Bizilagunek Euskal Jai botatzean pairatutako errepresioa salatu dute
Duela bi urte bizitako egoera ekarri zuten gogora biktima izan ziren bizilagunek. Jasandakoa salatu eta justiziaren jarduna gaitzesten duen komunikatua idatzi dute guztien artean. Bizilagunen elkarteko lehendakaria ere han izan zen, eta, gazteen jarduna goraipatzeaz gain, epaile, alkate eta Gobernuko ordezkarien handikeria eta absolutismoa salatu zituen. Gazteak eta frontoia zenaren lurrazpiko erromatar aztarnak (k.o.III-IV) errespetatzeko eskatu zuen.
IRUÑEA
Bizilagunek eginiko idazkia prentsaurrekoan aurkeztu zuten atzo Fernando, Edurne eta Gomi bozeramaileek: «Duela urte pare bat iratzartze latza izan genuen: COTA SA enpresako makina astunek San Agustin kalea itxi zuten. Makinaria erabat desproportzionatua zen inguru horretarako. Horrekin batera, Vicente Riparen poliziek, Simon Santamariaren udaltzainek eta foru poliziak, bizilagun, etxebizitzen eta saltokien aurrean bortizkeria izugarria erakutsi zuten». Idazkian adierazi, eta bertakoek erakusten zituzten karteletan irakur zitekeenez, salaketa asko daude: poliziaren bortizkeria, irain sexistak, gomazko pilotekin etxebizitzen aurkako erasoak, irain eta mehatxuak, bortxaketa mehatxuak, mediku arreta ukatzea, etxebizitzetan kalteak (lurrikarak eta zartadak paretetan) eta etxera sartzeko trabak (Nortasun Agiria aldatu behar izan zuten askok bertan helbide ezberdina agertzen zelako). Kasu horiek jarritako 600 salaketetan biltzen dira. Alabaina, denak artxibatuak izan dira, eta horietako 20 baino ez dira berriro ireki. Horiek ere, abokatuek egindako lanari esker ireki dituzte. Hori horrela, zenbait kasutan justiziak duen moteltasuna nabarmendu zuten, eta ez beste batzuetan; adibidez, gertaeretan izandako atxilotuen kasuan. Aurtengo udaberrian izan dira haien aurkako epaiak, eta asko zigortu egin dituzte. Aldiz, botatzearen inguruan egindako txostenetan, hainbat arkitektok irregulartasunak salatu zituzten, eta ez dute inor epaitu edo zigortu, bizilagunen salaketen kasuan bezala. Idazkia sinatu zutenek salaketa orokor batzuk egin zituzten: justiziaren independentzia eza, polizia indarren zigorgabetasuna, UPN eta bere aldekoek nahi dutena egiteko duten aukera, ondare historikoen suntsitzea, frontoia botatzean izandako arriskua eta pairatutako errepresioa. Bere aldetik, Alde Zaharreko Bizilagunen lehendakari Jesus Jimenok ere adierazpenak egin zituen. Gazteen jokabide ona aipatu zuen eta agintariena gaitzetsi.
|