GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria 2006-08-13
Julen Murgoitio
Txertoa

Hegazkinen gripea zabalduz doa, etxetik kanpoko herrialde urrunetan esku-hartze militarretan maisu diren mendebaldeko erresumen zeruetan, behinik behin. Eta ez dute, ez, lan makala izango gripe horretarako txertoa topatzen. Errementariaren etxean zotza burdun- tzi! Ondorioz, aireportuak bidaiariz lepo, bertako jaiak bailiren; horko jende-ilarek baztergarri uzten dituzte Kubakoak! Tira, aireportuak aisia-portu bihurtu beharko dituzte, ilararen esperoan dauden bidaiariei parke tematikoak eskaini beharko dizkiete eta. Hamaika ikusteko gara oraindino, hegazkinean bidaiariak biluzik ikusi behar arteraino! Trafikoa mendebalde horretako zeru aldeetan gutxitu bada ere, asko handitu da Ekialde Hurbilekoetan, nahiz eta kasu honetan bidaiariak lehergaiak izan. Biluzik hauek ere, eta aireportuan apenas denborarik emanak. Hau kolpea! Aireportuetan armarik txikerrenaren bila hainbeste gorabehera eta armarik handienak erraz-errazean pasatzen dira euren begien aurretik. Baina abisatzen duena traidore ez bada, Israel ezin traidore hartu, lehergaiak jaurti aurretik afixak botatzen dituelako, ordu batzuk geroago umezurtz utziko dituen umeen artean irakurtzeko zaletasuna zabaltzeko. Ez ninduke batere harrituko afixaren beheko parteko eskuin aldean paper erreziklatuaren marka agertzeak, umeok irakurri ondoren kanposanturako bidean den ontziren batera sar dezaten. Ez, mundu honetako zerua ez dago sano burutik.

Eta itsasoa zerua bezain gaixo. Horra, lehengoan Kontxan ikusi dute zer eta beheko Estatuaren Armadako gurutze-ontzi handia. Piper-potoa mastarik gorenean, joko-arauen abisagai; beraz horiek ere ezin traidore hartu. Itxura batean, eta gertatuaren irakurketa politikoa egitea zentzuzkoa ez delakoan, estreinakoz nahi du beheko Armada horrek Kontxako estropadetan parte hartu, traineru propioan eta ohorezko txandan zuzenean. Nire uste apalean, Eusko Jaurlaritzak galarazi beharko zien presentzia, hain piper-poto handia eramanda haizearen ufada baliatu dezakeelakoan. Gainera, badakizu zelakoak diren armadako arraunlariak, estropadetan hasi eta hurrengo urtean Donostiako danborradan nahi dute egon; baita jaietan txosna ipini ere. Kontuz, gero, estropada batean hasi zen Europako erromanizazioa! Eta Getxon gurutze-ontziak ere, luxuzkoak honako hauek, Kuinelisabete eta konpainia. Hainbeste gurutze-ontzi uretan han-hemenka, ulertzekoa da kaiukoen edonorako jito etengabea. Ez, mundu honetako itsasoa ez dago sano burutik.

Eta lurra itsasoa bezain gaixo. Suak ditu hainbat lekutako basoak hartuta; su-etenik ez horretan. Suak ez du abisatzen, baina ez da traidore, urtero dator eta. Lastima zuhaitzek ez diotela suari basoaren atzekoa ikusarazten, beste gauza batzuk kiskaliko balitu! Basoak sutan, epaileak beste. Sutan jartzen ditu horiek herritarrok manifestatzeko eskubidea gauzatu nahi izateak. Eskubideak, togadunentzat, eskuetara heltzeko bideak omen dira. Kaka zaharra! Ez, mundu honetako lurra ez dago sano burutik. Txerto berria ez baizik mediku berria behar du mundu honek, bestelako mundua izan dadin. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Diplomazia, berandu eta eskas
Jendartea
Un vertido de hidrocarburos en plena biosfera del Urdaibai
Euskal Herria
Garzón y Lakua dan vía libre a la marcha pero vetan a Batasuna
Euskal Herria
«Fort Apache» amplía sus instalaciones de la mano del Consejo de Ministros
Kirolak
Florencio sorprende en el Boulevard
Jendartea
Kalejira por las fiestas populares
Mundua
Israel pospone el alto el fuego a la ocupación total del sur de Líbano
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss