Kirmen Uribe - Idazlea
Hori-hori
Horiz janzten ziren Txinako enperadoreak. Horia zen haien kolorea, ez beste. Ezin zuten mundutarrek kolore hura erabili. Ezin zen beste inor horiz jantzi, lurrean bizi zen jainkoaren esku zegoen soilik ohore hori. Horixe baitzen enperadorea Txinan, jainko txiki bat. Horiz janzten zen enperadorea horia eguzkiarekin lotzen zutelako. Eta eguzkia zeruaren erdian dagoen moduan, enperadorea ere haren herriaren erdi-erdian zegoen. Eguzki txiki bat zen enperadorea haren menpekoentzat, guztiek jarraitu beharreko argia. Bestelako inperio zaharretan ere horiak garrantzi handia zuen. Egipton eta Grezia zaharrean. Baita Erroman ere. Baina, ez Asian edo Europan bakarrik. Baita Ameriketan ere. Colon iritsi aurreko Ameriketan. Mexiko zaharrean, horiak udaberria esan nahi zuen. Berdatzen hasi baino lehen kolore horia hartzen baitu lurrak Mexikon. Horregatik, Xipe Topek, udaberriko jainkoaren apaizak horiz janzten ziren, bizitza berria iragarriko zuten erritual magikoak egiteko. Baina, ez bakarrik antigoalean. XX. mendean Maiakovsky poetak horia aukeratu zuen eszenatokietan poemak irakurtzeko. Horiz jantzita egiten zituen errezitalak Errusiako poeta iraultzaileak. Horiak, harentzako, abangoardia esan nahi zuen, iragana atzean utziko zuen etorkizuna. Kultura askotan ageri da horia. Gurean, laurogeita hamarreko hamarkadan indar bizia izan zuen mugimendu antimilitaristaren kolorea ere horia izan zen. Horia zen soldaduskarekin bukatu zuen intsumisioaren kolorea. Horiz jantzita sartu zituzten kartzelan ehunka gazte. Mundu zabalean erruz erabili izan da horia. Horia baita eguzkia, horia baita urrea. Tradizio gehienetan, gaztetasunarekin du zerikusia horiak, baikortasunarekin, indarrarekin. Eta horiz jantzi ziren gazteak atzo Ondarroako Gazte Egunean. Ehunka gazte hori-hori jantzita. Kale guztiak horiz. Ez dakit zergatik aukeratuko zuten kolore hori. Ez eta goiko kontu horiek kontuan hartuko zituzten kolorea aukeratzeko orduan. Seguruena ez. Berdin da gainera. Dakidan gauza bakarra da haiek horiz jantzita ikusteak poza ematen zuela, ez izan dudarik. Tira, batzuen batzuk haserre eta marmarka zeuden baina herrian. Hori kontatu didate behintzat. Herriko zaharrez ari naiz. Zaharrek ez zuten ulertzen zer egiten zuten Oriotik etorritako horrenbeste gaztek Ondarroan. Noiz eta jaien hasieran. Nondik eta Oriotik etorrita. Haien kamiseta luzitzen, harro. Munduaren erdiak ez daki beste erdiaren berri. -
|