Mauletik abiatzen naiz, Xiberoko Botzan, Artzen, aroaren berri ematen ari direlarik. Azkorriaren gasna fina ematen duten azken soroak begien aitzinean ditut. Larzabalera iristean, kontrola. Abiadurarena omen da. Irigoien anaia traktoraren gainean, kepi bat, kepi bi heldu gogora Ainhizetik pasatzean. Heletara heltzean, kontrola, kepi banda, alkoholemiarentzat zitekeen. Mugaraino zenbait polizia auto ikusi ditudan erraten ez nekike. Bideetako segurtasuna omen. Okupazioa dirudi. Egia, hitz handia da Palestina eta Libanoko gertakariak ikusiz, baina zer hitz hautatu bestela?
Oren bat gelditzen da autodeterminazioaren alde eginen den manifara joateko. Hamar mila pertsona. Baionan noizko amets daiteke hamar pila pertsona autodeterminazioaren alde? Donibane Lohizuneko hondartzan ikurrina, baina ondoan frantses bandera handia, gauzak beren tokian atxiki behar dituzte.
Gazteak lanean aritu dira, hondartzaren bazterretan pintadak eginak izan dira eta ‘Herria ez da salgai’ mezua gero eta toki gehiagotan agertzen ari da. Lehergailuak eman dituztela; MAMen etxearen ingurua hartua izan da haren etxe ondoko zakarrontzian lehergailua aurkitu omen zutelako. Harrigarria ote? Egoera aldatzen ote da? Euskaldunok eremu zabalagoa al dugu gure herrian? Borrokatzeko nahikeria pizten duten baldintzak desagertu al dira? Noski, lehergailu horiek hegoaldean aurkitu izan baziren egungo prozesua zalantzan emanen zuten, alta, oroimenera ekartzen digute muga hertsietan gabiltzala, nahiz eta prozesua oso garrantzitsua izan, gure herriaren geroak ate berriak ireki beharko ditu, betiko eskemetan ez badugu erori nahi. Ken Loachen filmak nolako zepoak dauden gurean ere erakusten digu.
Bide kontrolak, joan-etorriak zaintzeko, politikariek joko maltzurretan jarrai dezaten.
Max Brissonen berri izan dugu. Aste honetan zioen Udalbideren dirua ez dela onargarri euskararen defendatzeko. Jaurlaritzarekin izenpetu hitzarmenean Udalbidetik ez zela deus gehiago pasako lortu du, Jaurlaritzak ekarriko dituen laguntzak hitzarmen horretatik pasatuko zirela. Hala, ziurra da euskararen aldeko gehiegikeriarik ez gertatzea. Halere, eta trufa dirudi, Seaskak behar dituen eraikinentzat hegoaldetik diruaren ekartzea onartuko du, hemen eraikin publikoak zor zaizkigularik eskaintzen dugun zerbitzu publikoaren- gatik. Azken adierazpenetan euskararen aldeko erakunde publikoak ez ditu falta diren irakasle postuak finantzatu nahi. Euskararen aldeko autobidea ez zaigu erakunde horretatik helduko. Badakite komunikatzen, egiten dituzten urrats guztien berri ematen, izugarrizko aldaketa ekartzen dutela sinetsarazteko, Seaskak eta AEK-k maila horretako komunikazioa balute, hedabideak itoko lituzkete.
Bideetako kontrolen gibelean helburu asko. Kepi bat kepi bi, xakurrak xakurtegian... -