia probestuz harturiko erabakia gogor salatu, eta «pertsona orori dagokion askatasunerako eskubidea» urratzen duela nabarmendu du Etxerat-ek. Ildo horretan, egun indarrean dagoen espetxe politika EPPKren kontra ezartzen diren «salbuespen neurrien» adierazle dela helarazi du. Horien helburua aipaturiko kolektiboa politikoki, psikologikoki eta fisikoki suntsitzea dela eta estatu espainol nahiz frantsesaren jarrera argi islatzen dutela berretsi du. Beste behin ere, Etxerat-ek presoen oinarrizko eskubideen urraketa eta horrek senideengan duen eragina amai daitezela exijitu du. «Euskal Herriko politikaren etorkizun demokratikoa eta kolektiboaren instrumentalizazioa baino bilatzen ez duen espetxe politikak ez zuen inoiz existitu behar izan. Iraganeko kontua izatera pasatu beharko luke», plazaratu du. Horrez gain, presoen izaera politikoa eta prozesuan zuzenki parte hartzeko duten eskubidea aitor ditzatela eskatu du. «Konponbidean sor daitezkeen eztabaidetan presente egon behar dute, eta eragileekin harremanak era naturalean izan behar dituzte», nabarmendu du. Hartara, gizarteari sakabanaketa eta «modu sistematikoan ezartzen diren salbuespen neurriak» arbuiatzera hots egiten dio Etxerat-ek. Halaber, Plaren eta Lorenteren egoera eta halako gertaerak salatzeko egingo diren mobilizazioetan esku hartzeko deia egin du, zehazki, gaur, ostiralero bezala, senideen elkarteak antolatuta Iruñeko Sarasate pasealekutik abiatuko den elkarretaratzean. ELA, LAB, Aralar eta Batasunak beren atxikimendua eman dute. Batzarrek Garzonen erabakia «bidegabekeria» dela esan du. «Ezer onik ekarriko ez duen eskubideen urraketa da, eta mendeku nahia besterik ez dute eragiten», esan du. «ETAri behin betiko armak utz ditzala exijitzea ez dago kontrajarria presoen giza eskubideen errespestuarekin eta jardunbide demokratiko batekin», esan du. Bestetik, asteartean 110 lagun elkarretaratu ziren Arriagan presoen eskubideen alde, asteazkenean, 35 lagun Atarrabian eta atzo 46 Iruñeko Alde Zaharrean, 27 Arrosadian eta 65 Txantrean.
|