Haizea FERNANDEZ rta Ekain ORMAZABAL | Donostiako Piratak
«Merezi duen omenaldia egingo diogu alkateari Irrikitaldiarekin»
·Donostiako Aste Nagusia
Aurtengo Aste Nagusian ere Donostiako Piratak jo eta
ke ibiliko dira laugarren urtez hiriburuko kaleak nahasten jai herritarren alde
eginez. Gazte bazkaria, Abordatzea edo Irrikitaldia izango dira aurtengo
eskaintza zenbait.
Zein dira Donostiako Piratak?
Donostiako Aste Nagusia herritartzeko sortu zen mugimendu gisa defini dezakegu. Guk mugimendutzat hartzen dugu geure burua, nahiz eta gero modu antolatuan egiten dugun lan, gizartean, eta, batez ere, gazte ingurunean eduki duen harrera naturalagatik. Donostiako zortzi gazte asanbladaren eta Alde Zaharreko hogei bat tabernaren sostenguarekin jaio zen, herri jai batzuen beharra lau haizetara zabaltzeko helburu- arekin.
Zergatik piratak?
Figura baten beharra ikusi genuen, Bilbon Marijaia edo Gasteizen blusak eta neskak diren bezala. Donostian, ordea, piratak izan behar zutela pentsatu genuen, horiek zuten filosofiagatik. Piratek ez zuten inorentzat lanik egiten, berentzat egiten zuten lan, eta ezaugarri horrekin guk paralelismoa egin nahi izan genuen: guk ez dugu Udalarentzat edo egitarau ofizialarentzat lanik egiten, guk geuretzat egiten ditugu gauzak, gure altxorra berreskuratzeko asmoz. Altxor hori garai batean Donostian izan ziren herri jaiak dira. Oinarri historiko bat ere badu, nahiz eta ez garen horretan oinarritu; Donostia, pirata edo korsarioen portu garrantzitsu izan zen. Euskal Herrian itsasoa duen hiriburu bakarra da, eta, hortaz, abordatze bat planteatzeko aukera eman digu, Donostia abordatzeko eta ez soilik Donostiako Aste Nagusia: hiri eredua... guzti horri ere kritika egin nahi izan diogu.
Piratek ba al dute adinik?
Gazte eragile bezala planteatuta dago, gazte asanbladetatik sortu zelako. Gure ekimenetan adin guztietako jendeak parte hartu izan du, batez ere, Donostian herri jaien eskaera ez delako soilik gazteena, gizarte guztiarena baizik. Irekiak gaude jende guztiak parte har dezan, baina egia da agian egitaraua ez dela adin guztientzako egokia. Adinik ez duena piraten filosofia bera da.
Oztoporik izan al duzue inoiz zuen egitasmoa aurrera eramateko garaian?
Joan den urtean izan genuen oztopo gehien, kontzertuak antolatzeko orduan, esaterako. Centro de Atracción y Turismo (CAT) da Udalaren jaiak antolatzeaz arduratzen den erakundea. Beharrezko ziren baimenak eskatu genituen, baina ez ziguten jaramon gehiegirik egin. Bestalde, Udalak hainbat oztopo jarri izan dizkigu. Esan daiteke gu mareatzen saiatu zela. Debekua baino gu nahastu eta nazkatzea zen beren helburua. Hala ere, nabarmendu nahi dugu CATekin oso harreman ona izan dugula beti.
Zuen egitarauan nabarmenduko zenuketen ekintzarik?
