XXI. mendeko gizakiak lehengo lepotik duela burua frogatzera datorren adarjotze potolo baina, itxuraz, tolesgabe horietako baten antzeztokia izan da gure ingurumarietako Interneteko mundu gero eta sasituagoa azken asteotan. Historian bi planeten artean eman den hurbilketarik handiena dela-eta, Ilargiaren tamaina bertsukoa ikusiko dugula Martitz egunotan, abuztuaren 27aren inguruko gauetan, hain zuzen, dio ordenagailutik ordenagailura, Powerpointeko aurkezpenez hornituta, zabaldu den trufak.
Ez da astronomian jantzia izan behar halako iragarpenaren aurrean sinesgogorra izateko. Gainera, berehala plazaratu dira adituak iruzurra salatuz: ez da egia egunotan bi planeten artean inolako hurbilketa berezirik dagoenik (datorren urteko Gabonetan izango da hurrengoa); erabili diren datu bakanak 2003ko abuztuaren 28an eman zen hurbilketari buruzkoak dira; eta, bidenabar, lurtarrok inoiz ez ditugu Ilargia eta Martitz tamaina bertsukoak ikusiko, ezta gutxiagorik ere, geure planetan gauden bitartean behintzat. Argibide gehixeagoren bila jo duenak, bestalde, berehala igarriko zuen hain zuzen orain urtebete Estatu Batuetan behintzat biziro hedatu zen “Mars Spectacular” mezu-katea iruzurtiaren berrargitalpen eguneratua (eta gizendua) baino ez dela aurtengoa.
Ziri itxurosoek nahitaezkoa duten egia apurra ez ezik garai aproposa ere aurkitzeko gauza izan dira trufariak ordea, eta horrek berak susmarazten du jakinaren gainekoak direla. Egunotan bertan betetzen baititu urteak 1835eko abuztuan New York Sun egunkariak argitaratu zuen iruzur ospetsu hark: sei egunez, J. Herschel, garaiko astronomo ospetsuenak, teleskopioz Ilargian ikusi berriak omen zituen gizontxo, animalia, zuhaitz eta itsasoen argibide konplituak eskaini zizkien bere irakurleeiŠ egunkari sorberriaren salmentak zeruetaraino goraltxatuz, esaten denez.
Aurrekari horren egitura aintzakotzat hartuz edo, egungo adarjotze hauen xedea ere diru irabazpidea litzatekeela deritzote askok. Ez dakit hala den kasu honetan. Hurkoaren bizkarretik barre puska bat egitea ere ez da ezohikoena gizakion artean. Eta litekeena da, baita ere, nola edo halako esperimenturen baten osagai izatea.
Hala balitz, gustatuko litzaidake horretan ari direnak zein konklusiotara heltzen diren jakitea. Martitzen hurbilketak jakitea baino gehixeago. -