BILBO
Alde biko elkarrizketa ugari izan dute azken hilabeteotan euskal alderdi guztiek, PPk izan ezik. Javier Madrazo Ezker Batuko koordinatzaile eta Lakuako sailburuaren ustean, «oso garrantzitsua» izan da fase hau liskarra gainditzeko eta konfiantza finkatzeko, baina «agorturik» dago jadanik.Horixe adierazi zuen Madrazok atzo Bilbon egindako prentsaurreko batean. Horiek hala, orain mahai batean esertzeko ordua dela esan zuen, eta horretarako hiru dei egin zituen EBko arduradun nagusiak.
Lehena Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernu espainoleko presidenteari egin zion, «hitza bete dezan» eta ETArekin elkarrizketa abia dezan; «orain arte egin ez badu, behintzat». Esparru horretan, presoak hurbiltzeko modua egin dezala eskatu zion Zapaterori.
Bigarrenik, PSOEri eta Batasunari zuzendu zitzaien EBko burua, ilegalizazioa gainditzeko prozedura «bideragarria» bila dezaten «ahalik eta lasterrena». Horren helburua «bazterketarik gabeko alde anitzeko elkarrizketa» bultzatzea litzateke, bai eta igandean Donostian egin zuten manifestazioaren inguruko ika-mikak ekiditea ere, «alferrikakoak eta zentzugabeak» direlako.
Egoera horren ardura bi alderdiei egotzi zien Madrazok. Haren ustez, PSOEri eta Batasunari dagokie «legalizaziorako prozeduran adostea», horrela «prozesua oraingo blokeotik atera ahal izateko».
Madrazok ziurtatu zuen «katuaren eta arratoiaren jola- sean» ari direla eta etengabeko tentsioa eragiten dutela. Hori amaitu behar dela esan zuen.
Hirugarren deia euskal alderdi guztiei egin zien Madrazok, irailean «elkarrizketa mahaia prestatzeko lan batzordea» osa dezaten. PSOEk hor esertzeko borondatea izango balu, batzorde horri oniritzia eman beharko liokeela esan zuen.
PPren jokabideari dagokionez, gainerako alderdiek aurrera egiten badute, hura ere mugitu beharko den itxaropena du Madrazok: «Bestela, bakearen aurka egon zen alderdi gisa geldituko da Historian».