Diplomazia, berandu eta eskas
Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak Estatu frantsesak eta AEBek landutako ebazpena onartu ondoren, Hezbola mugimendu xiitako idazkari nagusi Hasan Nasrala su-etenaren alde agertu zen, hura hasteko data baten zain. Israelen jarrera ez da hain argia. Zenbait iturriren arabera, Ehud Olmet lehen ministroak bere Gobernuari borroka uzteko eskatzeko asmoa du, baina bitartean erasoa gogortzea erabaki du. Atzo bertan ihesean zihoazen zibil eta militarren konboi bati eraso zion, eta hainbat hildako eta zauritu eragin.
Israelen jokaera munduko herritarren begietan gero eta ulertezinagoa da, gero eta onartezinagoa, gobernuen ikuspuntuaz gauza bera ezin esan badaiteke ere. Haren jarrera ulertzeko kontuan izan behar da bere irudia, bere Armada «garaitezinaren» irudia kaltetuta izan dela Libanoko erasoaldian, eta baliteke hilabetean lortu ez duena zenbait egunetan lortzen saiatzea. Berak esandako helburua Hezbola desarmatzea zen, eta badirudi oso urrun dagoela helburu horretatik. Galdutako loria militarra berreskuratzeko saioa izan liteke, beraz. NBEren erantzuna berandu eta eskas iritsi da. Aurreko proposamenak Israelen aldekoak ziren, guztiz, eta oraingoan halako oreka bilatu nahi izan du. Hala ere, ezin da esan lortu duenik: Lehenik, askotan hain gaitzespenen zale den Segurtasun Kontseilu horrek ez ditu Israelek giza eskubideen kontra egindako urratze larriak gaitzetsi. Beste alde batetik, Hezbolari israeldar soldadu bahituak askatzeko eskatu dio, baina Israeli presoen arazoa aztertzeko baino ez; ez du aipatu ere egiten Israelen erasoa; ez du hura Libanoko hondamendiaren erantzule egiten... Eta hilabeteko sarraski ikaragarri horren ostean, ez dute esan non bahitu zituzten bi israeldar soldaduak. Ez dute esan Libanon bahitu zituztela. Hala ere, aspertzeraino entzun dugu Hezbolaren probokazioa izan zela. Azkenik, Palestina ere ez da aipatzen Segurtasun Kontseiluaren ebazpenean, bigarren plano batean geratu da. Esan bezala, berandu eta eskas. Nazioarteko diplomaziaren porrota izan da, beste bat. Ekialde Hurbileko liskar honek, hilabete honek, argi erakutsi du, besteak beste, NBEren eraginkortasun eza. Eta kausa bere egituran bertan aurki genezake. NBEren Segurtasun Kontseilua egitura antidemokratikoa da, eta erakunde hori AEBek bahituta dago. -
|