Olanok ez lioke muzin egingo Euskaltelen deiari
·Hala ere, oraingoz harremanik ez dela egon onartu du Anoetakoak
DONOSTIA
Julian Gorospek Euskaltel Euskadi taldeko zuzendari izateari utziko diola jakin genuenetik, haren ordezkoa zein izango den ezagutzea izan da euskal txirrindularitzazaleen artean nagusitu den kezka. Azken orduetan, eta Bizkaiko kazeta batek aipatuta, Abraham Olano eta Alberto Leanizbarrutia dira hitzetik hortzera dabiltzan bi izenak, baina badirudi Espainiako Vuelta iritsi arte ez dugula ordezkoaren izena jakingo.Abraham Olano, hain zuzen ere, Vueltaren antolakuntzan buru-belarri sartuta ibili da azkenaldian, eta Anoetakoak talde laranjaren deirik ez duela jaso onartu zuen atzo. «Badakit Euskal Herrian nire izena irten dela, baina nire aldetik inolako deirik ez dudala jaso argi utzi behar dut. Egia horixe delako eta Julian Gorosperi begirune pixka bat ere azaldu behar diogulako», adierazi zuen. Gipuzkoarrak, hala ere, dei hori gauzatuko balitz, proiektua «interesgarria» litzatekeela onartu zuen; «etxeko talde bat goi-mailako lehiaketetan zuzentzea oso polita delako». Kontuan izan behar da Olano eta Igor Gonzalez Galdeano taldekideak izan zirela 2001 eta 2002 urteetan Once-Eroski taldean. Alberto Leanizbarrutiaren kasua antzekoa da. Bizkaitarra afizionatu mailako Wurth taldearen bigarren zuzendari gisa ari da egun lanean amaitu berri den Portugalgo Itzulian sekulako lana egin dute eta Manolo Saizen proiektuetan esperientzia zabala du bere kirol bizitza luzean. Galdeanok ongi ezagutzen duen pertsona da hura ere.
Vuelta, goizez
Bi aste baino gutxiago falta dira denboraldiko hirugarren itzuli handia hasteko, eta aurten berrikuntza nabarmenekin iritsiko da Espainiako Vuelta. Asteburuko etapak goizez korrituko dituzte, saioak eguerdiko ordu biak aldera amaitu ahal izateko. Dirudienez, modu horretan etapak TVE1 telebista kateak emango ditu, eta ikus-entzule kopurua handituko da.«Telebistarekin akordio horretara iritsi gara, eta guztiontzat hobe izango dela uste dut. Txirrindulariak ohituta daude ordutegi horretara, eta, gainera, errekuperaziorako denbora gehiago izango dute», adierazi zuen Abraham Olanok.
|