GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-08-13
Amaiurreko gazteluaren erabateko suspertzea gero eta gertuago
Pixkanaka-pixkanaka ari da berpizten Gaztelako inbasioari aurre egin zion Nafarroako Erreinuko gaztelu bakarra. Izan ere, Aranzadi elkartea, Udako Euskal Unibertsitatearen, Udalbideren eta Amaiurreko Udalaren laguntzarekin, Amaiurreko gotorlekuaren induskatze lanetan ari da. Orain arte oso gutxi aztertu dute, baina kontuan hartu behar da hamabi egun bakarrik daramatzatela bertan. Gotorlekuko mendebaldeko harresiaz eta ekialdekoaren zati batez gain, animalia hezurrak, txanponak, bala bat, zeramika pusketak, iltzeak, labanak eta beste hainbat gauza aurkitu dituzte orain arteko azterketari esker.

AMAIUR

Mendeetan zehar lur azpian egon eta gero, nahiz eta ez oso sakonean, egia esan behar bada, Amaiurreko gaztelua suspertzen hasi da, zehazki, orain hamabi egun Aranzadik induskatze lanak hasi zituenetik.

Aztarnak hamabost zentimetrora besterik ez daude zenbait tokitan, eta induskatze lanen zuzendariak, Aranzadi elkarteko Juantxo Agirrek, argitu moduan, oraingoz «oso gutxi» aztertu dute, «%10 inguru, zenba- teko bat emateagatik». Orain arte, Gaztelako tropen aurrean Nafarroaren independentziaren azken gotorleku izan zenaren oroigarri bakarra mendate gaineko oroitarria zen. Orain, aldiz, badago garai batean izan zena irudikatzeko modurik.

Orain arte aurkitutakoa ez da gutxi, induskatzeak orain oso gutxi hasi zirela kontuan hartzen bada, gainera. Baina, begi bistan dagoena baino gehiago, horrek lur azpian dagoenaren tankera hartzeko bidea ematen duela da garrantzitsuena.

Aztarnen gaineko ibilbidea

Agirrek esan moduan, elkarteak oraingoz bi egiteko izan ditu: «Goiko plataformaren harresiak argitara atera eta barruan ea zein dependentzia zeuden ikustea, eta mendebaldera ematen duten harresia eta ekialdekoaren zatitxo bat garbitzea».

Gotorlekua, nola ez, toki estrategikoan zegoen, eta Aranzadikoek jakin badakite monolito inguruan dorre nagusia zegoela, Agirrek esandakoaren arabera. Horrez gain, 30 metro luzerako eta bi metro zabalerako zanga ireki dute oroitarriaren ondoan, eta bertan euren harridurarako harresiak eta paretak azaldu dira. Horrek «lana erraztu» die Aranzadikoei, eta «mendiaren radiografia bat egiteko» ere balio izan die.

Hala, toki horretan bertan, batetik, mendebaldeko harresiaren pareta aurkitu dute. «Artilleriari aurre egiteko oso lan potentea da», azaldu zuen zuzendariak. Hiru metroko zabalera du, eta kareorez egina dago. Bestetik, zorua dago, hori ere kareorez egina, artilleriari aurre egiteko. Hori guztia XVI. mendekoa da, eta pareta behin herri guztia gurutzatuta monolito bidean ikus daiteke, begi bistan utzi duten hamar metroko paretari esker. «Gazteluak herritik presentzia hartzen du hemen, eta harkaitzak berak harresi lana ere egiten du», esan zuen Agirrek.

Alde horretatik, mendebaldetik, beraz, ondo babestua zegoen herria. Ondoren, bi harresien artean, barruko harresia aurkitu dute. Puntu horretan komeni da argitzea XI. mendetik badaudela leku honetan Erdi Aroko gaztelu bat zegoela argitzen zuten aipamenak, eta gaztelu horiek harresi bertikalak, altuak eta dorre biribilak zituzten ezaugarritzat. Bertan, hortaz, hogei metro luzeko barruko harresia aurkitu dute, non dorre biribil baten zantzua dagoen. Ate baten atalase bat ere aurkitu dute.

«Lur hau oso gogorra da, eta funtzio defentsiboa du», azaldu du Aranzadiko kideak, baina bertan «biztanleen hainbat arrasto» ere aurkitu dituzte. «Zoru desberdinak aurkitu ditugu, horietako batean erreketa bat aurkitu dugu; lurra oso beltza da, ikatza dago... Zeramika ere azaldu da. Animalien aztarnak ere atera dira; txerrienak, oreinenak, behienak, baita arrainenak ere. Burdinazko tresnak ere aurkitu ditugu: labanak, kroka bat, bi txanpon, bala bat...», gaineratu zuen. Hori guztia, hala ere, aztertu egin behar dute oraindik, XV. mende bukaerakoak edo XVI. hasierakoak diren jakiteko. Justu induskatze horien ondo-ondoan beste pareta bat dago, baina «erantsitako» pareta bat da, bertan egurrezko hainbat txabolen poste zuloak azaldu dira, baita iltzeak ere.

Azkenik, harresiaren beste puska ere garbitzen ari dira, ekialdekoa, hain justu, Dantxarinea errepidera ematen duena, eta, hortaz, herrira sartu bezain pronto ikusten dena. Hori zaharrena da, XIV. edo XV. mendekoa. Bertan, mendia harkaitzez beteta zegoenez, horri probetxua atera eta landu ondoren harresia gainean egin zuten. «Hogei metro atera ditugu luzeran, eta bukeran, gainera, Erdi Aroko dorre biribil bat atera da», argitu zuen Agirrek. Oraingoz, hortaz, azalera guztiaren zati txiki bat aztertzeko aukera izan dute, baina denborarekin gazteluaren defentsa ikusi ahal izango da. Amaiur gazteluaren erabateko suspertzea bidean da.



Elkarlanean eta «gustura» egindako lana
R.C.

AMAIUR

Induskatze lanak Aranzadi elkarteko hamabost bat kidez osatutako boluntario taldea eta hainbat tekniko egiten ari dira. Atzo, gainera, kantuan ere ibili ziren; orain arteko lana «gustura» egiten ari diren seinale. Agurra ere dantzatu zuten oroitarri aurrean, eta Amaiur herriari egindako harrera eskertu zioten. Indusketa lanetan, hala ere, Aranzadi ez da bakarrik egon, Udako Euskal Unibertsitatearen eta Udalbideren laguntza ere jaso baitu.

Harrobia izandako gaztelua

Aranzadiko Juantxo Agirreren hitzetan, badira XVI. mende bukaerako kontratu batzuk; horien arabera, Amaiurreko etxeak berreraikitzeko elizari zein herritarrei gazteluko harriak saltzen zizkieten, eta gotorlekua harrobi bilakatu. Orain, berriz, herritarrak euren gazteluaren historia berreskuratu nahi dute, eta atzo bat baino gehiago igo zen oroitarrira. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Diplomazia, berandu eta eskas
Jendartea
Un vertido de hidrocarburos en plena biosfera del Urdaibai
Euskal Herria
Garzón y Lakua dan vía libre a la marcha pero vetan a Batasuna
Euskal Herria
«Fort Apache» amplía sus instalaciones de la mano del Consejo de Ministros
Kirolak
Florencio sorprende en el Boulevard
Jendartea
Kalejira por las fiestas populares
Mundua
Israel pospone el alto el fuego a la ocupación total del sur de Líbano
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss