GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Euskal Herria 2006-08-28
Mugez gaindi, independentzia eskatu zuen Segik
·Ertzaintzaren jarrera «probokatzailea» salatu zuen gazte erakundeak

Nafarroa Garaiko, Lapurdiko eta Gipuzkoako lurretan barrena ibili ondoren, asteburu honetan Segik antolatutako mendi martxan aritu direnak Lezora iritsi ziren atzo eguerdian. Muga guztien gainetik, Euskal Herriak independentzia behar duela aldarrikatzeko helburua zuen ekimen horrek. Lezora iristerakoan, ordea, Ertzaintzak ez zuen ekitaldi politikoa egiten utzi. Segik gogor salatu zuen Lakuako Poliziak izandako «jarrera probokatzailea».

LEZO

Oiartzualdea eskualdean dauden muga guztien gainetik dozenaka gaztek Euskal Herriaren independentziaren aldeko aldarria egin dute asteburu honetan Segik antolaturiko mendi martxaren bidez.

Larunbat goizean Beran hasi eta atzo Lezon amaitu zuten gazteek, tartean Hendaian eta Hondarribian geldialdiak egin ostean. Hots, hiru herrialde bi egun eskasetan. Ekimen hau uda osoan Segik antolatu duen «Harresiak bota ta independentzia irabazi» izeneko kanpainan kokatzen da.

Antolatzaileek salatu zutenez, atzo goizetik ertzainak bueltaka aritu ziren Lezon, eta 11.00etatik aurrera herri bazkaria egin behar zen tokian gelditu ziren. «Mendi martxako partaideak iritsi bezain laster, armaz josita eta aurpegiak estalita zituztela, oso-oso jarrera harro eta nagusikeriazkoarekin hurbildu dira ertzainak», azaldu zuen Segik. Horretaz gain, lau furgonetatik Lezoko enparantzara pilota-jaurtitzaileak eta borrak eskuetan zituzten ertzainak jaitsi zirela gaineratu zuten.

Gazteengana hurbildu ondoren, ekimenaren antolatzailea nor zen galdetu zuten eta bi gazte identifikatu zituzten. Segi «legez kanpoko taldea» zela eta, ondorioz, soilik herri-bazkaria eta kontzertuak egiteko baimena zutela bota zien ertzainen buruak antolatzaileei.

«Ekitaldi politikoa ezin duzue egin eta horretaz gu arduratuko gara», gaineratu zuen ertzainak.

Azkenean, 60 gazte inguruk hartu zuen parte herri-bazkarian etahorren osteko jolas eta kontzertuetan. Halere, Ertzaintzaren bi furgoneta bertan gelditu ziren. Gauzak horrela, herriko enparantzan egin behar zen ekitaldi politikoa beste toki batean egin behar izan zuten Segiko kideek.

«Euskal Herriaren lurralde zatiketa eta estatuen inposizioa salatu nahi zuen mendi martxa eta Lezoko Gazte Eguna eragoztera etorri diren Balzaren eta EAJren Armadaren probokazio eta jarrera mehatxagarria» kritikatu zuen gogor Segik.

«Argi gelditu da oraingoan ere Madrilen nahiei men egitearen hautuan jarraitzen dutela Ibarretxek, Imazez, Balzak eta enparauek, baita euskal herritarrak kolpatu, mehatxatu, atxilotu eta espainolen esku uztearen truke bada ere», gaineratu zuen Segik.

Omenaldia Altzugureni

Larunbatean 10.00etan abiatu zen mendi martxa Beratik, 25 lagunen parte-hartzearekin. Bertan, Josean Altzugureni omenaldi txiki bat egin zioten, eta bere arrebari lore sorta oparitu zioten.

Guardia Zibila inguruan agertu arren eta gazte bat identifikatu arren, inolako arazorik gabe irten ziren Hendaiarako bidean.

Ibardingo gainean eskuorriak banatu zituzten mendi martxan parte hartu zutenek Euskal Herriaren lurralde zatiketa salatu eta euskal nazioaren aldarrikapenarekin batera, independentziaren aldeko borrokan txertatzeko deia eginez.

Hendaiara iritsi ostean, ekitaldia egin zuten bertan bertsolari eta dantzariekin. Gazte batek hitza hartu eta Segiren irakurketa politikoa plazaratu zuen bildutakoen aurrean.

Atzo, berriz, Hendaian gaua eman eta gero Gipuzkoara igaro eta Hondarribitik abiatu zen mendi martxa Jaizkibeldik barrena eguerdian Lezora 14.00ak aldera heltzeko. Orotara, 40 lagunek hartu zuten parte tarte horretan.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Arde una planta de reciclaje de vehículos en Zornotza
Euskal Herria
Mugez gaindi, independentzia eskatu zuen Segik
Mundua
La FAO alaba la campaña «Hambre Cero» de Lula en plena precampaña electoral
Kirolak
Ante la escasez, reparto de puntos
Kirolak
Schuster nutre la leyenda de El Sadar como talismán suyo
Kirolak
«El Grillo» canta bajo el sol en Córdoba
Mundua
Veintitrés ciudadanos africanos mueren en su intento de llegar a Europa
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss