Xabier Silveira - Bertsolaria
Ilargiraino eta buelta
Badira gauzak hitz lauz lau hitzetan erratera ausartzen ez garenak. Badira hitzak ahoan trabatzen zaizkigunak bularpea erritmo gabeko konpasean dantzari jartzean. Badira hitzak erran ezean damutzeko aukera asko eta asko ematen dutenak. Adibidez, �maite zaitut�. Neronek ere, norbaitek bi hitz magikoak esan nahi eta ezinean zegoela, mozorrotutako aitortza bat jaso nuen, musikatua, Pirritx eta Porrotxek abestua. �Koloretako ametsak esna nagoenean eta ezin loak hartu gaua iristen denean. Saltoka hasita hegan egiteko gogoa, nire bihotza taupaka aire ertzera doa. Elkarrekin hankaz gora buruz behera jartzean, tunelean sartu eta irrintzika hastean, bitxiloreekin pultsera egin dizudanean, begietara begira hauxe nahi dizut esan: Maite zaitut, maite- maite zaitut; pila, pila, pila patata tortilla! Maite zaitut. Maite-maite zaitut, ilargiraino eta buelta maite zaitut�. Egoeraren berezitasunean galdua, horrelakoetan garunak edukitzen duen zentzugabeko analisiak egiteko parada ederra izan nuen eta ohartu nintzen udako kantaren aurrean nengoela. Manborako abesti ederra zela, alegia! Baina txunditua eta irribarre infantil batez entzuten jarraitu nuen. �Begietako dirdira, irribarrea ahoan, ezin ditut ezkutatu zu ikusterakoan; hanka eta eskuetan, gorputzean, dardara; nire bihotza taupaka aire ertzera doa. Elkarrekin ortzadarra margotu dugunean, ispiluan nire izena idatzi duzunean, irratia piztu eta doinu hau entzutean, begietara begira hauxe nahi dizut esan: Maite zaitut, maite-maite zaitut; pila, pila, pila patata tortilla! Maite zaitut. Maite-maite zaitut, ilargiraino eta buelta maite zaitut�. Sentimendu zehatz baten argazki idatzia gutxitan irakurri dut hain argi. Iristen den abesti bat eta edonor dantzan jartzeko modukoa, pailazo hauena. Eta mezu argi bat: maite zaitut. Eta, itxuraz, ez naiz hau sentitu duen bakarra, herrietako festetako abesti dirdiratsuen bilakatzen ari baita udaren joanean. Ez dira umeak �pila, pila, pila patata tortilla� abesten dutenak, ez. Gandordun neska, alkandora laukidun mutila, sekreta dirudien gizona� denak hasten dira saltoka kantuaren lehen notak entzuterako. Izan liteke erran beharra, izan liteke sentimendu erreprimituen batura. Nahi duzuena. Kontua da euskal herriak abesten duena, azkenean, sentitzen duena dela. �No hay tregua� abesten zuenean bezala. Por que cuando se aprende a llorar por algo, arrazoi bakarra dago beti: Maite zaitut. Ilargiraino eta buelta maite zaitut, ttiki. -
|