Amaia LIZARRALDE | Aktorea
«Urte hauetan guztietan, lasaitzen eta nire burua onartzen ikasi dut»
Egindako bidea atera zaionaren araberakoa izan da. Ez da aukeratzen aritu. Hala eta guztiz ere, oso pozik dago egindakoarekin, egingo duenarekin eta orain bizi duenarekin. Aspaldian Madrilen bizi den antiguatar honek txiki-txikitatik esaten zuen aktore izan nahi zuela, eta gogor saiatu ondoren, ondo atera zaio.
Orain hamabost urte joan zen Amaia Lizarralde
Madrilera, William Layton antzerki laborategian ikastera, eta ordutik han bizi
da. “Políticamente incorrecto” antzezlanak etxera itzultzeko aukera eman dio
orain. Gaur arte dago ikusgai Ray Cooneyren obra hori Donostiako Antzoki
Zaharrean, eta Lizarralde Gobernuko Industria ministroarekin maitasun istorio
bat bizi nahi duen oposizioko diputatuaren papera egiten ari da. June alabatxoa
ondoan zuela hitz egin zuen GARArekin, eta txikitako ametsaz, egindako bideaz,
orain bizi duenaz eta geroko asmoez mintzatu zen antiguatarra.
Txikitatik izan nahi al zenuen aktore?
Umetatik ikasi dut musika, eta beti maite izan dut
interpretatzea eta kantatzea. Selektibitatea egin ondotik, hiru urte eman nituen
Donostiako antzerki eskola batean. Gutxi nekiela iruditzen zitzaidan, ordea, eta
beka eskatu nuen Madrilera joateko. William Layton antzerki laborategian hasi
nintzen ikasten, eta orduz geroztik han bizi naiz. 15 urte daramatzat dagoeneko
Madrilen. Beti esaten nuen aktore izan nahi nuela, eta gogor saiatu ondoren,
ondo atera zait.
Zein izan zen zure lehendabiziko lana?
Lehenbizi, “Los siete contra Tebas” antzerki obran aritu nintzen, Meridako Jaialdian. Donostian egindako aurreneko lana, aldiz, “A ze parea!” telesailekoa izan zen. Madrilen bizi nintzen orduan, eta lagun batek jakinarazi zidan ETBn aktore bila ari zirela. Telebistara deitu, argazkia bidali eta frogak egin nituen. Hori izan zen Euskal Herrian egin nuen aurreneko lana.
Telebistan, antzerkian eta zineman aritu zara. Nola baloratzen duzu egindako bidea?
Egindako bidea atera zaidanaren araberakoa izan da. Ez naiz aukeratzen aritu. Ogibide zaila da gurea, asko garelako. Orain lehen baino gehiago, gainera. Gaurko jendea oso ongi prestatua dago, eta denetarik daki: abesten, dantzatzen, mimoa egiten... Gogoan dut zenbat kostatu zitzaidan lana aurkitzea. “A ze parea!” egiten hasi nintzenerako bi urte neramatzan ezer aurkitu ezinik, zerbait egiteko gogoz. Neure burua ezagutarazteko zerbait antolatu beharra nuela esaten zidaten, baina ez nintzen horretarako gai sentitzen. 20-21 urte nituen eta dena oso handia iruditzen zitzaidan. Orain pentsatzen dut ez naizela hain gaizki moldatzen ari. Bizimodua aurrera ateratzen dut, behinik behin, gastuak ordaintzen ditut...
Kostatu zitzaizun ezer aurkitzea, baina topatu zenuenean gogor ekin zenion lanari...
Telebistan hasi nintzen; euskaraz, gainera. Segidan, Ramon Agirrek idatziriko “Errenta” obran parte hartzeko aukera izan nuen. Bi urtez aritu nintzen horretan, eta buru-belarri murgildu nintzen antzerkian. Egia da gogor ekin niola beharrari, protagonista paperean aritu bainintzen beti aurreneko lanetan. Oso pozik nago egindako bidearekin, egingo dudanarekin, eta orain bizi dudanarekin.
Zein da zure erronka? Ba al da lortu ezin izan duzun zer edo zer?
Jarraipena edukitzea gustatuko litzaidake. Zaila da hori niretzat. Orain, “Políticamente incorrecto” obran ariko naiz abendura arte. Baina gero zer eginen dudan ez dakit. Horrek badu bere alde ona ere, ezer ziurrik ez badaukazu, edozer egin dezakezulako. Baina, obra bukatutakoan ez baldin badaukat ezer? Jarraipena edukitzeko lanbidea aldatu beharko nuke, ordea. Eta ez dut hori nahi, asko maite dudalako antzeztea.
Komedia eta drama egin duzu. Zer da zuretzat zailagoa, irria edo negarra eragitea?
Nahiko komikoa naiz, baina bietan ondo sentitzen naiz. Papera ongi egitea da nekeza. Behin hori lortuta, berdin zait barrea edo negarra eragiteko den. Drama egiteko hots egiten badidate, ez naiz urduri jartzen, badakidalako egiten. Komediarako deitzen badidate, berriz, zeinen ongi pasatuko dudan pentsatzen dut. Nire lanbidea da, eta bietan ongi moldatzen naizela uste dut. Hala ere, beti esaten da barrea eragitea zailagoa dela, kontuz ibili behar delako publikoarekin, umore fina egitea lortu behar delako.
Zertan aldatu zara lehendabiziko lana egin
zenuenetik? Erosoago eta lasaiago egoten ikasi dut. Ikusleek epaitu
egiten zaituztela sentitzen duzu, eta horrek segurtasun falta eta urduritasuna
eragiten du. Urte hauetan guztietan, lasaitzen eta nire burua onartzen ikasi
dut.
Nola ikusten duzu aktore lana Euskal Herrian?
Ez dakit hemengo egoera zein den. Etortzen naizenean oporretan egoten naiz umearekin, eta ez dut astirik izaten aktoreak nola dabiltzan ikusteko. Donostian mugimendua nabaritzen dut, baina ez dakit aktoreek lanik baduten ala ez. Gustatuko litzaidake baten batekin solastatzea eta galdegitea.
Eta zer giro dago Madrilen?
Antzezle pila dago, gero eta gehiago, eta konpetentzia izugarria da. Zorteduna da lana topatzen duena, oso zaila baita. Bestalde, aipatzekoa da kalitateak gutxi axola duela, batez ere telebistan. Azken boladan, askotan ikusten dugu telesail bat hasi eta bi asteren buruan kendu egiten dutela. «Oso txarra zen, izan ere!», dio jendeak. Baina, zenbat diru galdu du ekoizleak? Zenbat aktore bidali dute kalera? Zenbatek esan diote ezetz beste eskaintza bati telesail hori egiteagatik? Frikiak daude orain modan, Potxolo bezalakoak. Ez ditut ezagutzen; ezta nahi ere. Ez dut mundu horretan sartu nahi, egiten dutena ez baita ikuskizuna, beste zerbait baino. Telebistan denak balio du, eta horrela gaizki goaz. -
|