Zaleak, asteburu zirraragarri baten aurrean
DONOSTIA
Arraunzaleak asteburu zirraragarri baten aurrean daude. Izan ere, sei estropada jokatuko dira Traineruen Kluben Elkarteak (TKE) zein Kantauriko Arraun Elkarteak (KAE) antolatuta larunbata eta igandea bitartean.TKEren aurreneko hitzordua larunbatean izango da, Zumaiako XXI. Ikurrina jokatuko baitute 18.30etik aurrera. Asteazken arratsaldean aurkeztu zuten proba Zumaia Arraun Elkarteak eta herriko Udalak, eta proba lau luze eta hiru ziabogara jokatuko dute. Igandean, ostera, Hondarribiko XIX. Ikurrina jokatuko dute TKEko hamabi ontziek eguerdiko 12.00etan hasita. Hondarribia Arraun Elkarteak atzo aurkeztu zuen estropada. Herriko zaleak proba heltzeko zain daude, Ama Guadalupekoa San Miguel Ligako lider dela iritsiko da-eta. KAEk antolatzen duen ligan, berriz, lau estropada jokatuko dituzte asteburuan. Larunbatean Ondarroan izango dute proba lehen mailako ontziek, 17.30etik aurrera. Bigarren mailakoak, aldiz, Getxon arituko dira arraunean, 12.00etan hasita. Igandean, berriz, lehen mailako hamabi traineruak Donostiako badian egingo dute arraunean 12.00etatik aurrera. Arratsaldean, 18.30ean, bigarren mailako ontziek hitzordua izango dute Zumaian. KAEko lau estropada horiek guztiak lau luze eta hiru ziabogara jokatuko dituzte.
TKEren kontrolak
Bestalde, TKEk atzo bertan eman zuen aditzera 2006 denboraldi honetan dopinari aurre egiteko 31 kontrol eta 83 odol-analisi egin dituztela orain arte, eta ez dela positibo bat bera ere ez izan.
|