GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-08-17
Unai GARCIA
Kaleko artea, kaleko bizitza
·Donostiako aste nagusia

Egun hauetan Kontxa igarotzeak odisea bat ematen du, eta berez hala da. Munduko mila hizkuntza entzunda turisten artean igarotzea ez da gauza erraza, baina horrek ematen dio Donostiari bere udako izaera.Hala ez balitz, agian ez genuke kaleko arteaz gozatzeko aukera edukiko. Paseo bat ematea nahikoa da margolariak, musikariak,eskujokariak eta beste ikusteko. Hemen daude, Donostiako kaleak artez bete, eta bide batez, bizitzeko adina diru apurra biltzeko.

Donostiako giroa udan aproposa da Kontxako pasealekua artisten topagune bihurtzeko. Eta izatez, hala da. Udako bi hilabeteetan, eta bereziki Aste Nagusian, hondartza inguruan, Bulebarrean eta Alde Zaharraren inguruko kaleetan hainbat artistaren ikuskizunez goza daiteke, paseotxo bat ematen den bitartean.

Badira urteroko klasikoak; Malinovsky, esate baterako. Bere bizar luzea, kapela eta galtza motzak zeinu bereizgarri bihurtu ditu, eta Kontxako arrapala ondoan aritzen da igarotzen den jendearekin tertulian. «Si te hieren las piedras del camino ¡Sonríe! porque caminas» dio bere esaldi ezagun batek. Eta umore ona dario gizon horri alde guztietatik. Bere postua beti dago jendez inguratua, kuriosidadez-edo gerturatu direnak eta aspalditik ezagutzen dutenak. Jendea ez zaio falta haizeak ekarritako gizon horri. Aurrera jarraituz gero, mimoak, musikariak, antzezleak bai eta tango dantzariak topa daitezke. Udarako hiri giroa aproposa da artista horientzat. Haien ikuskizunak gustura ikusiko dituen jende ugari etortzen da Donostiara turista gisa, eta aireaz bizitzea ezinezkoa denez gero, diru apur bat egiteko ez datorkie gaizki.

Juan Pablo eta Juan Luis mexikarrak dira, nahiz eta Juan Pablo berez Burgos hirian bizi den. Iruñean eta Gasteizen ibili dira orain arte adierazi zigutenaren arabera, eta GARAri esan zioten errazagoa izan dutela hiri haietan, baimenen aldetik. «Bertan, margolariek ez zuten baimen berezirik behar; hemen, aldiz, aurrera eta atzera bidaltzen gaituzte eta inork ez digu ezertxo ere esaten». Behatzekin, liburuen orriak markatzeko kartoizko marrazkitxoak egiten dituzte. Hizketan ginela, baimenarena ea nola zihoan galdetzera joan behar zutela esan, eta ondoko margolaria, erretratuak egiten dituen Juan ileluzea, postutxoaren zaindari utzi dute: «Ea oraingoan zorte hobea dugun; izan ere, aste erdia joan zaigu eta hemen gaude oraindik, ez arre ez iso». Hurrengo astean Bilbora joango dira, ea han hobeto hartzen dituzten.

Conexion argentina

Hego Ameriketatik, baina beste puntatik, Argentinatik, Acceso Oeste lagun taldea topatu genuen. Argentinatik datozela esatea ez litzateke guztiz zuzena izango, nahiz eta taldearen hiru laurdenak argentinarrak izan. Austrian eta Alemanian bizi dira gehienak, eta bertako bi lagun dituzte berekin, Konrad, baxu-jotzailea, eta Flow, errezitatzailea. Musika estiloen nahasketa egiten dute eta astebeterako etorri dira Donostiara. «Lagun on bat dugu bertan, eta hark animatu gintuen hona etortzera», esan du Nicok; ezin esan zertan dabilen taldean, izan ere, musika zainetan darama eta berdin zaio teklatuan edo perkusioan aritzea. Denetatik, polibalenteak dira mutiko horiek. Franciscok eta Fatimak Austrian ikasten dute, goi mailako musika eskolan, eta Tomasek Argentinatik egin du honainoko bidea lagunekin elkartzeko. «Conexion Argentina + Flow» diote haien kartelek. Kontxan jotzeaz gain, Donostiako hainbat tabernatan ere ibili dira, giro politak sortzen. Tomasek argitu zigunez, kalean jotzearen misterioa bakoitzak hartzen duen jarreran dago. «Ezin duzu besteen begiradaren zain egon, besteen onespenaren zain. Zuk jo, bakarrik bazeunde bezala, eta gainerakoak bakarrik datoz».

Kaleko artista horiek izaera bitxia eta berezia ematen diote hiriari Aste Nagusiko egun hauetan.Mimoak, giza eskulturak eta eskujokariak ere hor barrena dabiltza, haien arte guztia erakusten. «Bakoitzak dakiena egiten du, eta kaleko arteak badu ere inprobisaziorako tartea. Oinarri batzuk ditugu, baina gero dena elkarrizketa baten antzean garatzen da gure artean», azaldu du Fatimak. Hori guztia, gainera, argentinarrek hizketarako duten era berezi horretan gertatu zen, baina ezinezkoa hemen adieraztea. Eta ez dira Donostiako argentinar bakarrak. Bulebarrean, antzezle eta eskujokari talde bat ere bertatik dator. Arratsaldero izaten dira bertan; eguraldiak uzten badie, behintzat. «Euria egiten badu, kaka bat da; jende gutxi dabil kalean», esan dute.

Tibeteko monje talde bat ere bada bertan, edo, behintzat, hala jantzita doaz, begikoaren kontrako lepokoak eta konjuru magikoak saltzen, mahai txiki batean beren merkantzia guztia dute erakusgai. Ondoan, emakume afrikar bat dute turistak orrazten, koloretako trentzak egiten. Eta txinatarrek masaje terapeutikoak eskaintzen dituzte. «Nahiz eta minik ez eduki, oso gozagarria da masaje bat jasotzea», dio bertan duten kartelak. Horiekin komunikazioa zailagoa izan zen, hizkuntza arazoengatik. Baina eskuen hizkuntza nahikoa da elkarrizketarako.

Artista asko eta asko lanean zeuden, beraz, ez genuen hizketarako astirik izan, baina merezi du aipatzea irudiak antzezten dituen bikotea, mutila eta neska, gehi haien txakurra, lasai lasai lo egoten dena. Azkenekoa, burua moztutako gizona, alboko mahaian erakusgai duena. Oso bikote alaia zirudien, nahiz eta ez zuten gehiegi hitz egin.

Kontxa igarotzea inoiz baino jendetsuago eta zailagoa dela udaran, baina artista horien guztien lana ikusteko aukera ezin hobea da Donostiako udara. Eta halako giri girorik egongo ez balitz, agian artista horiek kale egingo lukete, eta beste herriren batean gelditu. Beraz, badu Donostiako udak alde ona ere alde txarraren barruan. Kaleko arteak bizirik mantentzen ditu hiriko kaleak.-

Gaur Saguesen

Berri Txarrak Nafarroako rock taldea da, Lekunberri ingurukoa, eta orain arte bost disko kaleratu ditu, guztiak euskara hutsean eta GOR diskoetxearekin. Taldea 1994. urtean sortu zuten. Gorka Urbizu, ahotsa eta gitarra, eta Aitor Goikoetxea, bateria, musikarien bigarren talde moduan. 1997an hasi ziren, dena den, bete-betean lanean, Mikel Lopez baxuarekin eta Aitor Oreja gitarrarekin batera.

Sei kantu biltzen zituen maketa berek ekoitzi ostean, taldeak hainbat sari jaso zituen sortzaile berrientzako hainbat lehiaketatan, eta horrek lehendabiziko diskoa grabatzeko aukera eman zien. Emaitza 1997an iritsi zen, taldearen izen bera zeraman diskoarekin. «Berri Txarrak» lanak sarrera indartsua izan zuen euskal rockaren esparruan.

Bigarren lanarekin, «Ikasten» diskoarekin, jauzi kualitatibo izugarria egin zuten eta geroko lanen musika oinarriak finkatu zituzten. 1999. urtea zen. Lan horrek taldearen eboluzioa agerian utzi zuen.

Gerora ohitura bihurtuko zen erritmoari jarraiki, bi urte geroago, 2001ean, hirugarren lana etorri zen:«Eskuak/Ukabilak» izenekoa. Lan horrekin euskal rockaren punta-puntara iritsi zen taldea. Diskoko «Biziraun» kantuak Urteko Kanturik Onenaren Gaztea saria lortu zuen eta diskoak Estatu espainoleko entzulearen eta prentsaren atentzioa erakarri zuen.

2003. urtean laugarren lana kaleratu zuen Berri Txarrak taldeak: «Libre». Diskoak taldearen ibilbidean beste jauzi kualitatibo garrantzitsu bat ekarri zuen, baita musika prentsaren onespena eta Europan barnako lehen birak ere. Rock Sound edo Euskadi Gaztea musika hedabideek Estatuko Rock Diskorik Onenetako-tzat jo zuten disko horixe, eta hori taldearen diskorik hardcoreena litzateke.

Bira luze baten ondoren, Aitor Orejak taldea utzi zuen. Gorkak, Aitor Goikoetxeak eta Mikelek hirukote moduan kantu berriak idazten jarraitzea erabaki zuten orduan. 2005. urtean «Jaio.Musika.Hil» bosgarren lana kaleratu zuten.

Grabazioaren ostean, taldeak Mexikon eta Nikaraguan barrena bira egin zuen eta harrera ezin hobea erdietsi. Azken hilabeteotan taldea disko horren biran dabil.

Egitaraua

11.00: Barrene. Pilota joko kolektiboa, Trinitate plazan.

11.00: Haur jolasak, Bulebarreko kioskoan.

16.00: Tenis Headeko III. Open Ab- solutua, Mons kiroldegian.

16.30: XII. Arrantza Lehiaketa, Urumea ibaian.

17.00: Boleibol herri txapelketa, Zurriola hondartzan.

17.30: Haurrentzako jaialdia, Easo plazan.

17.30: Haurren Kursaala, Kursaaleko terrazetan.

18.00: Zezenak Illunben.

18.30: Erraldoi eta buruhandiak, erdialdeko kaleetan barna.

18.30: Kantauri fanfarrea, Zurriola pasealekuan.

18.30: Oria fanfarrea, Zurriola pasealekuan.

19.00: Donostiar eskifaien estropada, Kontxako badian.

19.30: Gibantzar bandaren kontzer- tua, Bulebarreko kioskoan.

20.00: Folklore jaialdia: Bielly Rossy, Konstituzio plazan. jarr

20.00: Ganbera musikako zikloa. Kursaaleko ganbera aretoan.

20.30: Leon Dramazen emanaldia, Haizearen Orrazian.

22.45: Su-festa.

23.15: Zezensuzkoa.

23.30: Berri Txarrak taldearen kon- tzertua, Saguesen.

23.30: Lantanaren kontzertua, Trinitate plazan.

23.30: Hermanos Aguirre orkestra, Zuloaga plazan.

23.30: «Tango a cuatro» emanaldia, Bulebarreko kioskoan.

23.30: Tahumaren emanaldia, Errege-erregina Katolikoen kalean.

23.30: Bengoa DJa, Xpression Sessionekin, Urumea terrazan.

23.30: Moonrocks fiestuki, Zurriola terrazan.

23.30: Dantzaldia Iratxo taldearekin, Pasealeku Berrian. Piratak

00.00: Bertso saio berezia Ikatz kalean.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Ceres, Caronte y Xena se perfilan como los nuevos planetas del Sistema Solar
Euskal Herria
«Ahora vemos claro que entonces tenían órdenes de tirar a matar»
Ekonomia
La OPEP alerta de la «creciente divergencia» entre el precio del petróleo y de la gasolina
Ekonomia
Atzerakargako makina batek harrapatuta hil da langile bat Derion
Mundua
Luz verde al despliegue de 15.000 soldados libaneses, que sustituirán a los israelíes
Mundua
Muere en Brasilia el ex dictador Stroessner
Mundua
Atzerritarrek udal bozetan esku hartu ahal izateko urratsa
Kultura
Jose Manuel Abalosen kolore biziko 70 olio daude ikusgai Donostiako Delta Arten
Kirolak
El CAT pospone su decisión hasta mañana
Euskal Herria
Iñaki de Juana cumple once días en huelga de hambre indefinida
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss