GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak 2006-08-28
Isabel Urretabizkaia - Aise zentroko kidea
Psikologoak, noiz eta zergatik?

Gizakien portaeraren behaketak ahalbidetu du psikologiak egin duen bereizketa egitea, hau da, giza jokabidea «normala» eta «anormala» edo «gutxitua» noiz den mugatzea eta horri esker psikopatologiari sorrera eman zaio. Jarduera psikologikoan, zenbait kasutan oso erraza da normala-anormala-gutxitua bereiztea, baina beste zenbait kasutan ez da hain erraza izaten bereizketa egitea, aldagai askoren menpe daude-eta.

Eguneroko bizitzari ezin zaionean aurre egin, gozamenerako gaitasuna murriztuta dagoenean, ardurak hartzea kosta egiten denean... depresio, beldurrak, antsietatea, obsesioak, konbultsioak, gehiegikeriak... agertzen direnean errazago erabakitzen da psikologoarenga joatea.

Eguneroko bizitzari aurre egiterakoan, norberaren ardurak, konpromisoak, gustuko jarduerak bai sozialak, lanekoak, ikasketak, gizartekoak, aisia-kulturalak, familiakoak, lagunak... egin eta dena ondo doala dirudi, baina gustura geratzea lortzen ez denean, norberaren barnean deserosotasuna nagusitzen denean, sortutako itxaro- penak bete ez direnean, egindako eta lortutakoarekin eta bizitzarekin bat egitea antsiogeno bihurtzen denean, norberaren buruari galdetzen diogu modu orokorrean eta ez zehatzean: zer gertatzen zait?

Bizitza honetan kontzientzia eta balio sozialak, ideologia politikoak, borroka pertsonalak nahiz sozialak sosegurik ematen ez duenean eta norberaren izaera, funtsa, eginbeharra, pertenentzia etab. krisian sartzen denean, aztoramen fin-fina nagusitzen da, psikologikoa eta soziologikoa dena filosofiko bilakatuz. Bilakaeraren une horretan irtenbide ugari hartzen dira... arruntena agian etsipena eta kontsumismoa.

Hona ailegatzea erabakigarria da eta une egokia izan daiteke barrukoa husteko. Gizarte indibidualista eta globalizatzaileari aurre egiteko beste era bat izan daiteke identitate pertsonalarekin leial izatea eta era berean pertsonalizazioa eta aniztasuna bermatzea.

Noiz komeni da joatea

Ezintasuna sentitzen hasten denean baina ezinera ailegatu gabe.

- Haurtzaroan: ikasketek, gizarteratzeak... mota askotako arazoak islatzen dute: funtzionalak, emozionalak, gainditu beharreko bizi-egoerak...

- Gaztaroan: harremaneko zailtasunak, ikasketak, aise ohiturak, banakotasun prozesuaren erak, senitartekoekin harremanen kalitatea, hartu beharreko erabakiak...

- Heldutasunean: bikotea, gozamenerako esparru txikiegia, seme-alabak, sexualitatearen adierazpen ugariak, norberaren bizitza mota aukeratzea, langabezia, asertibitatea, mendetasuna, ohitura txarrak, sintoma txarren sorrerak, mugan egotearen sentipena.

Zahartzaroa: psikologikoa dena filosofiko bihurtzen den aroa eta hala ez bada, psikologikoa denak transzendentzia handia hartzen duen aroa. Adin emankorra lanketa pertsonala egiteko, bizi izandako poztasunak, tristeziak, agoniak, ezinak, dueluak... egungo sosegua, neurriko oreka... bat egin datorrenari aurre egiteko, zahartzaroak berez duen jakinduriari etekina ateratzeko izandako bizitza osoarekin nagusitasunez bukatzeko.

Noiz joan behar da

Ezinera ailegatu baino lehen komenigarria da, baina nahitaez bihurtzen da ezinera ailegatzean, une horretara ailegatuta, pertsonaren oinarrizko aldagai psikologikoak ahulduta ager daitezke eta etsipena nagusitzen da.

Egoerak ez dira errazak izaten kontrolatzeko-manipulatzeko, batez ere norberaren esku bakarrik ez daudenak, baina egoera zail horiek eramateko ardura, konpromisoak, antolaketa etab. bai, egokitu daiteke, baita egokitzapen aberasgarriak izan ere. Aldaketak beti ez dira posible, agian oso gutxitan, baina antolaketa sortzaileak posible dira, horregatik desadostasunak ez dira beti konpontzen aldaketak sortzen baizik eta dagoenaren egiturak edo sareak edo... berrantolatzen.

Adibidetxo bat, eta eremu pertsonalean gertatu zena, ez eremu politikoan ezta sozialean ere. Duela 20-15 urte langabeziak sortzen zuen eragina pertsona bakunarengan oso larria zen, pertsonak senti zitzakeenak baliogabetzen zuen bere bizitza, umiliazioa, gauzaeza, dohakabea, ez zela gai ezta lana egiteko ere, ez zekiela bizitzari aurre egiten, lan munduan tokirik ez bazuen bizitzan ere ez zuela izango eta ezagutza horrekin bere autoperzeptzioa, bere autoestima jasotzen zuen desoreka itzela gertatzen zen. Pentsamendu politikoak eta antolaketa sozialak langabeziari aurre egin zion erantzukizun kolektiboa bihurtuz eta borroka bidea bihurtu zuen, honek pertsona bakoitzari bere duintasuna itzuli zion, biktima izatetik subjektu aktibo izatera pasatu zen, lan egoerak eta bizitza propioak zeregina aurkitu zuten, boterezko interes ekonomizista eta politikoak aparte utzita analisi honetan.

Egun badira duintasunik gabeko egoera pertsonal eta sozial asko, aurreiritziak, ezjakinak, lotsak, nagusitzen ari den nonokeriak... sortuak.

Noiz ez da komeni

Kasu psikopatologikoak albo batera utzita, lanketa edo prozesu terapeutikoa longitudinala denean eta fase berean baina ikuspuntu desberdinean denbora luzez aurkitzen diren pertsonak, eta batez ere prozesu bat igaro ondoren gai ez denean norberaren bizitzaren kontrola eramateko, psikologo-figuraren beharra sentitzen denean, menpekotasuna egituratuta dagoenean.

Norbera bere miseriak aireratzeko gai denean dramatismo eta biktimismorik gabe .

Era berean, gertatzen da psikologian egiten edota plazaratzen den lana penagarri-barregarri izatea. Duela ez asko berriemaileek esan zuten bi psikologo israeldarrek metodo bat asmatu zutela, Hezbolako milizianoek jaurtikitzen zituzten suziriek lo egitea eragozten baitzioten israeldar populazioari, estresa eta antsietatea sortuz. Zer da, bada, gure presoek beraien ziegetan jartzen dituzten mendietako, itsasoko edo lagun-famili- etako argazkiak eta posterrak? Zerekin lokartzen dira? Zein da gauaren iluntasunari goxoa ematen dion irudia? Baina kanpokoen aferetaz hitz egiten da.

Hala eta guztiz ere, niri orain ez dit lotsarik ematen psikologoarengana joaten naizela esateak. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Arde una planta de reciclaje de vehículos en Zornotza
Euskal Herria
Mugez gaindi, independentzia eskatu zuen Segik
Mundua
La FAO alaba la campaña «Hambre Cero» de Lula en plena precampaña electoral
Kirolak
Ante la escasez, reparto de puntos
Kirolak
Schuster nutre la leyenda de El Sadar como talismán suyo
Kirolak
«El Grillo» canta bajo el sol en Córdoba
Mundua
Veintitrés ciudadanos africanos mueren en su intento de llegar a Europa
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss