Uztail madarikatua! Udako hilabete hau, saminezko eta doluzko hilabete bilakatu da hainbat eta hainbat euskaldun seniderentzat. Euskal borrokalarien senideentzat, hain zuzen ere.Oraingoan, Iñaki Rike dugu, preso politiko ohia eta ondoren iheslaria, doluzko zerrenda hau osatzera datorkiguna. Txorierriko gure Turroi izan da oraingoan, hori baitzuen ezizena Euskal Preso Politikoen Kolektiboa osatu dugunontzat. Orain bi aste hotzikaraz hartu genuen haren gaixotasunaren berria. Hotzikaraz hartu bai, baina itxaropenez, gaitzari aurre egingo ziolakoan. Sinesgaitza egiten zitzaigun hainbat eta hainbat borrokari aurre egin eta oraingoan gaitz madarikatu batek bere presentziarik gabe utziko gintuela.
Azkar joan da guztia, oso azkar, ohartu gabe utzi egin gaitu gure Turroi-k. Puskatuta, bihotz hondoraino minduta utzi gaitu Txorierriko gure hartzaren galerak.
Militante konprometitua, presondegian hamaika borrokatan aritutakoa. Herreran maiz bakartze moduloko apopilo; Badajozen, aldiz, gose-greba luzeetako partaide, eta horrela, ia bi hamarkadatan, presondegietako bizimodu latzean. Borrokaldi luzeak, bisitarik gabeko hilabeteak, maite zituen Mari Karmen eta Larraitz musukatu gabeko urteak eta urteakŠ
Horrela igaro zuen bere bizitzako zati bat gure Turroi-k. Borroka eta herria.
Gure herriaren egoera politikoarekin beti arduratsu, baikortasuna zerion alde guztietatik, baita egoera zailetan ere, bazekien bere umore ukitu hori jartzen. Ez zen, ez, makala gure Turroiren dohaina.
Sei urte dira presondegia utzi eta bere sorterrira itzuli zela. Preso egon garen guztiak bezala amets zakua betea zuela itzuli zen gure laguna. Mari Karmen eta Larraitzekin elkartzeak, bizitza beraiekin konpartitzeak eta Armotxa baserrian zituen ilusioek betetzen zituzten bere egunerokoak. Horretan zetzan bere bizimodua, orain urte eta erdi arte, berriz ere herriarekin konprometitua eta oraingoan presondegiko bidea ez, baizik eta erbesterako bidea hartu behar izan zuen arte.
Igarotakoak igarota ere, berriz ere samina, baina egoera berriaren lehen mementoko une latzak igarota, gure Turroi-k jakin zuen erbesteari aurre egiten, eta nola gainera!
Bere ibilbidea herriarekiko konpromiso bilakatzen da, berea Mari Karmen eta Larraitzena bezala. Izan ere, bere ibilbidean ondoan izan ditu beti bere bi printzesak, hirurak uztarri beretik lotuak baitzeuden.
Hainbeste maite zuen herria, berak borrokatu eta amesten zituen garaiak sortzear daudenean utzi gaitu. Garai berriak dira bai, baina estatuen agintarien balizko borondatearen gainetik, hemen eta gaur, egoera berri honetara ekarri gaituenak dena eman duten Turroi eta Turroi bezalako gizon-emakume duinei zor diegu.
Turroi-k esango lukeen bezala, «konfiantza gidaritzan», ezin baitugu askatasunaren bidea gertaera zehatz batekin neurtu, horren arabera gaur kopetilun eta bihar pozez gainezka egoteko; sustraietara joan behar dugu, gure herriari zor zaizkion eskubideak errespetatuz, horrela soilik bukatuko baitugu sufrimendu honekin. Mendeetako borroka da gurea, goizetik gauera konponduko ez dena, beraz, baina bitartean badugu zeregina; urrutira gabe, datorren larunbatean Lezaman Iñakiri egingo zaion omenaldira joatea.
Egun handira arte lagun, jakin ezak hirekin batera gure borrokaren ibilbideko zati baten oroitzapenak dagozkiala, barruan txertatzen direnak ezabatu ezinak baitira, gure herriaren askatasuna bezalaxe. -
(*) Artikulu hau honako preso ohi hauek ere sinatzen
dute: Joxe Migel Azurmendi, Joxean Agirre Agirre, Fernando Arburua Iparragirre,
Kiko Marti- nez Apeztegia, Josu Ormaetxea Antepara, Agustin Muiños Diaz, Joxean
Etxeberria eta Mitxel Sarasketa.