Unai ARTETXE
DONOSTIA
Apurka-apurka Zarautz Hiria Torneoa ere aurrera doa, eta gaur 22.00etan Olaizola II-Otxandorena eta Xala-Pascual bikoteek aurreneko finalerdia jokatuko dute Aritzbatalden.
Bikote politak dira biak. Olaizola II.a bikain aritu zen final-laurdenetako neurketan Gonzalezen eta Eulateren aurka. Goizuetako aurrelariak ezker eskuan izandako arazoak iraganeko kontua zirela erakutsi zuen, eta aurreko koadroetan jaun eta jabe izan zen. Iñaki Otxandorena ere ondo aritu zen. Oronozko atzelariak belaunean izandako lesioa ahaztuta duela agerian utzi zuen. Hala ere, Gonzalezek eta Eulatek ez zuten gehiegi estutu, eta, beraz, gaur jakingo dugu bere errekuperazioa bide onetik doan.
Xala eta Pascual, aldiz, memento onean daude. Lekuinekoak oso partida onak jokatu ditu azkenaldian, eta erasoan oso ausart dabil. Ikusi beharko da, ordea, Olaizola II.a aurrelariaren aurka nola jokatzen duen, eta jokoan hainbeste sartzen den.
Pascual ere une onean dago. Abartzutzakoa fresko dabil, eta eskuinarekin min handia egiten du. Ohi bezala, erregulartasuna falta zaio.
Zarauzko jaialdiari Eugi-Laskurain eta Olaizola I-Mendizabal II bikoteek emango diote hasiera.