Donostiako Aste Nagusia
Kanoikadarekin egingo du eztanda hiriak
Kirolariek emango dute egitarau ofizialaren orrialdeak kentzen hasteko baimena gaur. Arratsaldeko 19.00etan dute jarria hitzordua Alderdi Ederren Gastronomiako Euskal Kofradiaren Konpainiarekin, eta guztiek batera aginduko diote artilleroari jaiaren metxari su emateko. Hortik aurrera, egitarau anitza izango da aukeran.
DONOSTIA Igandetik iganderako festa paseoa izango da Donostiakoa, gaurtik hasita datorren hilaren 20ra bitartekoa. Jai hasiera egitarau ofizialaren arabera gaur arratsalderako dago jarria, 19.00etan Alderdi Ederren, hain justu. Azken urteotan ohiko bihurtu denez, Artilleroaren abesti ezagunaren doinuz estreinatuko da jai egitarauaren lehen orrialdea. «Artillero dale fuego, ezkontzen zaigula pastelero», dio kantak. Urtez urte honegatik edo hargatik nabarmendu direnak igotzen dira oholtzara artilleroari metxa pizteko agindua kantuz ematera. Hartara, aurten Bruesa GBC eta Akaba Bera Bera taldeetako jokalariak izango dira protagonista, betiere Gastronomiako Euskal Kofradiaren Konpainiaren aginduetara. Ezin falta danborrak Donostian. Aipatu konpainia 31 de Agosto kalean duen egoitzatik 17.00etan abiatuko da, giroa eta danborrak berotze aldera. Alde Zaharreko kaleetan barna ibili ondoren, 19.00ak baino lehen iritsiko dira Alderdi Ederreko oholtzara, Luis Mocoroa artillero nagusiak gidatuta. Hortik aurrera, hiriko bazterrak mozorrotu egingo dira, bai egitarau ofizialean aurreikusitako ekitaldien agertoki bihurtuko direlako, eta bai egitarautik aparte dauden artista askok inprobisatutako lantoki izango direlako ere. Egunotan kale artista asko bertaratzen da Gipuzkoako hiriburura, eta benetan gomendagarria izaten da kaleetan barna lasai paseoan ibiltzea hari eta honi begira. Su artifizialak eta musika emanaldiak izango dira aurten ere jaietako protagonista, nahiz eta etxeko txikienentzako ekitaldiek ere baduten garrantzia. Pentsatzekoa da Saguesen eta Trinitate plazan izango diren kontzertuek erakarriko dutela jende gehien. Gaur, hasteko, Los Pecos taldea arituko da Saguesen, eta Sorkun, Trinitate plazan. Folklorea maite dutenek, berriz, egunero daukate hitzordua Konstituzio plazan. Gaurkoa polita dator Txistularien Alardearekin. Folklore jaialdien hitzordua egunerokoa izango da, 20.00etan. Euskal dantza taldeei dagokienez, Trebeska, Arkaitz, Eskola, Goizaldi eta Kresala arituko dira Konstituzio Plazako oholtzan. Berezitasun modura, aurten Bielorrusiako Bielly Rossy taldearen emanaldia aipatu behar, larunbatean, hilaren 29an, izango dena. Azken egunean, berriz, La Ribera Canta jota taldeak jardungo du. Gainerakoan, urteroko gomendioa: autoa etxean utzi eta erabili garraio publikoa.
Su artifizialen 43. Nazioarteko Lehiaketa-jaialdia
- Igandea 13
Pyro Show (Kiev-Ukraina) Sari garrantzitsuak irabazi ditu eta film ezagunetako efektu bereziak eta publizitate iragarki ugari egin ditu. Ukrainako konpainia nagusietakoa. - Astelehena 14 Pirotecnia Martí (Castelló) Reyes Martí Mirók zuzentzen du gaur egun. Valentziako eta Alacanteko Mascletá jaurti duen lehen emakumea izan da. - Asteartea 15 Luso Pirotecnia (Portugal) Tradizioa eta aro informatiko digitaleko teknika berriak uztartzen ditu. Portugalgo pirotekniaren erreferentzia da eta mundu osoan aritu da. - Asteazkena 16 Pirotecnia Quiles (Valentzia) Valentziako 10 piroteknia nagusien artean dago. Valentziako Falletako edizio askotan parte hartzen du 1995ean sortu zenetik. - Osteguna 17 Pirotecnia La Rosa (Italia) Esperientzia handikoa. Sormena, ilusioa eta gogoa dira bere tasunak. Efektu berri eta lehiakorrak maite ditu. - Ostirala 18 Ricardo Caballer (Valentzia) 2003an Donostian herritarren epaimahaiaren eta gazteenaren lehen saria. Ondo daki zer den Urrezko Maskorra etxeratzea. - Larunbata 19 Pyro Limited-Fireone (Malta) Fireone sistema erabiltzen du, suak jaurtitzeko sistema digital zehatzena. Gutxitan jaurtitzen du Maltatik kanpo. - Igandea 20 Vicente Caballer (Valentzia) Iaz 125 urte bete zituen enpresa honek. Esperientzia eta abangoardiako teknologia uztartzen ditu.
|