Larunbateko (atzogatik) kalejiraz gain, azken eguneko Irrikitaldia da aurtengo berritasuna. Abuztuaren 20an, igandean, deitu dugu jendea arratsaldeko 17.00etan udaletxe aurrera. Urtean zehar Donostiako alkateak eduki dituen hiru hanka sartze nagusien inguruan omenaldi ironiko bat egitea pentsatu dugu. Aurten, Ametsenea gaztetxearen eraistea, errauste plantarekin edukitako politika eta Donostiako parkeekin egiten ari dena salatuko dugu. Hiru hanka sartze horiek berari aurpegiratu, eta, betiere modu ironikoan, haren kontura, baita geure buruaz ere barre egitea da helburua. Aste Nagusi osoan zehar piratak gara, pirataz jantzita goaz, baina «ñoñostiarrak» izaten ere badakigu. Ironia edo txiste hori hartuta dei egiten diogu donostiar orori, ahalik eta dotoreen jantzi dadila alkateak merezi duen ekitaldi horretara joaterakoan. Donostiako jaiak Alde Zaharrean barrena kalejira moduko bat eginez bukatuko ditugu, bere garaiko Salveko komitibarekin batera: apezpiku, elizmutil eta abarrekin. Aste Nagusiaren bukaera ez baita inoiz inola ere nabarmendu, Bilboko jaien hasierarekin difuminatuta gelditu dela esan daiteke.
Zein da zuen planteamendua etorkizunera begira?
Herri mugimendu guztiaren artean herri egitarau bat egin ahal izatea gustatuko litzaiguke. Horretarako lehen urratsa emana dugu dagoeneko; kalejiraren oinarri den manifestu hori, alegia. Barne mailan guk ere badugu gure planteamendua, piraten jarduera bera, piraten antolatzeko modua aztertu eta lantzen dituena. Era berean, gazte asanbladen oinarria sendotu nahi dugu aurrera begira. Horren arabera, gazte asanbladak antolakuntzaren barruan zati garrantzitsua izatea nahi dugu, eta erabakitzeko guneak horiek izan daitezela. -
Gaur trinitate plazan
GARA
DONOSTIA Sorkun - 23.30 “Duna”. Halaxe izena du Sorkunen azken lanak, joan den urteko irailean kalera atera zuenak. Aurrekoaren oso desberdina dela esan daiteke, distortsioak alde batera utzi eta soinu minimalistagoekin eta melodia landuekin jolasten dela bere azken lanean. Musika tresna berriek kolore desberdinak ematen dizkiote “Duna”ri. Disko anitza da, eta, era berean, entzuteko erraza. Pentsatzekoa da gaur Saguesen eskainiko duen emanaldian azken diskoko lanak izango direla protagonista. Hala ere, ibilbide luzea du bizkar gainean Sorkunek, 90eko hamarkada erdialdean Kashbad taldearekin hasi zenetik hamaika lan josi baititu. Kashbad taldeak lehen maketa grabatuta zuela deitu zien Fermin Muguruzak, eta «Hitz Egin» jaialdian parte hartzeko aukera eskaini. Ondoren, Esan Ozenki disko etxearekin hiru disko argitaratu zituen Sorkunen taldeak. Garai hartan, gainera, errenteriarrek beste talde ugarirekin parte hartu zuten; Negu Gorriak, Joxe Ripiau, Ekon eta Flitter, besteren artean. Zazpi urtez lanean gogor jardun ondoren, eta Euskal Herria, Galizia eta Katalunia zeharkatu ostean, Kashbad taldea gelditu egin zen eta kideak bide berriak lantzen hasi ziren. 1999. urtean, Fermin Muguruzak “Brigadistak” bakarkako bere lehen lana kaleratu zuen, eta bidelagun hartu zuen Sorkun. “Dub Manifest” bigarren lanean ere ondoan izan zuen Muguruzak Sorkun, eta kontzertu bira izugarrian murgildu ziren munduko hamaika txokotan barna. 2002. urtean kaleratu zuen Sorkunek bakarkako lehen lana, “Onna” zeritzona. Atomoog, Neubat, Exhale eta Sharon Stoner taldeetako musikariak ondoan hartu zituen lehen lan horretan. Bi urte geroago, 2004an, Fermin Muguruza “In-komunikazioa” lana zuzenean aurkezten hasi zen, eta Sorkun Kontrabandan sartu zen ahotsak egiteko. Urtebeteko bira egin zuen han. Japonian, Uruguain, Txilen eta Argentinan, besteren artean, geldiuneak egin zituzten. Bira hori bukatu berritan sartu zen Sorkun “Duna” diskoa grabatzera estudiora. Nortasun handiko ahotsa entzuteko aukera paregabea da gaurkoa.
|